Jarraian naiz.info-k argitaratu berri duen gure iritzi artikulua dakargu. Idatzi honetan, martxoaren 9ko manifestazioen bidea jarraituz, bidea enpresetako borrokak elkartu eta koordinatzea dela defendatzen dugu.

 

Estatu espainiarraren aurrean euskal autonomia ‘defendatzen”’ahoa betetzen zaion EAJk ez du halakorik egiten diruaz hitz egin behar denean. Urkulluren taldeak txintxo-txintxo beteko du Gobernu espainiarrak inposatutako gastu muga, nahiz eta 1.200 milioi euroko murrizketak langabezia are gehiago haztea eragin. Gobernu espainiarraren murrizketak aplikatzeak 9.000 lanpostu suntsitzea ekar dezake urte honetan bakarrik. Garbi dago EAJren eta enpresarien arteko batasuna zati ezina dela.

 

Baina langileak erakusten ari dira ez daudela prest besoak gurutzaturik geratzeko. 200 enpresa komitek baino gehiagok martxoaren 9ko Bilbo eta Iruñeko mobilizazioak deitu zituzten. “Araba borrokan” plataformak, berriz, apirilaren 11rako deitu ditu mobilizazioak. Abenduaren 17an, Urkulluk lehendakaritza hartu zuenean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu ziren CAFeko, Corrugados Azpeitiako, Laminaciones Arreguiko, Forondako eta beste hainbat enpresatako langileek egindako mobilizazio arrakastatsua izan zen bide garrantzitsu honi bultzada eman ziona.

 

Borrokak elkartzearen alde

 

Murrizketak, enpresen deslokalizazioak eta langabezia gera ditzakeen bakarra langile klasearen indarra da. Ez da kasualitatea Eusko Jaurlaritzak eta patronalak “ardura” eskatzea sindikatuei eta elkarrizketa sozialaren mahaia sortzearen beharra defendatzea. Beren helburua sindikatuek langile klasearen aurkako Confebasken neurriak sinatzea da. Patronalak dio lan harremanen euskal markoa defendatu nahi duela, baina hori bai, bere joko arauak errespetatzen badira. Euskal markoaz komeni zaienean hitz egin arren, Madrilen onartutako lan erreformak defendatzeko eta erabiltzeko arazorik ez dute. Euskal kapitalisten helburua fabrika bakoitzean nahi dituzten lan baldintzak inposatzea da enpresari espainiarren laguntzarekin.

 

EAJren helburu garrantzitsuenetako bat ELA eta LAB mahai batean esertzea da zerbitzu sozialen murrizketak eta lan erreformaren aplikazioa kudeatzeko. Eusko Jaurlaritzak ez du nahi langile klasea aurrean topatzea, ondo ezagutzen baitu PSEk jasan behar izan zuen desgastea azken urteetan izan diren greba orokorrei esker. EAJ eta Confebask beldurtzen dituzten gauza bakarra langile klasearen mobilizazio masiboak dira beren erasoen aurka. CCOO eta UGTko zuzendaritzek akats handia egingo dute ‘elkarrizketa sozialaren mahaiari’ babesa ematen badiote, elkarrizketatik oso gutxi izango bailuke. ELA eta LABeko zuzendaritzek ere ez liokete inolako kasurik egin behar EAJk eskainitako iruzurrari. Langile askok ondo dakiten bezala, bidea ez da enpresarien eskutik joatea, langile klasearen borroka gogor eta antolatua baizik.

 

Hori erakusten dute Euskal Herrian azken hilabeteetan langileek lortutako garaipen partzialek. Borroka eraginkorrak bakarrik botatzen ditu atzera enpresariak, Tuboplaseko (Laudio) borrokak erakusten duen bezala, izan ere enpresa honek atzera bota behar izan baitu 160 langileren kaleratzea. Beasaingo CAF enpresako langileek ere garaipen garrantzitsua lortu zuten mobilizazio indartsuei esker ia 900 langileri eragiten zien erregulazio espedientea atzera bota baitzuten. Grupo Kiderko langileek ere, aste bateko grebaren ondoren, atzera bota zuten zuzendaritzak 160 langile kalera botatzeko zuen asmoa. Borrokari esker garaipen partzialak lortutako adibideak gero eta gehiago dira: Laminaciones Arregui, Corrugados Azpeitia, Zizurkilgo ‘Perot’…

 

Beharrezkoa da gatazkan dauden enpresetako eta lantokietako borrokak elkartzea, hori baita enpresa txikienek ere garaipena lortzeko modua. Horrela ulertu dute Gasteizen ostegunero manifestatzen diren Laminaciones Arregui, Foronda, Iberia, Alestis, Velinsa, TAGASA, Mandrinados de Precisión eta beste hainbat tokitako fabrika komiteek eta langileek. Beharrezkoa da adibide hau Euskal Herri osora zabaltzea eta helburu horretan oso pauso garrantzitsuak izan ziren martxoaren 9an Bilbon eta Iruñean izandako mobilizazio bateratuak. Honen ondoren, beharrezkoa da borrokan dauden enpresen koordinadorak sortzea borroken batasunari jarraipena emateko eta langile klasea indartsuago egiteko.

 

Hau guztiagatik, ELAko zuzendaritzak mobilizazio hauek ez babestu izana akats larria izan zen eta jarreraz aldatzeko eskatzen diegu. Aldiz, mobilizazio hauei babesa eman zieten ELAko delegatuek jarrera erabat egokia izan zutela pentsatzen dugu. Ordezkari sindikalek martxoaren 9ko manifestazioak aurkeztu zituztenean azaldu zuten bezala, oinarrizkoa da borrokak elkartzea eta gizarte osora zabaltzea sigla sindikalen gainetik. Sindikatu ezberdinetako ordezkariak diren komite hauetako kideek pauso oso garrantzitsua eman zuten langile klasearen aurkako erasoak geratzeko. Funtsezkoa izango da komite gehiago bide honetara erakartzea lan erreformak ekarritako murrizketak, erregulazio espedienteak, soldata jaitsierak eta kaleratzeak geratzea lortu arte. Sindikatuetako zuzendaritzek badakite beren oinarri sozialek batasuna eskatzen dutela, baina langileen batasuna, ez patronalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batasuna. Euskal burgesiaren eta euskal sindikatuen arteko ‘elkarrizketa sozialak’ ez du ezertarako balio, langileak borrokako bidetik desbideratzea izan ezik. Euskal Herria Sozialistatik dei egiten diegu sindikatu guztiei mota honetako mobilizazioei babesa emateko eta gatazkan dauden enpresetako borrokak elkartzeko eta koordinatzeko.

Iturria: http://www.naiz.info/eu/iritzia/articulos/enpresetako-borrokak-koordinatzea-da-bidea