Zabal dezagun mobilizazioa Euskal Herri osora! Presta dezagun greba orokorra Confebaski eta EAJri aurre egiteko!
Maiatzaren 23an, Bizkaiko metaleko 50.000 langile baino gehiagok bost eguneko greba mobilizazio fase bati ekin diote FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioa presionatzeko. Helburua da lan hitzarmena berritzea eta azken 10 urtetan izozturik gelditu ziren soldatak eguneratzea. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatu nagusiek bat egin dute deialdian. Bai ordezkariek, baita langileek ere oso ongi hartu dute batasun sindikala eta masiboki parte hartu dute geldialdian. Bizkaiko industria, euskal industriaren eta estatu espainiarrekoaren antzera, krisi luze bat jasaten ari da. Horrek milaka lagun kale gorrian utzi ditu, eta Sestaoko La Navaleko azken ontziola desagertzea ekar dezake. Sektorean prekarietatea eta behin-behinekotasuna oso altuak dira, besteak beste, Arcelor Mittal bezalako multinazional handiek erabiltzen duten azpikontratazio-kateengatik kostuak merkatzeko.
Metaleko greba borroka sektorial huts bat baino zerbait gehiago da, langile klasean duen garrantzi historikoarengatik eta beste sektore prekarizatuei begira erreferentziala bihurtu daitekeelako. Euskal patronalak eta EAJk metalaren industria estrategikotzat jotzen dute. Beraz, ez daude prest ezertan amore emateko, are gutxiago langileak esplotatzeko lan erreformak eman zizkien baliabideak alde batera uzteko. Ez da kasualitatea Gipuzkoa eta Bizkaiko metalaren lan hitzarmenak 10 urtez berritu gabe egotea. Biak dira lan hitzarmen sektorialik handienak langile kopuruari dagokionez, eta bietan, ELA eta LAB nagusi dira. Confebaskek lan baldintzak tajuz hobetzeko eskaerak blokeatu egiten ditu. Egoera hori mobilizazioarekin bakarrik gaindi daiteke. Esate baterako, Bizkaian, greba deialdia mahai gainean egonda ere, FVEMek soldata igoera barregarriak eskaintzen jarraitzen zuen, KPI ozta-ozta, eta inongo proposamenik gabe 2011az geroztik galdutako eros-ahalmena berdintzeko. Nola ez, FVEMek eta Confebaskek ez dute behin-behinekotasuna edo azpikontratazioa murriztu nahi, ezta Rajoyren lan erreforma mugatu ere. Hori egine gero, aukera paregabea galduko lukete lan baldintzak are gehiago okertzeko, bereziki, langile gazteonak.
EAJ eta patronalarentzat prekarietatea negozioa da
Oso adierazgarria da EAJ isilik egotea FVEMren jarreraren aurrean. Azken finean, euskal enpresari industrial handien ordezkari zuzena da. Aldiro, bereziki hauteskundeetan, euskal eskuina saiatzen da haren diskurtsoa goxatzen eta kalitatezko enpleguari buruz hitz egiten. Horrela langileak eta klase ertaina erakarri nahi ditu haren altzora. Halere, une erabakigarrietan, beti jartzen da lana infernu bihurtzen dutenen alde, egun hauetan ikusi ahal izan dugunez. Hiru egunetan bakarrik, 5 langile erail dituzte Euskal Herrian. Horietarik, lau lan istripu traumatikoetan eta bostgarrena, amiantoak eraginda. Haietako bi industria sektorean aritzen ziren.
Aldeko komunikabideen laguntzaz, EAJ eta FVEM metaleko grebaren eragina apaltzen saiatu dira, baina haien zoritxarrerako, lehen greba egunak erabateko arrakasta izan du. Langileen % 80ak bat egin du deialdiarekin eta bereziki indartsua izan da lan baldintza kaxkarrenak dituzten azpikontratetan. Bilboko manifestazioan 10.000 lagunek parte hartu dute eta argi geratu da langile klaseak borrokarako indar nahikoa duela, lehen pentsiodunek, emakumeek eta ikasleek erakutsi bezala.
Jakin badakigu patronalak apurrak baino ez dituela eskainiko ondoko egunotan. Akats larri bat izanen litzateke, borroka hasita, bloke sindikalean akordio txar bat planteatzea lau greba eguneko deialdia bertan behera uzteko. Aitzitik, Ezkerreko Sindikalistok Bizkaiko borroka Euskal Herri osora zabaltzea proposatzen dugu, ekintza batasunaren bidez, greba orokor baterako aldez aurreko urrats gisa, lan gatazkak sektore askotara zabaltzen ari diren testuinguru honetan: sektore publikoan, osasungintzan eta hezkuntzan, zahar etxeetan, jantokietan, etxez etxeko zerbitzuetan, supermerkatuetan, aireportuetan,…
Euskal Herrian, eta estatuan osoan, patronalaren ofentsibak industriaren birmoldaketari eutsi dio, baita gazteak eta emakumeak kolpatzen dituen prekarietateari ere, eta ezin ahaztu murrizketak eta austeritate politikak. Beharrezkoa dugu borrokak bateratzea eta mobilizazio plan sendo bat planteatzea. Maiatzaren 23ko arrakastak erakusten du langile klasearen jarrera eta determinazioa urrats kualitatiboa emateko mobilizazioetan, kapitalismoa suntsitu eta gizartea eraldatzeko.