Denak Manifestaziora apirilaren 6ean

Bilbo. 18:00tan Jesusen Bihotzetik

Sestaoko Naval ontziolari ixteko azken kolpea eman nahi diote. Martxoaren 4ean, langileek kaleratze autoa jaso zuten, plantila guztiari eragiten dion iraungitze EREaren baitan. Egoera larria da. 3 mila lanposturen galera suposatuko du itxierak, eta horrek hiru mila langile familiei eragiteaz gain, zuzenean eragiten digu gazteoi ere: gure gurasoek langile borroketan lortu zituzten lan baldintza guztiekin amaitu eta lanpostu duinak suntsitu nahi dituzte enpresariek eta beren zerbitzura dauden gobernuek, gazteok langabeziara, lanik prekarioenetara edo gure herrietatik alde egin behar izatera kondenatuz. Honen aurrean, beharrezkoa da gazteok ere langileen alboan mobilizatzea, eta ezkerraldeko industriaren eta lanpostu duinen aldeko borroka bateratzea.

 Eta era berean, beharrezkoa da, egoera honen arduradunak seinalatzea. 2006. urtean Naval pribatizatu zuten PSOEk eta EAJk, enpresari eta akziodun potolo batzuk ontziolak sortzen zituen irabazietatik aberasteko. Urte hauetan, enpresari horiek 3 mila langile izatera iritsi zen ontziola 180 langiletara murriztu dute, beste lan guztiak azpikontrataturiko enpresetan zatituz. Azken urteetan, Murueta eta Ingeteam akziodun pribatuek, euren poltsikoak ondo eta azkar betetzeko kudeaketa egin dute, jakinda horrek enpresaren ixtea ekarriko zuela.Ez zaie batere axola. Interesatzen zaien bakarra, negozio errentagarriagoak bilatzea da, eta Estatu aparatuak eta gobernuek inpunitate osoa ematen die hori egiteko.

Gobernu espainiarrak eta Eusko Jaurlaritzak egoera honen erantzule zuzenak dira. Sestaoko Naval enpresa guztiz bideragarria da eta prestaturik dago balio handiko ontziak eraikitzeko. Ontziola publikoa egin behar da, Navantiaren industria sarean sartuz. PSOEk eta EAJk aitzakia gisa erabiltzen dute, Europar Batasunak ez liekela enpresa erosten utziko. Baina aitzakia horren atzean, defendatzen dituzten interes kapitalistak daude. Ez dira gai Europako Batasunaren politika kapitalistei aurre egiteko, beraiek ere hemen politika berberak inposatzen baitituzte. Diru publikoa barra barra oparitu diote bankariei erreskateetan, murrizketak eta pribatizazioak inposatuz hezkuntzan, osasungintzan edota pentsioetan, baina ez dago zentimorik lanpostuak erreskatatzeko.

Langileak mobilizazioetan oihukatu dute “Lehendakari, vete tu a Cadiz”. Langileei berkolokazioak eskaini dizkiete Estatu mailako Navantiako Ferrol, Cadiz, Cartagena edo Madrileko enpresetan. Baina langileek salatu dutenez ezin da ulertu, nola lanpostu publikoetara jotzeko aukera duten, baina ez dagoen aukerarik Sestaoko ontziola publikoa izan dadin. Bide bakarra borroka zabaltzea, bateratzea eta indartzea da. Kaleetan langile eta gazteon borroka bateratuarekin bakarrik lortuko dugu enplegu eta bizi baldintza duinak defendatzea, itxierei aurre egitea, politika kapitalista guztiekin amaitzea eta gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzea. Inoiz ez ginen hain gutxi hainbeste izan.

Ontziola nazionalizatu behar da lanpostu guztien defentsan!

Ikasle eta langileak elkarturik aurrera!

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.