Arcelor Mittal multinazionalak bere Zumarragako lantegiko 375 langileak eta hauen familiak mehatxatzen eta erasotzen jarraitzen du. Lehendabizi, abuztuaren amaieran, Zumarragako lantegia aldi baterako itxi beharra zegoela jakinarazi zion langile batzordeari. Egun batzuk beranduago, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak lan turnoetan “malgutasun neurriak” adosteko aukeraz eta lan karga handitzeaz hitz egin die, lantegia aldi baterako “itxi beharrik” ez izateko. Aldi baterako itxiera edo lan baldintzak gehiago okertzea ez daude inondik inora justifikatuta, irabazi ikaragarriak dituen multinazionala baita.
Zerbaitetarako balioko luke enpresa aldi baterako ixteak? Lan turnoetan malgutasuna adosteak edo langileen lan orduak handitzeak? Ezerk ez du ematen nahikoa. Orain dela urte bat baino gehiago langileen soldatak %12 jaitsi eta lan orduak handitu ziren (CCOO eta UGT sinatutako akordioaren eraginez). Ez dago azkeneko sakrifiziorik, enpresak beti aurkitzen du langileen lepoa estutzeko arrazoi berriren bat. Arcelor Mittalen planteamendua estrategia konkretu baten barruan dago: plantilaren soldata eta lan baldintzak okertzea, lortutako eskubideekin amaitzea eta, azkenik, enplegua suntsitzea, lanean geratzen direnek ordu gehiago sartzeko, erritmo altuagoekin eta soldata baxuagoekin. Horregatik, sindikatuek atzera pauso bat suposatuko lukeen edozein akordiori ezezkoa eman behar diotela uste dugu, zeren honek ez luke balioko enpresaren erasoak geratzeko, etorkizunean are gehiago ekartzeko baizik.
Erasoei aurre egiteko: langileen batasuna
Ezin da utzi multinazionalaren mehatxu edo erasorik erantzunik gabe. Egia da borrokak ez direla errazak, enpresak gogor doazela eta langileak asko jokatzen ari direla. Baina enpresak ez dira ahalguztidunak, langileok indarra dugu, asko, ondo erabiltzen bada.
Helburu honetan, funtsezkoa litzateke gatazka kanporantz ateratzea, eta elkartasuna eta batasuna bilatzea Urola Garaian gatazkan dauden fabriketako langileetan. Enpresariek zatiketa eta beldurra erabiltzen badituzte, langileok batasunaren eta elkartasunaren alde egin behar dugu apustu. Egoera honetan, Urola Garaiko langileen borroka bateratua antolatzea aurrera pauso handia litzateke, beharrezko pausoa. Enpresek jasan beharko luketen presioa ikaragarria izango litzateke eta beren planak atzera botatzea posible izango litzateke.
Oso zaila da lan baldintzak eta lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean, langileen indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Batasuna da Urola Garaiko langile eta beren familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena. Eginkizun honetan eskualdeko sindikatuek, nahikoa indar eta baliabide baitituzte mobilizazio kanpaina indartsu eta bateratu bat antolatzeko, funtsezko papera jokatu behar dute.
Langileok badugu alternatiba
Multinazionalak bere erasoarekin jarraitzen badu eta gauzak okertzen badira, langileok badugu alternatiba lanpostuak eta ekoizpenaren bideragarritasuna bermatzeko: enpresaren desjabetzea langileen kontrolpean. Arcelor Mittal publiko batekin, langileen kontrolpean, lan baldintzak eta lanpostuak bermatu ahalko lirateke, eta enpresaren irabaziak ez lirateke gutxi batzuentzat izango, azpiegitura, garraio, osasun eta hezkuntza publikoa bezalako behar sozialak asetzeko baizik.
Dei egiten diegu sindikatu, ezkerreko erakunde eta langile guztiei Arcelor Mittaleko langileak babesteko. Langileen batasuna eta borroka dira bide bakarra!
Krisian dauden enpresen desjabetzea langileen kontrolpean!
Banku eta enpresa handien desjabetzea langileen kontrolpean!