Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeriaren aurka
Gure osasunarekin eta etorkizunarekin ez da jolasten!

Eusko Jaurlaritzak atzera egin behar izan du maiatzaren 18rako klasera itzultzeko egin zuen aginduan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak iragarri zuen maiatzaren 25era atzeratzen zutela ikastetxeen irekiera, Espainiako Gobernuak ez zuelako beharrezko estaldura juridikorik eman, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren proposamena onartu zuen. Baina errealitatean, ikasleek, langileen sindikatuek eta familiek desastre honen aurka egin dugun presioa izan da atzera egitera behartu dituena.

Ikasle Sindikatutik oso argi daukagu: esan genuen ez ginela klasera itzuliko maiatzaren 18an, eta ez gara itzuliko 25ean ere. Ikasle greba mugagaberako deialdia mantentzen dugu eta dei egiten diogu hezkuntza komunitatearen osotasunari elkarrekin aurka egin diezaiegun ikasturte honetarako itzuleraren eta Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzan dagoen EAJren arduragabekeriari eta maniobrei. Ez dute benetako aldaketarik planteatu. Ez da inolako neurririk hartu gure segurtasuna bermatzeko, eta gainera, orain "ikastetxeen ustezko autonomiara" jotzen dute, ondorioak ikastetxeen gainean ezarriz. Benetako krimena da! Gure osasuna eta hezkuntza ez zaizkio batere axola Eusko Jaurlaritzari.

Klaseak presaka hasi nahi izateko arrazoia oso zehatza da: Ekonomia %100ean aktibatu nahi dute enpresari eta bankari handien irabaziak ez kaltetzeko. Arantxa Tapia EAJko garapen ekonomikoko sailburuak argi zioen: " lan egin behar da, industrian, merkataritzan edo eraikuntzan egin zen bezala". Nekane Murga EAJko Osasun sailburuak berriz azpimarratu zuen, ikasgeletara itzultzeak gazteei "behar den diziplina soziala" irakasteko ere balioko lukeela.

Gure osasuna ala gure notak? Aski da, xantaiarik ez!

Eusko Jaurlaritzak nahiz Madrilgo Gobernuak beste alde batera begiratzen dute hezkuntza komunitatearen oposizio orokorraren aurrean, arduragabekeria hau salatzen dugunean. Ez dute onartu nahi hilabeteak direla jada ikasturtea amaitu zela. Ez dira gai izan irakasgaien eta irakaskuntza-metodoen edukiak egokitzeko, eta ez dute baliabide materialik bermatu, ezta irakasle gehiago kontratatu ere, langile familietako ikasleak jasa dugun bazterkeriaren aurrean. Orain, ikasgeletara itzultzea inposatu nahi dute, azterketak egiteko helburu hutsarekin.

Ikasleak ataka baten erdian estutu nahi gaituzte. Aukeratzera behartzen gaituzte azterketak, notak eta gure etorkizunaren edo gure osasuna arriskuan jartzearen artean. Ezin dugu xantaia hau onartu. Horixe da EAJren logika klasista: hezkuntza publikoa murriztea, ikasle xumeenen aurka doan oztopo-lasterketa batean bihurtzea eta, horrela, langile familiak hezkuntza-sistematik kanporatzea. Ezin dugu onartu!

Gure osasuna arriskuan jartzea, estres gehiago gehitzea, ikasleak ikasturtea errepikatzeko arriskuan egotea edo hezkuntza-sistematik zuzenean kanporatuak izatea eragotzi dezakeen irtenbide bakarra da klasera itzultzea berehala bertan behera uztea, ikasturtea amaitzea eta hirugarren ebaluazioko azterketak eta selektibitatea bertan behera uztea, unibertsitate publikora sartzeko mozketa notak kenduta eta karrera guztietan plaza nahikoak bermatuta horiek egin nahi dituzten guztientzat.
Maiatzaren 25etik aurrera, denak grebara!

Hezkuntza publikoaren erreskate plana behar dugu

Argi geratu da EAJrentzat hezkuntzak patronalen interesen zerbitzura egon behar duela eta, beraz, hezkuntza publikoak ez duela inolako lehentasunik. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritza hartzen ari den erabakiek -eta Gobernu zentralaren oniritzia izanik- ez dute inolako planik aurreikusten hezkuntza publikoa behar dituen baliabideez hornitzeko. Itxura guztien arabera, kontrako norabidean doa.

Zer gertatuko da datorren ikasturtean? Hezkuntza publikoaren finantzaketa errotik handitzen ez bada, milaka irakasle kontratatzen ez badira, ikasgelako ratioak nabarmen jaisten ez badira, instalazioak hobetzen eta zabaltzen ez badira… hondamendiak ondorio latzak izango ditu eskola publikoan eta, beraz, langile familien bizi baldintzetan.

Hori dela eta, Ikasle Sindikatuak berretsi egiten dugu klaseetara itzultzearen aurkako jarrera irmoa, eta dei egiten diegu langileen, ikasleen eta gurasoen sindikatu eta eragileei maiatzaren 25etik aurrera elkarrekin hezkuntza-greba mugagabea deitu dezagun, ikastetxe guztiak itxita mantendu daitezen, eta Eusko Jaurlaritzari exijitzeko gure aldarrikapenak bete ditzala:

1. Klasera itzulerari ez! Ikasturtea berehala amaitzea! Ezin da ikasleen eta hezkuntzako langileen osasuna bermatu. Ikasketa-planak berrantolatzea, hurrengo ikasturtean aurrez aurre egin ezin izan ditugun funtsezko edukiak berreskuratzeko.

2. Ikasle guztiek ikasturtean mailaz igotzea. Ikastetxe guztietan, salbuespenik gabe, ikasturteko batez bestekoa lehen bi ebaluazioekin egin behar dute.

3. Hirugarren ebaluazioko azterketa guztiak eta selektibitatea bertan behera uztea. Unibertsitatera sartzeko gutxieneko notak kentzea. Ikasi nahi dugun karreran behar adina plaza bermatzea guztiontzat.

4. Kalitateko hezkuntza publikoaren alde, euskaraz eta doan. Hezkuntza publikoa erreskatatzeko plan bat berehala abian jartzea –haur eskolatik unibertsitatera -, denboran iraungo duena eta honako hauek jasoko dituena:

• Murrizketa guztiak atzera itzultzea. Irakasleak masiboki eta berehala kontratatzea eta bitarteko irakasleentzat milaka lanpostu finko sortzea.

• Ratioak irmoki jaistea ikasgela bakoitzeko 15 ikaslera, gure osasunerako segurtasun-neurriak eta banakako arreta bermatzeko, ikasgelak ixteagatik ikasi ezin izan ditugun edukiak ahalik eta lasterren berreskuratu ahal izateko.

• Bekak irmoki igotzea eta legez bermatzea familia langileentzat hezkuntza erabat doakoa izatea haur-hezkuntzatik unibertsitatera.

• Euro publiko bakar bat ere ez Eliza katolikoari, ezta irakaskuntza pribatuko enpresaburuei ere.

• LOMCE, Heziberri eta kontrarreforma klasista guztiak indargabetzea.

Lanbide Heziketa

1. LHko ikasle guztiok udako hilabeteetan edo irailean egin ahal izatea gure praktikak osorik, behar diren ordu guztiekin, tasarik berriro ordaindu gabe, ordaindutako praktikekin eta, aurten beka izan dutenak hori mantentzea.

2. Goi-mailako ikasketetan sartzeko titulua behar duten ikasleek azken ebaluazioko irakasgaiak eta praktikak proiektuekin edo ziklo-amaierako lanen bidez baliozkotu ahal izatea.

3. LHko ikastetxe guztiak sare publikoan sartzea, irakasleak irakaskuntza publikoko langile bihurtuz eta doakotasuna eta behar diren plaza guztiak bermatuz. Doako Lanbide Heziketa publiko eta kalitatezkoaren alde. Arrakala digitalarekin amaitu eta kalitatezko prestakuntza bermatu, beharrezko baliabide material eta teknologiko guztiekin batera.

Unibertsitatea

1. Ikasle bakar bat ere ez dadila unibertsitatetik kanporatua izan. Ikasle guztiek gai dena eskuratu eta mailaz igo behar dute, eta online azterketak egin eta aurkezteko moduan daudenek nota hobetzeko aukera izatea.

2. Bigarren seihilekoko unibertsitateko matrikulak osorik itzultzea eta martxotik aurrera alokairuen eta unibertsitateko egoitzen dirua itzultzea.

3. Baliabide gutxien dituzten ikasleen aurkako zigorrik ez! Bigarren, hirugarren eta laugarren matrikula gehigarriak kentzea.

4. Beka plana irmoki igotzea eta beka eskuratzeko nota 5era jaistea. Aurten beka bat lortu duten ikasle guztiek datorren ikasturtean hori mantentzea.

5. Unibertsitate publikoa erreskatatzeko plan bat abiaraztea, doako eta kalitateko hezkuntzarako dugun eskubidea bermatzeko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.