Espekulatzaileak saritzen eta borrokatzen dutenak zapaltzen. Aski da!
Irailaren 2ko goizeko lehen ordutik, poliziak Errotxapeako (Iruñea) gaztetxea inguratu zuen eraikina husteko eta lehenbailehen eraisteko asmoz. Ehunka gazte bertaratu ziren auzoko gaztetxea babesteko. Poliziak ez zuen zalantzarik izan protestaren aurka kargatzeko, zuzenean gomazko pilotak jaurtiz eta 6 gazte atxilotuz, 40 inguru identifikatuz eta jendea zaurituz. Egun berean arratsaldez, manifestazio jendetsua antolatu zen.
Iruñeko Udalak, UPNren esku dagoenak, argi utzi du helburua Gaztetxea zegoen pabiloi industrialak eraistea eta etxebizitzak eraikitzea dela. Prentsa-oharrean honako hau adierazi zuen: "Gaur goizean okupatutako nabea desalojatzeak (…) eremuaren garapen urbanistikoa osatzea ahalbidetuko du, etxebizitza gune berri bat sortuz. Eraikina Iruñeko Udalaren biltegi baten ondoan zegoen". Azken batean, higiezinen negozioaren kapitalistentzako beste espekulazio-operazio baten aurrean gaude, hain zuzen ere, langile klaseko gazteentzat etxebizitzarako sarbidea ezinezkoa denean prezio garestien eta prekaritatearen ondorioz.
Eskuinarentzat eta sistema honen defendatzaileentzat Gaztetxeak ixteak helburu argia du, negoziotik haratago doana: gazteek antolatzeko eta jarrera iraultzaileetarantz politizatzeko espazioak deuseztatzea. Hori izan zen Maravillaseko gaztetxea (2018, Iruñean) ixteko helburua, beste askorena Euskal Herri osoan zehar, eta orain Errotxapearena.
Ezker Iraultzaileak eta Ikasle Sindikatuak gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu gaztetxea eraiki eta defendatu duten gazteei eta atxilotu dituztenei. Poliziaren errepresioak ezin izango du mobilizazioa eta borroka geldiarazi.