Gaur jakin ahal izan dugunez, Zizurkilgo Huyck Wangner (“Perot”) enpresak atzera bota du urtarril amaieran mahai gainean jarritako erregulazio espedientea. Bertako langileak hilabetez greba mugagabean izan dira, eta gaur enpresak dosierra kendu du. Jarraian Berriak eta Tolosaldeko Hitzak gaur arratsaldean argitaratu duen albistea.
Zizurkilgo lantegiko 81 langileetatik 75 kalera botatzeko erregulazio espedientea bertan behera utzi du multinazionalak. Ez du, ordea, langileak kaleratzeko asmoetan atzera egin, "fabrika ez delako bideragarria".
Iker Aranburu 2013-03-06 - 20:17:16
Huyck Wangner enpresak goizean kendu du erregulazio dosierra, Gipuzkoako Lan Delegazioan. Langileek harrituta hartu dute erabakia, baina zuhur ere, ez baitira enpresaren asmoez fio. Mesfidantza horri arrazoi eman dio arratsaldean Huyck Wangnerrek zabaldu duen agiri batek. Horretan dioenez, erregulazioa kentzearen arrazoia da langileekin negoziatu nahi dituela baldintzak, hilabetez egin duten negoziazioak ez duelako fruiturik eman. Enpresak berretsi du Zizurkilgo lantegia ez dela bideragarria, makineria zaharkituta duelako eta hori berritzeko dirurik ez dagoelako. "Dosierra aurkezteko arrazoi objektiboak indarrean daude", dio.
Zizurkilgo enpresako langileak greban izan dira enpresak lantegian produkzioa eten egingo zuela jakinarazi zuenetik. Mobilizazio ugari egin dituzte, azkenekoa joan den larunbatean bertan, Tolosan. Dosierra negoziatzeko epea astelehenean amaitu zen, eta prozesu horretan zuzendaritzak ezer hitzartzeko borondaterik ez duela izan ziurtatu dute langileen ordezkariek.
http://www.berria.info/albisteak/76629/erregulazioa_atzera_bota_du_huyck_wangner_enpresak.htm
Huyck Wangner enpresak «erregulazio prozesu» berri bat abiatzeko asmoa du
Huyck Wangner enpresak urtarrilaren amaieran aurkeztu zuen Zizurkilgo lantegian 75 langile kaleratzeko enplegu erregulazio espedientea erretiratu du. Enpresak lantegia ez dela «bideragarria» adierazi du, eta beste erregulazio prozesu bat martxan jartzeko asmoa agertu, «langileekin akordioa lortu, eta aurreikusitako enplegu murrizketen eraginak ahalik eta gehien leuntzeko».
Iragan otsailaren 25en bukatu zen dosierraren gainean negoziatzeko epea. Orotara bost bilera izan dituzte. Multinazionalak prentsara bidalitako ohar bidez azaldu duenez, bilera horietako batzuetan Lan Ordezkaritzako ordezkariak izan dira, eta Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko kideekin ere bildu dira, «Zizurkilgo lantegiaren bideragarritasuna aztertzeko helburuarekin». Multinazionalak adierazi duenaren arabera, euren jarrera «erabat malgua» izan da prozesu osoan, «inolako biderik baztertu gabe». Halaber, langileak berriro kokatzeko programa eskaini zuela azaldu du zuzendaritzak, eta kaleratutako langileak lehentasuna izango zutela konpainiaren beste lantegietan esan zitzaiela. Kaleratzeei dagokienez, egungo legediak arautzen duena baino «baldintza hobeak» eskaini zituela ere azpimarratu dute.
Izan dituzten negoziazioetan ez direla inongo akordioetara iritsi, eta erakundeek ere ez dutela laguntzeko borondaterik agertu onartu du Huyck Wangner enpresak. Ondorioz, egungo egoeran ekoizpenarekin jarraitzea ez dela «bideragarria, galerak izango lituzkeela eta langileen egoeraren ziurgabetasuna areagotu baino ez lukeela egingo» adierazi du. Horrek guztiak «etorkizuneko langileen kalte ordainak ordaindu ezin izana» ere ekarriko lukeela nabarmendu du.
Mikel Zabaleta ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenaren arabera, «ezuste handia» hartu dute langileek, ez baitzuten albistea espero. «Gaur kaleratze gutunak jasotzea espero genuen, eta gure hurrengo pausoa Auzitegi Gorenera jotzea zen, salaketa jartzera». Langileak, beraz, «gustura» daudela adierazi du Zabaletak. Hori bai, enplegu erregulazio espedientea atzera bota izanaren arrazoiak ez dizkiete eman langileei, beraz, «zuhurtziaz» hartu dute berria. «Zizurkilgo industria proiektuarekin jarraitzeko konpromisoa agertzen badute gu eurekin egongo gara, baina, aldiz, hau guztia denbora irabazteko estrategia baino izan ez bada, eta aurrera begira guztia errepikatzeko asmoa badute, aurrez aurre izango gaituzte, orain arte bezala», adierazi dute.
Espedientea erretiratzeko arrazoiak ezagutzen ez dituzten arren, Zabaletak argi du enpresaren asmoak ezagutu zituztenetik hasitako mobilizazioek eragin handia izan dutela: «Nire ustez enpresak ez zuen erantzun hori espero, ez zuen horrelako presiorik espero, gauzak errazago egin ahalko zituztela uste zuten»
http://tolosaldea.hitza.info/2013/03/06/huyck-wangner-enpresak-75-langile-kaleratzeko-espedientea-erretiratu-du/
Euskal Herria Sozialistako kideok aktiboki parte hartu dugu lan gatazka honetan, urtarrilean esku-orria atera genuen gure proposamenak eginez, eta atzo bertan Tolosaldeako ELAko metalgintzako arduradunari egindako elkarrizketa argitaratu genuen.
Esku-orria: http://euskalherriasozialista.net/index.php?option=com_content&task=view&id=1009&Itemid=15
Elkarrizketa: http://euskalherriasozialista.net/index.php?option=com_content&task=view&id=1023&Itemid=1