Ingurumenaren suntsipenaren aurkako borroka biziraupen kontua bihurtu da. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) klima aldaketari buruzko azken txostenaren arabera, “gizateriak 12 urte baino ez ditu hondamena saihesteko”.

2019. urtea beroena izanen da 1850az geroztik. Eta hurrengo bost urteotan tenperatura altuagoak aurreikusten dira. Ozeanoak oxigenoa galtzen ari dira, datozen zortzi hamarkadetan itsas-mailak metro erdi bat gora egingo du, egur eta laborantza industriak baso-tropikalak (Amazonian bezalaxe) ustiatzen ari dira suteak eraginez eta Artikoa zein Groelandia izotzik gabe geratzen ari dira etengabe.

Ez dago irtenbiderik kapitalismoan

Egoerak okerrera egin du, noiz eta aurrerapen zientifikoek klima aldaketa geratu eta mundua modu jasangarriz bermatzen ahal dutenean. Nolatan da posible? Arrazoia argia da: sistema kapitalista bankarien, kapitalista handien eta espekulatzaileen irabazi ekonomikoak bermatzean oinarritzen da, langabezia masiboaren, prekarietatearen, hezkuntza eta osasunaren pribatizazioaren edo ingurumenaren suntsipenaren  kontura.

Munduko gobernu kapitalisten hipokresiak ez du mugarik. Klimaren aldeko goi bilerak antolatu eta ingurumenaren aldeko neurriak erabakitzen dituzten bitartean,  meategi-, petrolio-, gas-, siderurgia- edo argindar enpresak adostutako neurriak bete ez eta egoera okerragotzen dute.

Kiotoko Protokoloak merkatu bat sortu zuen emisioak erosi eta saltzeko. Herrialde batek gutxiago kutsatuz gero, soberazko emisioak saldu ditzake, eta horrela jarrai dezake planetaren tenperatura igoarazten eta planeta pozoitzen. Logika ero horrek “etorkizun klimatikoak” direlakoak sortarazi  ditu, hau da, Burtsan kotizatzen diren balio espekulatzaileak: 2005az geroztik, 9.700 milioitik 45.200 miloietara pasa dira.

“Kapitalismo ekologikoaren” iruzurra

Herritar gehienen ongizateak talka egiten du esku gutxietan diren natur- eta energia- baliabideen jabetza pribatuaren kontra.

Stanford Unibertsitateko Mark Z. Jacobsonek gidatutako txostenaren arabera, 2030. urterako haizeak, urak eta eguzkiak sor lezakete  munduko energiaren %100. Hala ere, kapitalistek, ez dute inongo interesik horretarako behar diren inbertsioak egiteko. Nahiz eta ekosistemak suntsitzen jarraitu, nahiago dute egungo mozkinak izatea.

Hainbat hamarkadatan hauxe izan da diskurtso nagusia: “kapitalismoa erreformatu behar dugu, ekologikoago bihurtzeko”, eta bide batez, herritarrei aurpegiratu zitzaien haien kontzientzia falta “kontsumo arduratsua” ez izateagatik. Arrazoi horiek egia estaltzen dute: gehiengoak ez dugu inolako erantzukizunik hondamendi honetan, baizik eta mundua menderatzen duten elite ekonomikoak eta politikoak du ardura osoa.

Europako hainbat herrialdetan, “alderdi berdeak” saiatu dira bere burua aurkezten irtenbide gisa. Egia esan, alderdi horiek, gobernura kapitalisten ministerioetako eserlekuak eskuratu dituztenean, murrizketak, errefuxiatuen aurkako erasoak eta NDFk eskaturiko lan kontrarreformak babestu dituzte inongo lotsarik gabe, ingurumena kaltetzen. Horixe bera gertatu da Suedian, Alemanian eta Irlandan.

Estatu espainiarrean, PSOEren gobernuak aipatu du “Trantsizio ekologikoaren agenda” jartzeko beharra. Hala ere, Pedro Sanchezek klima aldaketaren aurka benetan borrokatu nahiko balu, aurre egin beharko lieke botere ekonomiko handiei, energia eta elektrizitate enpresak desjabetuz eta publiko eginez . Politikan ekintzek balio dute, ez hitzek.

Kapitalismoa suntsitu planeta salbatzeko

Konponbidea ez da kapitalismoa hobeto kudeatzea. Hori utopia atzerakoia baino ez da. Planeta hondamen ekologikotik salbatuko bada, beharrezkoa da monopolio handien eta espekulatzaileen eskuetan diren palanka ekonomikoak desjabetu eta nazionalizatzea.

Meatze-, petrolio-, argindar- eta garraio-multinazionalak nazionalizatu eta langileen kontrol demokratikopean jarri beharko lirateke, behar sozialak modu arrazionalez eta  ingurumenarekiko errespetuz asetzeko. Horrela egiazko iraultza ekologiko bati hasiera emanen genioke, aparatu produktiboa irauliz eta lanpostu berriak sortuko dituzten industria garbiak sortuz.

Ezker Iraultzaileak eta Ikasle Sindikatuak gure indar guztiarekin antolatu genuen pasa den martxoko 15eko ikasle greba orokorra; bertan ehunka mila lagunek parte hartu zuten. Orain gauza bera eginen dugu irailaren 27ko nazioarteko greban. Sinestuta gaude hau bezalako borroka ezin dela bereizi azken urteotan borrokatutako aldarrikapen sozialetatik.

Nazioarteko mugimendu handi bat altxatu beharra daukagu, gazteok, langileok eta zapalduok batuta, egiazko aldaketa gerta dadin ingurumenaren, enpleguaren, soldaten eta zerbitzu publiko duinen alde. Eta hori lortze aldera, zapalketa kapitalistarekin bukatu behar da, egiazko demokrazia eta justizia soziala izan dezagun: gizarte sozialista bat. Horrela bakarrik iraungo du gure planeta zoragarri honek.

Afilia zaitez Ezker Iraultzailean mugimendu ekologista, antikapitalista eta iraultzailea eraiki dezagun!

- Energia eta erregaiak ekoizten dituzten multinazionalak nazionalizatu, langileen kontrol demokratikopean: argindar-, meategi-, petrolio-, gas- eta eguzki-enpresak. Zentral nuklearrak itxi. Inbertsio plan publikoa %100eko industria energetiko eta jasangarria izateko, lanpostu berriak sortuz eta egun direnak bermatuz. Pobrezia energetikoari ez!

- Kalitatezko eta doako garraio publikoa eta ekologikoaren alde. Inbertsio masiboa hiriak %100 jasangarriak izan daitezen.

- Automobil, aeronautika eta ontzigintza industriaren nazionalizazioa eta horien eraldaketa ekoizpena bideragarria eta ez-kutsagarria izan dadin.

- Lurraren, abeltzaintzaren eta elikagai prozesamenduen industriaren nazionalizazioa. Ozeanoen ustiatze kapitalistari ez! Elikadura jasangarri, ekologiko eta osasuntsuaren alde, gizarte osoarentzat!

- Birziklatzerako enpresa publikoak, langileon kontrol demokratikopean. Aski da negozioak egitea ekologismoarekin!

- Langileen eta gazteen osotasunaren kontrol demokratikopean planifikaturiko ekoizpen jasangarria! Munduaren eraldaketa sozialista eta ekologikoaren alde!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.