Bizkaiako egoitzetako langileek borroka gogorraren ondoren, garaipen oso garrantzitsua lortu zuten joan den urteko urrian sektoreko hitzarmenean. Emakume langilearen borroka eredugarri baten protagonista izanik, Euskal Herria Sozialistatik Iria Martinez sektoreko langile, fisioterapeuta eta ELAko delegatuari ondorengo elkarrizketa egin diogu. Bizkaian sektoreak bizi duen errealitatearen eta gatazka honen testigantza zuzen eta biziki interesgarria eskaini digu. Aldez aurretik Ezker Iraultzailetik gure esker ona eta animoak eman nahi dizkiegu Iriari eta borroka honen protagonista guztiei.
1. Orain dela urte bat hasi zenuten borroka. Zer eraman zintuzten hori hastera? Zein lan baldintza aldatu nahi zenituzten?
Negoziazioa 2015eko urriaren 30ean hasi zen, sindikatuen plataformak bildu zituen LHK (CRL) eginiko lehen bilerarekin. Patronalak aurreko konbenioari murrizketak egitea proposatuz erantzun zuen (lanegunetan, hobekuntzetan, soldatak izoztean…), atzerapausoak planteatuz jada gureak ziren eskubideetan. Aurreko sektoreko hitzarmenak 2015ko abenduaren 31an galtzen zuen indarra, eta patronalen inmobilismoaren aurrean 2016ko martxoaren 16ean sektoreko lehen greba deitu zen. Ondoren bi, hiru eta bost eguneko grebak; aste bat, bi hiru eta laukoekin jarraituz, eta azkenean hilabe osoko grebak eginez.
Sektoreko Konbenio berriaren negoziaziorako, neu identifikatzen naizen ELAren proposamenetik gutxiengo batzuk ezarri genituen hura sinatzeko. 19 hilabeteren baitan 370 greba egun ondoren GESCA Patronalak aurreakordio bat sinatu zuen irailean. Baina GESCAk ez zuenez gehiengoa greba jarraitu genuen. Azkenik 2017ko urriaren 27an LHKko negoziazio mahaiaren bilera batean akordio sinatu zen. Sindikatuak ezarritako gutxiengoak bildu eta soldata igoeran gainditu ere egin ziren akordio horretan.
-1592 ordu lau urtetan: 2018-2021.
-140 euro/hileko (+%10,6) soldata igoera, hiru urtetan banayuak, Erresidentzientzat eta 130 euro/hilean (+%11,36) Etebizitza Komunitarioentzat.
-Igandeko plusa: 2,75 euro lan orduko.
- IT/AT kobertura %100.
-20 minutuko deskantsua lan ordu gisa kontatuak; izkaiako erresidentzien gehiengoa ez zitzaien uzten deskantsorik beren lan orduetan.
2. Egun zein dira Euskadiko erresidentzien pribatizazioaren ondorioak?
Borroka honen sektorean eta menpekotasunaren ereduan dagoen problematika ikustaraztea lortu dugu, jokoan dagoena pertsona zaharren zaintza antolakuntza eredua baita. Erresidentiza publikoen (IFAS) eta erresidentzia Pribatu-kontzertatu-Subkontratatuen arteko ezberdintasunak nabariak dira: subkontratatuetan %40-60 soldata baxuagoak, 106 ordu gehiago (atxeden denborarekin konbenio berriari esker), txanda prekarioetako langileak eta langile askoz gutxiago. Adibidez nik lan egiten dudan egoitzan, 112 erabiltzaile dituelarik, gaueko txanda 2 auxliar/gerocultorek egiten dute 3 pisuentzat eta erizaintzako zerbitzurik gabe.
Horren guztiaren emaitza irabazi milioidunak dira, diru publikoarekin, langileei eta bertako erabiltzaileei eskaintzen zaien asistentzia kalitatearen kontura. Aipatzearren, 2012-2014 artean erresidentzia kontzertatuen artean irabaziak ikaragarriak dira: Sanitas 2.114.000€, Grupo Igurco 3.100.000€, Residencia Caser 5.500.000€, etab. Datu hauek oso esanguratsuak dira. Ratioak berdina behar luke zentro asistentzial guztietan eta ezberdintasun ikaragarria dago, erabat zaharkituta dauden 98ko ratioek indarrean jarraitzen baitute.
Nahiz eta zerbitzu publiko bat izan, konpetentzia eta kudeaketa osoa Bizkaiako Foru Aldundiarena izan beharko lukeena, hori sozio sanitarioko enpresen poltsikoak betetzeko izugarrizko NEGOZIO bilakatu dute. Ezin daiteke negozioa egin pertsonen osasunarekin.
3. Zein zailtasun izan dituzue gatazka aldi honetan?
Zailtasunak… ba alde guztietatik. EITB bezalako Komunikabide publikoek eta egunkari gehienek ez ikusiarena egin digute, greba ikusezina izan zedin. “Ikusten ez dena ez da existitzen”. Jasandako errepresioaz hitz egin genezake, azken hilabeteetan ohartu baikara Ertzaintzak gurekiko zuen jarreraz, greba eskubidea bere osotasunean eragotziz, adierazpen, bilera, manifestazio, etab. askatasunak urratuz. Bilboko udala ere aipatu daiteke, askotan ukatu baitizkigu gure borroka gizarteratzeko ekitaldien baimenak aitzakia merkeak jarriz, BFA aurreko Karparekin gertatua bezala. Greba eta kaleko borrokako azken 19 hilabeteetan demonizatu egin gaituzte, pertsona zaharrei tratu txarrak emateaz salatu…
Bizkaiko Foru Aldundiak momentu oro eta modu lotsagabe batean babestu ditu patronalen interes propio eta bakarrak; hasierako zerbitzu minimoak igotzera iritsi zen %50tik (%60 jatorduetan) %80-90era, grebak eraginik ez zezan izan. Paradoxikoki, zerbitzu minimoen %90arekin pertsonal gehiago zegoen lanean greba ez zegoen garaietan baino. Hori gertatzen da oraindik ere Bizkaiako erresidentzietan. Behin greba amaitu ondoren eta lanera itzulita, Bizkaiako erresidentzietako delegatuen artean komentatu izan dugu, orain jende gutxiago dagoela lanean greba aldian baino.
Greba luze eta gogor honetan, enpresatik ito gaituzte lana Aurrera ateratzeko, ez soilik gutxiengo zerbitzuen legeak markatzen zuen bezala arreta zuzenean, betiko lanean baizik, pertsonal guztia egongo balitz bezala; eta Foru Aldunditik zentro erresidentzialetako inspekzioekin, hori bai, aldez aurretik zuzendariei abisaturik.
4. Nola baldintzatu du borroka gehiengo handia emakumeak zareten sektore bat izateak?
Sistema patriarkal honetan, zaintzaren sektorea feminizaturik dago, gutxi baloratua eta ezkutatua… 5.000 langile inguru dira Bizkaiako Erresidentzia eta Eguneko Zentroen artean. Bidea ireki behar izan dugu eta geure burua ikusarazi. Bizi dugun egoeraren adibidea, sektoreko delegatua den kide beterano batek esan zidan: “Ez da erresidentzien sektoreko konbeniorik egon kaleko borrokarik gabe”.
Borroka hau historikoa eta emakumeena izan da, emakume monoparentalak, karga familiarrekin (haurrak, gurasoak edo biak) eta soldata bakarra beraiena izanik. Idea bat izan dezakegu, nolakoak izan diren 370 egun hauek irudikatzeko. Mota guztietako zailtasun eta debekuak adierazteko dugun eskubidearen aurka, denena den arazo bat sozializatzen ari ginenean, pertsona zaharren zaintza eredua alegia.
5. Zein balorazio egiten duzu grebaren amaierarekin? Zer aportatu dizue prozesu honek?
Borroka luze honek, bidean zankadila asko izan ditu. Komunikabideetan demonizatu gaituzte, baita Bizkaiko Foru Aldundiak ere, Sindikatuaren txontxongiloak ginela esanez edo baita enpresan bertan ere bigarren mailako gisa kalifikatuz, etxeko bigarren soldata, gure bikotearen gehigarri. Eta nik pentsatzen dut… “GUK borrokatu dugu, GU egon gara kalean eta GUK erabakitzen dugu borroka honetako pauso eta ekintza bakoitza; GU garelako egunero lan prekarietateko egoera bizi dugunak eta gainera sentimentu moral bat dugunak kontziente izanik ezin duzula pertsona zaharrei kalitate bikaineko zerbitzu bat eman, pertsonal falta ikaragarria dagoelako. Gatazka hau ez da soilik lan gatazka izan, gatazka soziala, generokoa (feminista) eta politikoa ere izan da. Lortu ditugu markatu genituen helburuak. Erakutsi dugu hau NEGOZIO bat dela (politikoek diru propioa dutelarik erresidentzietan inbertitua, kargu publikoa diren bitartean; jada ezagunak diren amigismoak, ate birakorrak, etab.). Lan merkatuan emakumeok dugun egoera salatu dugu, konkretuki jasaten dugun diskriminazioan.
Esan behar dut, atzean beti ELA bezalako sindikatu baten babesa edukitzea zenbat eskertzen den, batez ere genero berdintasuneko arloa, klabea izan baita gure borrokaren babes eta sozializazioan.
Zerbait erakutsi badit gatazkak aktiboki kolaboratzearen eta parte hartzearen garrantzia izan da, delegatu eta sektoreko langile gisa, hartzen genituen erabakietan. Zera ikasi dut: Gatazka bat ez dela irabazten arrazoia gure alde dagoelako edo gure aldarrikapenak justuak edo guztiz onargarriak direlako. Baizik eta lanarekin, antolatuz, bitartekoekin eta borondatearekin irabazten da.
Egun, gure aldarrikapenekin jarraitzen dugu eta jarraituko dugu. Ratioak eguneratu daitezen eta arreta zuzeneko pertsonalarekin eta Babestu bezalako senideen elkarteekin batera zehaztu dadin hori. Enpoderatuak, harro eta asebeterik, gure lankideei azaltzen diegu borrokak merezi duela, gure borroka sektore guztientzat ispilua dela eta konbenio on bat lortzea ez dela arloen arazoa afiliazio, antolakuntza eta tresna sindikalena baizik.
Besoak gurutzatuta geratu beharrean ondoan daukagunari batzen garenean, eskuak elkarri hartuz, gure indarrak biderkatu egiten dira. Horrela lortzen dugu gure lan eta bizi baldintzak hobetzea; eskutik heltzen diogu elkarri garai gogorrenetan borrokan tinko mantentzeko, eskua emanez ixten ditugu akordioak eta gure eskuekin lortzen ditugu garaipenak. Niretzat borroka honek esan nahi izan duena honako esaerak laburtzen du: EMAKUMEAREN ESNATZEA.