Autogestionaturiko lokal munizipalak herri eta auzo guztietan!

Etxe kaleratzerik ez! Etxebizitza publikoen parkea, alokairu sozialekin, bankuen eskuetan dauden etxebizitza hutsak desjabetuz

 

Larunbatean, ekainak 3, 8.000 lagun inguru mobilizatu ziren Gasteizen Errekaleor auzoaren defentsan. Andra Maria Zuriaren plazan hasi zen manifestazioa eta hamahiru zutabek jarraitu zuten. Zutabe horiek auzoak, kolektiboak, borrokak, langile mugimendua, gazte mugimendua, mugimendu feminista etab. ordezkatzen zituzten. Errekaleor auzoan bertan bukatu zen manifestazioa, Berri Txarrak taldearen kontzertu sorpresa batekin.

Haserre handia eragin dute maiatzaren 18an Industria sailak auzoa argindarrik gabe uzteko hartutako erabakiak, zenbait zauritu eragin zituen Ertzaintzaren errepresioak, hiru atxilotuek eta EAJren eta, batez ere Gorka Urtaran alkatearen zinismoak. Alkateak berak auzoa suntsituko duela iragarri du baratze ekologiko bat egiteko, eta Errekaleor defendatzeko mugimendua kriminalizatu du kale borrokarekin lotu eta antisistema direlako negoziatzera ukatu ostean. Kultura, musika eta kirol arloko 141 pertsona ezagunek babestu dute auzoa eta diru bilketa handi bati ekion diote, auzoa argiztatzeko eguzki plakak jartzeko behar dituzten 100.000 euroak lortzeko. Bi egunetan, 12.000 euro lortu dituzte.

2013ko irailean, ikasle talde batek autogestiozko esperientzia bultzatzea erabaki zuten, bizilagunen elkarlanarekin Errekaleorren etxe bizitza hutsak okupatuz eta eraberrituz, baratzeak eginez, zinema, liburutegia, frontoia eta ekitaldi kultural mordoa martxan jarriz. Modu honetan, erabateko eraldaketa eman zitzaion, 50eko hamarkadan langile familiak pilatzeko eraiki zuten auzo bati. Egun erabat utzirik zegoen, eta apurka erortzen ari ziren etxe hutsak. Urte gutxiren buruan, gazteriaren lanaren ondorioz autogestioaren eta eztabaidaren erreferentziazko gune bilakatu dute auzoa: eduki sozial zabala eman dute, Martxoaren 3ko borroka omendu dute, etab. Etxe bizitzaren beharra duten 150 pertsona inguru bildu ditu auzoak, eta espazio hutsak okupatuz joan dira. 

Burgesiak ezin du onartu horrelako iniziatibak egotea. Horregatik PPk aurreko urteetan hainbat saiakera egin zituen auzoa desalojatzeko. 2015ean argi mozketa egiten saiatu zen, helburua lortu gabe. Orain EAJk PPren testigua hartu du eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin auzoa desalojatzeko eta eraisteko lanetan dabil. Gorka Urtaran alkateak, mugarik ez duen jarrera ziniko batean, argi esan du auzoa eraisteko agindua eman duela, zertarako eta bertan baratze ekologiko batzuk eraikitzeko. Hori gutxi ez eta Errekaleor Bizirik kriminalizatzen dabil etengabe: Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu, bi ikertu eta hainbat zauritu zituen argi mozketaren saiakeran, kale borroka egotzi diete behin baino gehiagotan eta antisistemak direlako ez dutela negoziatu nahi ere esan du... Hori guztia berak argi utzi duenean auzoa eraistea ez dela negoziagarria!

Ezinegona eta samina handiagoa da kontuan hartzen badugu Gasteizko udalean EAJk bost zinegotzi besterik ez dituela eta Udalaren buruan ezkerraren botoei esker dagoela, EHBilduk Maroto kanporatzeko eginiko iniziatibari esker. EAJ bera da hezkuntzako eta Osakidetzako langileekin negoziatzeari uko egiten diona, Gasteizko herri harresia erreprimitu zuena eta beste behin errepresio hori erabili duena Errekaleorreko auzokideen aurka.

Egunez egun, EAJk eta PPk geroz eta argiago erakutsi behar izan dute klase interes berberak dituztela, bai espainiar gobernuan bai Eusko Jaurlaritzan, biek duten ahultasunaren ondorioz. EAJk salbatu du ustelkeria kasuez hondoraino zikindurik dagoen PPren Madrileko gobernua. Era berean, PPk bere bozkekin lagundu zion Kongresuan taldea eduki zezan, Eusko Jaurlaritzaren murrizketen aurrekontu antisozialak aurrera ateratzea baimendu zion, gero EAJk berdina egin zezan Madrileko aurrekontuekin, zamaketarien aurkako erasoekin, etab.

Akordio horiek ez dira berriak. Bere garaian Arzallusek Aznar babestu zuen behar izan zuen, eta baita Zapatero ere. Kontuan hartu behar da, akordio hau ez dela azken momentuko inprobisazio huts bat izan; hilabeteak eraman dituzte hori prestatzen. EAJk argi eta garbi utzi du, Andoni Ortuzarrek esan ohi duen bezala "konplexurik gabe", eskuineko alderdi bat dela. Argi utzi du euskal burgesiaren interesen defendatzaile leiala dela, eta honek burgesia espainiarrak eta europarrak defendatzen duen sistema berbera defendatzen duela, merkatu, interes eta lotura ekonomiko berberak tartekatuz. Eurentzat hori gailentzen da guztiaren gainetik honelako momentu klabeetan. 

Errekaleorren aldeko mugimendua eta mobilizazioa, borroka zabalago baten eta berberaren zatia da: hezkuntza eta osasungintza publikoan nahiz RGIan aplikatzen diren murrizketen aurka, langile auzoen egoera benetan tamalgarriak hobetzearen alde, ez baitira istripu hutsak Zorrotza auzoan gertatu berri den tragedia bezalakoak (aldez aurretik iragarrita zegoen, gainera). Era berean, ez dira istripu hutsak lantegietan azpikontrataturik eta egoera prekarioenean lan egin behar duten langileen heriotzak ere. Erraustegiaren, AHTren eta negozioaren eta irabazien izenean gure osasuna eta ingurumena suntsitzen duten obren eta inposaketen aurkako borroka... eta orokorrean errepresioaren aurkako borroka eta bizi baldintzak hobetzearen, konkista sozialak defendatzearen aldeko borroka bat eta berberaren zatia da.

Hori dela eta, beharrezkoa da borroka guztiak elkartzea eta greba orokorrarekin erantzutea, garaipena lortu arte jarraituko duen mobilizazio egutegi bateratu batekin. Kolektibo eta indar sozial guztien ekintza batasuna bultzatzea, maila ezberdinetan, auzo, institutu, unibertsitate eta lantegietako borrokak antolatzea eta hori programa iraultzaile batekin aurrera eramatea da bidea, horri guztiari autodeterminazio eskubidearen aldeko eta sozialismoaren aldeko borroka elkartuz.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.