Ekainaren 14an Bilbon aurkeztu zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Proposamenen lanketan hainbat erakunde sindikal eta kolektibo sozialek parte hartu dute. Honen sustatzaileen arabera, ekimen honen helburua borroka guztiak elkartzea eta beste eredu ekonomiko eta sozial baten alde apustu egitea da. Helburu honetan bultzatu genuen uztailaren 3ko Gasteizko manifestazioa. 

 

 

Langileen eta gizarteko sektore zapalduenen interesen defentsarako oinarrizkoak diren aspektu asko jasotzen ditu Eskubide Sozialen Kartak: etxebizitza duina denontzat, alokairu sozialera zuzendutako etxebizitza parke publiko bat eskainiz bizikidetza unitatearen sarreren %15a gainditu gabe; lan duina izateko eskubidea; langabezia sari mugagabea egoera horrek dirauen bitartean; osasun sistema publiko, unibertsal eta doakoa; kalitatezko zerbitzu sozialen sare publiko eta unibertsala...

Orain, behin aldarrikapen hauek guztiak planteatuta, hauek defendatzeko garaia dator, borroka eraginkor bat izango duen programa baten bitartez. Horretarako, gorantz joango den mobilizazio egutegi bat landu beharra dago, eremu ezberdinetan ematen ari diren borroka partzialak biltzeko eta bateratzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan erakunde eta eragile sozial askok parte hartu dute, eta borroka plan hau aurrera ateratzeko ere beharrezkoa da denen batasuna.

Horrela egin zen Madrilen martxoaren 22an duintasunaren martxa deitutakoan. 2 milioi langilek hartu zuten parte. Eragile askok beren indarrak elkartu zituzten “ogia, etxebizitza eta lana” lemapean. Mobilizazio hau oso indartsua izan zen eta garbi erakutsi zuen nolako potentziala duen langile klaseak bere indarrak elkartzen baditu.

Zoritxarrez, Euskal Herrian aspaldi honetan ez dugu ikusi maila honetako mobilizaziorik kapitalisten erasoen aurka. Eta hori ez da langileek indarrak elkartzeko gogo faltagatik. Sindikatuetako zuzendaritzek ardura handia dute gaur egun sektore guztietan ematen ari diren borrokak bateratzeko: sektore publikoan osasunean eta hezkuntzan edo sektore pribatuan industrian, eraikuntzan eta zerbitzuetan. Euskal Herriko sindikatuetako zuzendaritzek eragile sindikalak eta ezkertiarrak elkartuko lituzkeen fronte baten sorrera bultzatu beharko lukete, langileen aldarrikapenak defendatzeko eta borroka guztiak elkartzeko. Eskuina garaitzeko eta murrizketa guztiak atzera botatzeko gai izango litzatekeen frontea. Hori da Eskubide Sozialen Kartan onartutako programa defendatzeko modu bakarra.

Iaz, enpresa komiteak eta eragile sozialak bildu zituen plataforma bat sortu zen Araban eta hainbat manifestazio bateratu antolatu zituen. Gasteizko Langabetuen Batzarra mugimendu honetatik sortu zen eta hasieratik bere estrategia nagusia langile klasearen ekintza bateratua izan zen. Helburu honetan, Langabetuen Batzar honek kolektibo sozial, sindikal eta ezkertiarren manifestazio bateratua antolatzea proposatu zuen uztailaren 3rako. Beste hainbat kolektibo eta erakunderen artean hauek eman zioten babesa proposamen honi: KaleratzeakStop Araba, Pensionistas, Afectados por las aportaciones a Eroski y Fagor, Ikasle Sindikatua, Ezker Anitza, Podemos - Ahal Dugu, Alternatiba, Euskal Herria Sozialista aldizkaria, Partido Comunista de Euskadi/EPK, Emakume Langilearen Defentsan, BAT sindikatua, HOAC, S.O.S. Racismo Araba, Ongi Etorri, Deshazkundea Gasteiz… Hirian dauden borroka sakabanatu ugariak bateratzea zen asmoa eta honekin batera Laminaciones Arreguiko langileen borroka babestea, zeinak orain dela bi urte baino gehiagotik ostegunero mobilizatzen ari diren.

Langile hauen borroka eredugarria da hiriko langile klase guztiarentzat. Beren borroka fabrikako mugetatik haratago doa. Lan erreformaren eta prekarizazioaren aurkako borroka da. Horregatik, garrantzitsua zen hiriko langile guztiek eta eragile sozialek manifestazio honetan parte hartzea. Honegatik guztiatik, gure ustez ELA, LAB eta Sortuko zuzendaritzek akats handia egin dute manifestazio hau ez babesten, kontuan hartuta gainera gatazka honetan beren afiliatuak ere badaudela. Laminaciones Arreguiko borrokak aurrera egiteko beharrezkoa da gatazka arazoekin dauden beste enpresetara zabaltzea (Cegasa, Condesa, Aernnova, Alestis, Sidenor Gerdau, Novacero, Eitb edo Bideberri), eta beste enpresa komiteen eta orokorrean gizarte osoaren babesa bilatzea. Estrategia hau jarraitzen bada, gatazkarik ez litzateke geratuko isolatuta eta borrokan dagoen langile klase osoa inplikatu ahalko litzateke, honen kontzientzia maila eta bere indarrengan duen konfiantza handituz. Modu honetan posible izango litzateke langileen aurkako erasoei eta murrizketei aurre egitea eta PP eta EAJren gobernuak botatzea eta benetako programa sozialista bat defendatuko luketen ezkerreko gobernuez aldatzea.

Uztailaren 3ko manifestazioan 500 pertsona inguru bildu ginen Laminaciones Arreguiko langileen borroka babesteko helburuarekin eta “ogia, etxebizitza, lana eta Eskubide Sozialen Karta” lemapean. Gure ustez aurrera pauso garrantzitsua izan zen borrokak bateratzeko helburuan.

Noski, badaude baldintzak mobilizazio masiboak eta bateratuak antolatzeko, baina hori lortzeko ardura nagusia sindikatuetako zuzendaritzek dute. Euskal Herriko zatiketa sindikala oso kaltegarria da langileentzat. Oinarrizkoa iruditzen zaigu sindikatuek, kolektibo sozialek eta ezkerreko indarrek lan egitea Ezkerreko Fronte zabal bat sortzeko, EAJ, UPN eta PP garaitzeko Ezkerreko Frontea.

Uztailaren 3ko manifestazio honen bultzatzaile izan zen Gasteizko Langabetuen Batzarretik eskerrak eman nahi dizkiegu ekintza bateratu bat bultzatzeko iniziatiba hau babestu zuten kolektibo guztiei. Jarri genuen helburuetako bat lortzeko pausoa izatea espero dugu: Euskal Herriko sindikatu guztien babesa lortzea.