Manu Odriozola, LABeko Grafikagintzako afiliatua eta Ezker Iraultzaileko militantea

Gipuzkoako Grafikagintzako sindikatuek –LAB, ELA eta UGT–  ekintza batasuna osatu eta bost eguneko greba deialdia egin dute hitzarmenaren alde, azaroaren 4tik 8ra. Orain arte, 8 greba egun egin ditugu, langileon %70-%80ko babesarekin. Beraz, borrokak aurrera jarraitzen du. KPIren gaineko soldata igotzeko, prebentzioan, berdintasunean eta lizentzietan hobetzeko eta lan-hitzarmena blindatzeko estatuko hitzarmenaren azpitik aplikatzeko mehatxutik. ADEGI patronalak ez entzunarena egiten jarraitzen du langileon aldarrikapenen aurrean. Irabazi arte tinko segitu beharra daukagu.

Sektorean 1.400 langile gaude gutxi gora-behera, hainbat enpresa txikitan sakabanatutik. Toki horietan esplotazioa handiagoa denez, amorruak eztanda egin eta greban izandako parte hartzea ia erabatekoa izan da. Patronalak ez du galdu nahi azken urteotan eskuratutako boterea: horri esker, lan eskubideetan atzera egin dugu, patronalaren etekinak areagotzen ari ziren bitartean. Sektoreko enpresariak su eta gar ari dira defendatzen haien posizioak, krisi ekonomiko berri bat gainean dugularik.

Patronalak ez ditu hobetu, ezta hobetuko ere, langileon lan baldintzak besterik gabe. Negoziazio-mahaian ez da ezer irabazten, lehenago mobilizazioetan irabazi ez badugu. Sektoreko langile guztiengana jo behar dugu, ahalik eta enpresa gehienak bisitatu, bereziki, patronalaren errepresio handien jasaten dutenak. Horrela langileon konfiantzak gora egingo du eta patronalarena ahuldu. Halaber, enpresetan batzarrak egin behar dira, borrokaren aldeko arrazoiak indartzeko eta Gipuzkoako langileon arteko indarra eta elkartasuna sendotzeko.

Oro har, garaipena lortzea gero eta borroka luzeagoa eta gogorragoa eskatzen ari da. 8 eguneko greban oso positiboa izan da beren lan hitzarmenaren alde borrokan ari ziren Gipuzkoako papergintzako langileekin batera mobilizatu izana. Azkenean horiek garaipena lortu dute. Horixe da bidea eta gure indarra: sektoreko langileokin eta borrokan diren beste sektoreekin bat egitea. Langileok jendarte honen gehiengoa gara. Grebetan ederki erakusten dugu benetan nork jartzen duen martxan gizarte hau egunero.

Azaroko grebaren aurrean, Grafikagintzako langileok urrats bat aurrera eman beharko genuke mobilizazio egutegian. Borrokaren fase honetan, ezinbestekoa da herrialdeko sektore eta enpresa askotako langileon borrokak bateratzea. Denon artean gai izan beharko genuke aldarrikapen taula bat osatzeko (sektore bakoitzak baditu beren ezaugarriak, baina badira partekatzen ditugun eskariak: soldata igoerak, lan orduak, laneko erritmoak, eskubide sindikalak…). Bide horretan, lehen urratsa izan daiteke  manifestazio bateratu bat egitea Bizkaian metaleko langileek egin duten moduan.

Aldi berean, ez da ahaztu behar propaganda eta borrokaren sozializazioa. Eskuorri informatiboak prestatu beharko dira  industria-guneetan eta herrietako merkatuetan zabaltzeko, elkartasuna piztu eta manifestazioetan parte hartzera deituz, langile guztiak eta, bereziki borrokan ari diren pentsiodunak, adineko egoitzetako eta irakaskuntzako langileak, gazte erakundeak eta mugimendu sozialak inplikatuz. Elkarrekin indartsuagoak gara. Horrela bakarrik amore emango du patronalak.

Sistema kapitalistaren logikaren baitan, ez dago konponbiderik. Nahiz eta langile klasea krisiaren erantzule ez izan, bera da horren ondoriorik lazgarrienak ordaintzen dituena. Azken urteotako esperientzia dugu: esplotazio handiagoa, prekarietatea eta miseria. Langileok ez dugu zertan ordaindu behar haien sistemaren krisia. Borroka guztien batasuna behar dugu indarrez eta gogor erantzuteko. Bada garaia greba orokorra antolatzeko.

Klaseko sindikalismo borrokalaria eta demokratikoa behar dugu, langile klasearen borrokak bultzatu eta bateratzeko, patronalari aurre egingo diona, haren txantajearen aurrean amore eman gabe.

Ezinbestekoa da alternatiba iraultzaile bat eraikitzea gizartearen eraldaketa sozialista gauzatu eta enpresari handi gutxi batzuen diktadurarekin amaitzeko.

Borrokan baturik, garaitezinak gara!

Hitzarmen duin baten alde, borroka da bide bakarra!


Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.