Borroka honek aurrera jarraitu behar du irabazi arte. Ez dago atzera egiterik!
Bizkaiko metaleko sindikatuek bost greba egun iragarri dituzte irailaren 30etik urriaren 4ra doan asterako, maiatzean hasi zuten borrokari berriro eutsiz. Deialdia ekintza batasunean egin dute ELA, CCOO, LAB, UGT, CGT, USO eta CNT sindikatuek. Sektorean gehiengoa duten sindikatuen helburua hitzarmen berri bat lortzea da, 2011tik berritu gabe dagoena. Horrela, maiatzaren 10ean aurkeztu zuten aldarrikapen plataforman jasotakoa eskatzen jarraitzen dute: soldata igoerak, prekarietateari aurre egitea aldi baterakotasuna eta ETTak murriztuz, berdintasuna emakume eta gizonen artean eta neurriak lan osasuna bermatzeko. Azpimarratzekoa da, urte honetan jada 32 langilek galdu dutela bizia euren lanpostuan Euskal Herrian, gehiengoak industrian.
Aurtengo maiatzaren 23an sindikatuek 5 greba egun burutu zituzten egundoko arrakastarekin. %80ko jarraipena izan zuten, nahiz eta patronalak eta EAJren aldeko komunikabideek hori murriztu nahi izan. Jarraipen hori bereziki garrantzitsua izan zen azpikontrataturiko enpresetan, non lan prekarietatea gordinagoa den, eta kalera ateratzea lortu zituen langile gazteenak beteranoekin batera. Mobilizazioek oso modu zuzenean adierazi zuten borroka honek sektoreko langileen artean piztu zuen grina eta indarra, manifestazioetan 10 mila batzera helduz borrokarako gogo eta irmotasun benetan aipagarriarekin.
Zalantzarik gabe, FVM eta Confebask patronalak eta EAJ eta PSEren Eusko Jaurlaritzak ondo dakite gatazka honek zein inplikazio dituen. Nahiz eta metaleko patronalak inoiz baino irabazi handienak ateratzen ari dela adierazi, ez dute zirkinik ere atzera egin nahi azken urteetan sektorean inposatu duten prekarietatea arintzen, lan erreformek bereziki larriagotu dutena. Baina batez ere, alde guztietatik ekidin nahi dutena langileen garaipen argi bat da, beste sektoreak eta mugimendu sozialak animatuko lituzkeen beldurrez. Horregatik elkartu dira aliantza santuan patronalak EAJ eta Eusko Jaurlaritzarekin, gatazka kaleetatik ateratzeko eta bulegoetan ixteko helburuz ezeren truke, Ertzaintza bidaltzen duten bitartean piketeen eta manifestazioak etengabe jazartzera.
EAJk Euskal Herriko industria krisira darama, langile familien kontura
Patronalak soberan bidezkoak diren aldarrikapen hauen aurrean duen blokeozko jarrera argumentatzeko aipatzen ditu merkatu internazionalean sektorearen leiakortasuna, “merkatuek egun duten ziurtasun eza” eta atzeraldi berri baten arriskua. Egunero ekoizpena aurrera ateratzen duten langileei egotzi nahi die errua, benetan EHko industria krisira eramaten ari direnak zinez enpresari horiek direnean, lanpostuak suntsituz euren irabaziak loditzeko. Hori da, EAJko beren ordezkari politiko zuzenek ere esaten dutena.
Egia esateko ordea, EAJk aplikaturiko politika kapitalistak dira Euskal Herrian industriaren desegitea eragin dutenak eta gaur egun itxiera bolada berri baten mehatxua ezartzen dutenak. Estatistika ofizialen arabera, EHko industriaren lanpostuak 1975ean 423.000 izatetik eta 2018an 194.000 izatera igaro dira. 2017 eta 2018 artean Bizkaiko industriak 16.000 lanpostu galdu ditu. Hori enpresariei begira egindako politika industrial baten ondorio zuzena da, non mota guztietako erraztasunak eskaini baitizkie itxierak, deslokalizazioak, EREak eta ERTEak eta kaleratzeak burutzeko. Irabaziak bermatu zaizkie kapitalista handiei langabezia, pobrezia eta bazterketa soziala ezartzearen kontura.
Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan saldu dizkie atzerriko konpainia handiei diru publikoko inbertsio handiekin martxan jarri ziren enpresen akzioak, horiek behin errentagarriak izan direnean, esaterako: ABC Arcelor Mittal Sestao, Gamesa, Euskaltel, ITP, Cementos Lemona edo Naturgas. Enpresa itxieren konplize izan da, adibidez, muebles Xey 170 langilerekin ( Eusko Jaurlaritzak %30 akzio publikoak zituen), CEL papelera 254 langilerekin (akzioen %40 Eusko Jaurlaritzarenak ziren) eta La Naval Ontziola, Esainiako Gobernuak 2006ean egindako pribatizazioaren ondorio, non EAJk itxiera itundu zuen 2000 lanpostu baino gehiagori eragiten zien enpresa bideragarri batean. Fagor etxetresnak 40 milioi eurotan entregatu zuen, aurre-konkurtsoan funts publikoen bidez. Diru hori inoiz ez da berreskuratu, eta CNA talde katalanak berriz ekoizpenean zeuden langile guztiak kaleratu ditu.
Borrokak elkartu behar dira. Greba orokorra behar da!
Metaleko langileek kalera atera dute langile klaseak duen indar ikaragarria eta borrokarako duten borondatea. Gaur beharrezkoagoa da borrokak batzea eta greba orokorrerantz aurrera pausoak ematea. Hori da bide bakarra. Patronalak sektore guztietan ari dira ezartzen xantaia eta blokeoa eta murrizketa berriak iragartzen ari dira Europar Batasuna eta Ibex 35, eta noski espainiar zein euskal gobernuak horiek aplikatzeko prest agertzen dira egun. Irailaren 21ean metaleko sindikatuek manifestazio orokorra deitu dute langile klasearen osotasunari, gazteei eta pentsionistei dei eginaz. Ezker Iraultzailetik eta Ezkerreko Sindikalistetatik parte hartzeko deia luzatzen dugu eta greba hau babesten dugu, borroka honek garaipenera arte aurrera jarraitu behar baitu.
Sistema kapitalistaren logikaren baitan ez dago konponbiderik. Langileok ez ditugu burgesiak eragindako krisiak behin eta berriz ordainduko. Beharrezkoa da gizartearen eraldaketa sozialistaren alde egingo duen alternatiba iraultzaile bat eraikitzea, enpresari handi gutxi batzuen diktadurarekin behin betiko amaitzeko. Langileak greban jartzen garenean erakusten dugu zeinek jartzen duen benetan gizartea martxan. Erresidentzietako, garbikuntzako, Bizkaiko metaleko, Gipuzkoako papergintza eta grafikagintzako eta beste hainbat sektoretako langilek argi erakutsi dute badaudela indarrak. Horregatik elkartu behar ditugu gure indarrak borroka bakar batean, Euskal Herriko greba orokor batean. Klaseko sindikalismoa behar dugu, borrokalaria eta demokratikoa, langile klasearen borroka bultzatu eta elkartuko duena, patronalari aurre eginez eta mehatxuen aurrean makurtu gabe.