Bertan aurki ditzakegun gazteak kritikoak dira euren inguruarekiko, ehundaka ordu pasatzen dituzte kultura herrikoiaren alde, garapen jasangarriaren alde, espekulazio inmobolioarioaren aurka eta gure gizartean eragina duten beste hainbat arazori ebazpena emateko lanean. Lan guzti honek gazte hauen antolamendu gaitasun handia erakusten digu, gai dira beraiena den gune baten kudeaketa aurrera eramateko, ekintza ugari antolatzeko eta gainera denbora eskeintzen diote kapitalismoaren eta inguratzen dituzten gizarte errealitatearen salaketari. Oso garbi esan behar da gainera Euskal Herriko gazteriaren artean borrokako lehen lerroan aurkitzen diren pertsonak direla, zuzenduko dituzten zuzendaritza politiko argi bat gabea baina mezu garbi bat dutena, hau da, gauzak aldatu nahi baditugu beharrezkoa dela hilzorian aurkitzen den eta belaunaldi berriei etorkizun duin bat eskeintzeko gai ez den
sistema ustel honekin amaitzea.
Euskal Herriko marxisten lanetako bat gazte preiraultzaile hauek marxismo iraultzailearen borroka tresnekin armatzea da, gure ideietara eta gure gizartearen azterketara eramatea lortu eta gazteriaren batailako lehen lerro bilakatzea da. Hori lortzeko modua bigarren mailakoa da: hitzaldiak, hau bezalako aldizkariak,…
Orain Euskal Herriko gaztetxeak eta gazte asanbladak batu egin dira beraien interes komunak defendatzeko eta beraien eskubideen alde elkarturik borroka egiteko. Euskal Herria Sozialistatik baikortasun handiarekin agurtzen dugu gaztetxeen batasunerako prozesu interesgarri hau, 100 gaztetxe elkartzea nahiz eta soilik hitz egiteko izan edota publikoki pairatzen ari diren mehatxua salatzeko izan positiboa da. Iruñea edo Bilbo bezalako hirietan batasuna jada existitzen da eskualde mailan, eta eskuratzen ari diren borroka potentziala izugarria da. Iruñean, espazio mota hauen alde, 7000 gazte baino gehiago bildu dituzten manifestazioak burutu dira, eta Iruñerriko herri eta auzo bakoitzeko asanbladek euren barnean 300 gazte baino gehiago biltzen dituzte. Borrokarako eta ikasteko gogo izugarria duten gazteak dira. Beraiengana hurbiltzeko esfortzua egin behar dugun gazteak dira, euren gaztetasuna dela ere gune hauen kudeaketan eta borroka sozial ugaritan parte hartzen urte asko daramatzaten pertsonak. Euskal Herriko gertakarien norabide politikoak itxaropena galtzera eraman dituen gazteak, politikari handiak bakeaz eta soluzioez hitz egiten ikusten dituztenak, beraiek epe motzeko lanak, errepresioa (Iruñerriko 300 gazte baino gehiagori isunak jarri eta salatuak izan dira azken bi urteotan), ordain ezinezko etxebizitzak… ikusten dituzten bitartean. Borroka egiteko beste modu bat dagoela esan behar zaie, kalean masen mobilizazioekin, ikas-zentruetan,… marxismo iraultzailearen ideiekin.
Gune hauek pausu bat gehiago eman dute, apiril honetan eta maiatzaren hasieran bizikleta martxa bat antolatu dute Euskal Herri guztitik barna, Iruñean maiatzaren 7an bukatuko dena festa egun handi batekin, 10000 gazte baino gehiago bilduko dituela espero delarik.
Euren manifestuan bikain dioten bezala “egun guztiak dira udaberri Euskal Herrian, non-nahi loratzen dira lore berriak (gaztetxeak) nahiz eta batzuk berauek zimeltzen saiatu”. Lore guzti hauek elkarrekin lan egiteko gai badira marxismoaren ideiak bereganatuz, negua etorriko zaio kapitalismoari eta kultura eta giza garapeneko garai handi bati emango zaio hasiera aldi berean. Berandu baino lehen kapitalismoa garaiturik eroriko da eta prozesu horretako borrokan zeresan handia izango dute Euskal Herriko gaztetxeek.