Denak mobilizazioetara
Auzitegi Nazionalak Pablo Hásel rap abeslaria bederatzi hilabete eta egun batez kartzelan sartzeko agindua eman du. Auzitegi honek gure adierazpen askatasuna zapaltzen jarraitzen duen bitartean, errege emeritua aske dabil persiar Golkoan, legez kanpoko komisioetan, iruzur fiskalean eta ustelkerian oinarritutako dirutzarekin. Hau da 78ko erregimena, egunero gazteria kriminalizatzen duena eta faxistak, errege lapurrak, torturatzaileak eta politikari ustelak zigorrik gabe uzten dituena.
Espainiar Estatuko auzitegiek birritan inputatu zuten Pablo Hásel, "Koroa iraintzeagatik". Lehenari, 2015eko martxoan, bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Bigarrena, 2018ko otsailean, bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe kondena eta 24.000 eurotik gorako isuna ezarri zioten. 2020ko maiatzean, Auzitegi Gorenak epaia berretsi zuen, eta abuztuan 20.000 euroko fidantza ordaindu ezean, kartzelan sartzeko eskatu zuen.
Hau da, guztira bost urteko kartzela-zigorra ezarri zaio gertakariek baieztatu duten egia esateagatik. Juan Carlos Borboikoa eta bere familia leporaino daude eta euren aberastasun ikaragarria ustelkeriaren, negozio zikinen eta legez kontrako komisioen bidez eraiki dute. 78ko Erregimena bera da muineraino ustelduta dagoena eta oligarkiaren interesak babesteko baino ez du balio. Horretarako dago gure eskubide demokratiko eta sozialak zapaltzen dituen frankistez betetako aparatu judizial eta polizial hau.
Lotsagarria da. Koalizio Gobernuak, PP, Cs eta Vox alderdien babesarekin, errege emerituari herrialdetik ihes egiten uzten dion bitartean, espetxeratu, zigortu eta errepresaliatu egiten dituzte raperoak, txiolariak, sindikalistak, ezkerreko militanteak eta sistema honen aurka borrokatzen duten gazte asko. Hásel eta Valtonyc, Altsasuko gazteak, Willy Toledo, Cassandra Vera, Alfon, dozenaka sindikalista etengabe eraman dituzte epaitegietara azken urteotan Monarkia edota erlijio katolikoa kritikatzeagatik, muntaia polizialengatik edo langile klasearen eskubideen alde borrokatzeagatik.
Hori guztia gertatzen da "historiako gobernu aurrerakoiena" deritzonak olatu errepresibo honekin amaitzeko ezer egin gabe. Beste aldera begiratzen du, militar kolpisten gutunekin ezer pasako ez balitz bezala jokatzen du, poliziaren eta auzitegien jazarpena ontzat jotzen du, eta Mozal Legea indargabetu beharrean masiboki aplikatzen du. Politika koldar hori da, hain zuzen ere, eskuin muturra hauspotzen duena.
Ikasle Sindikatuak eta Ezker Iraultzaileak erabateko absoluzioa eta askatasuna eskatzen dugu Pablo Hasel rap abeslariarentzat nahiz "koroa iraintzeagatik" eta borrokatzeagatik epaitzen dituzten guztientzat. Mozal Legea eta eskubide demokratikoak mugatzen dituzten araudi guztiak berehala indargabetzea, eta Estatu aparatua elementu erreakzionario eta faxista guztietatik garbitzea eskatzen dugu.
Aski da, justizia frankistarik ez!