sindikatuen ekintza batasuna eta mobilizazio egutegi serio eta eraginkorra behar ditugu

 

PPk iaz onartu zuen lan erreforma langile klaseak konkistatutako eskubideen aurkako erasoa izan zen, diktadura frankistaz geroztik aurrekaririk ez duena. Erreforma indarrean dela urte bete igaro ondoren, langabezia Hego Euskal Herrian 238.000ra igo da, kaleratzea are gehiago merkatu da eta lan prekarietatea modu dramatikoan hazi da.

Erreformaren ondorio larrietariko bat hitzarmen kolektiboen ultraaktibitatea galtzea izan da. Erreforma honen eraginez, berritu zain zeuden hitzarmenak bertan behera geldituko dira onartu eta urtebetera. Honek esan nahi du egoera honetan dauden langileek beren lan eskubideak galduko dituztela, goragoko mailan dagoen, baldin badago, hitzarmen baten menpe geldituz edo, halakorik ez bada, Langileen Estatutuaren menpe. Euskal Herrian egoera honetan uztailaren 7az geroztik 350.000 langile daude eta 90.000 gehiago izango dira abenduaren 31tik aurrera. Erreformaren ondorio zuzenena soldata jaitsiera nabarmena da, kasu batzuetan gutxiengo soldata interprofesionala baino beherago. Hau enpresa askotan gertatzen ari da; langile askori bidali zaie gutuna beren soldatak %40ra arte jaitsiko direla esanez.

Confebask euskal patronalak garbi asko utzi du zein diren bere interesak eta nola defendatuko dituzten. Bizkaitar patronalaren presidente Iñaki Garcinuñok hauxe adierazi zuen El Correori ekainaren 29an egindako elkarrizketan: “ez diogu legea ezartzeari muzin egingo legeak ezartzeko baitaude. Ezinezkoa da lan erregulazioa ukatzea”. Jarrera honekin agerian geratzen da euskal patronala oso gustura dagoela Madrildik datorren legislazio atzerakoiarekin eta ez zaiola batere axola lan harremanetarako euskal markoa.

Bestalde, EAJren Eusko Jaurlaritzak, patronalaren interesak defendatzen dituenak, neutraltasun itxura eginez patronalaren eta sindikatuen arteko bitartekari lanak egin ditu negoziaketetan, eta enpresariengandik aldentzen dela eta CCOO eta UGTrenganako jarrera ulerkorragoa duela irudikatu nahi izan du, hauek ELA eta LABen intrantsigentziaren aldean arduratsuak direla baieztatuz. Iritzi bera du euskal patronalak ere.

Garbi dago patronalarentzat sindikalismo arduratsua bere interesen aurrean makurtzen dena, erregulazio espedienteak hitzartzen dituena, soldata jaitsierak eta lan baldintzak okertzea sinatzen duena dela. Sindikalismo morroia nahi dute, beren interesen neurrira eginda dagoena, langile klasearen zapalkuntza basatiagoaren kontura irabazi tasak hazteko eta langile klasearen erantzun gaitasuna murrizteko; izan ere, erreforma hau erakunde sindikal guztien aurkako eraso zuzena da. Hitzarmen kolektiboa amaitzean, maximora murrizten da sindikatuek joka dezaketen papera lan eskubideen eta baldintzen negoziaketetan. Erreformaren helburua lan harremanen indibidualizazioa bultzatzea da langilea enpresariaren azpitik gera dadin. Hau guztia gutxi balitz, arbitrajeari errekurtsoa eransten zaio langileen eta enpresariaren artean akordiorik lortzen ez bada; horrela sindikatuek lan gatazketan duten parte hartzea murrizten da.

Langile klasearentzat larria den egoera honen aurrean, honek ez du kalean erantzuteko zalantzarik izan. Lan gatazkak igo egin dira azken urtean: %74 igo dira galdutako lan egunak. Eta udazken honetan igo egingo dela aurreikusten da.

LAB, CCOO eta UGTk ekainaren 17, 19 eta 21ean greba deitu zuten Gipuzkoan, 21ean Bizkaira eta Arabara luzatuz. ELAko zuzendaritza, akats larria eginez, ez zen mobililizazio hauetara gehitu eta ekainaren 17 eta 21 bitartean, ELAk metalgintzan astebeteko greba deitu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Deialdi hauen guztien jarraipena ezberdina izan zen, baina ez zen langileen borrokarako motibazio faltagatik izan, agintari sindikalen antolatzeko moduagatik baizik. Greba berandu eta gaizki antolatu zen. Ez zegoen nahikoa koordinaziorik erakunde sindikalen artean eta grebarako prestakuntza ahula izan zen; sindikatuetako oinarriaren parte hartzea ere eskasa izan zen. Era berean, fabriketan grebaren arrazoiez eta ultraaktibitatearen amaierak eragindako egoeraz eztabaidatzeko batzar oso gutxi egin ziren. Hala eta guztiz ere, greba garrantzitsua izan zen Gipuzkoan eta hirietan egin ziren manifestazioak jendetsuak izan ziren.

Arrakasta handiagoa izan zuen metalgintzan maiatzaren 24rako deitu zen grebak. Sindikatu guztiek babestu zuten eta %80tik gorako jarraipena izan zuen. Honek erakusten du agintari sindikalek borrokarako programa konkretu eta sendoa balukete, helburu garbiekin eta borrokak batzen dituena, langileen erantzuna masiboa izango litzatekeela eta patronalaren eta eskuinaren eraginez sufritzen ari garen eraso eta kontraerreformek ez lukete 24 ordu iraungo.

Horregatik zuzendaritza sindikal guztiei eskatzen diegu ekintza batasuna. Euskal Herrian euskal gehiengo sindikalak hau sustatzeko eta zatiketa sindikalarekin amaitzeko obligazioa du. Horretarako, 48 orduko greba orokorra deitu beharko luke Euskal Herrian, borroka plan zabalago eta sendoago baten parte bezala, jarraipena izateko helburua lukeena, estatu mailako langile klaseari batzeko deia eginez eta programa sozialista eta internazionalista defendatuz. Ez dago krisitik irteteko modurik EAJrengan eta patronalaren ustezko sektore aurrerakoian oinarrituta. Bai euskal patronala bai EAJ Madrilen egiten den politikaren aldekoak dira, honen bidez irabaziak handitzen baitituzte euskal langile klasea zapaltzearen kontura.

Bestalde, CCOO eta UGTko agintariek bere itun eta elkarrizketa sozialaren politika baztertu behar lukete eta estatu mailako langileen mobilizazioen buruan jarri eta hauek aurrerantz eramateko, eta ez atzerantz meategietako eta Iberiako borrokekin egin zuten bezala. Europa mailako mobilizazioa antolatu beharko lukete, euskal gehiengo sindikalak parte hartuko lukeena eta helburu komun batekin: sistema kapitalistaren aurka nazioartean borrokatzea eta bankaren ekoizpen baliabide nagusien nazionalizazioa langile kontrolpe demokratikoan defendatzea krisi kapitalistatik ateratzeko irtenbide bakar gisa.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.