Candy Hooverreko ESKko langileen ordezkariari egindako elkarrizketa.

 

 

 

1.- Euskal Herria Sozialista.- Nola eragin dio krisiak Candyri?

Modu basatienean, jarduera etenarekin eta ekoizpenaren deslokalizazioarekin.

   

2.- EHS.- Zein da oraingo egoera?

Orain dauden 173 langiletik 150i kontratuak iraungitzeko erregulazio txostena ezagutzera eman ondoren, datorren hilaren 7an erabakia justifikatzen duen dokumentazioa emango digute, eta 12an kontsultarako eta negoziaziorako epea zabalduko da.

 

3.- EHS.- Zein dira zuen aldarrikapenak?

Lanpostuen defentsa, Candyrekin edo gabe.

 

4.- EHS.- Zein mobilizazio egiten ari zarete?

Ez gaude geldirik, enpresaren aurrean eta herriko plazan egunero egiten ditugu kontzentrazioak, kotxe karabanak, manifestazioak, erakundeekin elkarrizketak, kamisetak, pankartak, etab. Komunikatu bat entregatu berri diogu Eusko Jaurlaritzari Lazpiurko ekitaldian. Astero balorazioa egin eta mobilizazioak proposatzen ditugu; proposamen hauek asanbladak bere egin eta masiboki erantzuten du.

 

5.- EHS.- Bestelako mobilizaziorik egitea pentsatuta duzue?

Orain dator gogorrena: irteera posibleen negoziazioa. Osoko bilkura egin nahi dugu 13an, eta ondoren manifestazio handi bat arratsaldeko 7tan. Eragile sozial eta politikoei bertan parte hartzera deitzen diegu.

 

6.- Azaroaren 7an borrokan dauden beste enpresetako langileekin elkartuko zarete Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Euskal Herria Sozialistakook uste dugu hori dela bidea,krisian dauden enpresetako borrokak elkartu eta koordinatzea, eta mobilizazio bateratuak antolatzea, horrela langileen indarra handitzen baita. Zein da zure iritzia?

Gertatzen ari denak gizarte osoari modu kolektiboan eragiten dio, gehiago edo gutxiago. Erantzunak ere kolektiboa izan behar du, kalera atera beharra dago, esnatu eta langileei ekintza politikoa eskatu behar zaie. Sistema honen kontra borrokatu behar da.