Borrokarekin jarraitu behar dugu garaipena lortu arte!
Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmen duin bat lortzeko helburuarekin, LAB, ELA eta UGT sindikatuek (hurrenez hurren %52, %46 eta %2ko ordezkaritzarekin) tartekaturiko zortzi greba egun deitu zituzten uztailean, irailean eta urrian zehar. Aldarrikapen nagusienak ziren 2019-2020rako soldata igoera KPI+2,75; kategoria baxuenak kentzea eta gutxienez 1,47ko puntuazioa ezartzea; urteko lanorduak 16 ordutan jaistea; errelebo kontratua derrigortzea langileak horrela eskatzen bazuen; hobekuntzak prebentzioan, berdintasunean, lizentzietan… eta herrialdeko hitzarmena blindatzea estatu mailako hitzarmen baxuago baten mehatxuaren aurrean. Greba egunek %70-80ko jarraipen zabala izan zuten sektorean. Baina ADEGI patronalak entzungorrarena egiten jarraitu zuen langileen eskaeren aurrean.
Enpresarien jarreraren aurrean sindikatuek azaroaren 4tik 8rako beste bost greba egun dei-tu zituzten. Greba astearen bezperan ordea, LAB sindikatuak patronalarekin aurreakordio bat sinatu zuen bakarka eta bertan behera utzi zuen azaroko greba asteko deialdia. Aurreakordioak, gehienbat soldata igoera jasotzen du, 2019 eta 2020rako KPI+0,6 eta 2021erako KPI+0,75. Bi kategoria baxuenak kentzen dira, 1.16 eta 1.21 puntuazioa dutenak; LABen arabera, estatu mailako hitzarmenaren aurrean blindaje klausula bat ezartzen da; jurisprudentziaren lege egokitzapena ere badago ETTen eta lizentzia batzuen inguruan.
Grafikagintzako langileak indarra genuen mobilizazioan aurrera egiteko eta presioa handitze aldera aurrera pausoak emateko. Jarraitu beharreko borroka plana argia zen: sektoreko langile guztietara zuzendu behar genuen, enpresa guztietara joanaz, lehenik eta behin patronalaren errepresioa handiena dela dakigun horietara zuzenduaz. Horrela, langileen konfiantza handituko genuen eta patronalarena ahuldu. Enpresetan asanbladak egitea ere be-harrezkoa zen, borrokaren alde argumentuak indartzeko eta horrela Gipuzkoako langile guz-tien indar eta elkartasunean oinarritzeko.
Orokorrean, esperientziak erakusten digu garaipenak lortzea geroz eta borroka luzeagoak eta gogorragoak eskatzen ari dela. Zortzi greba egunetan, oso positiboa izan da papergintzako langileekin batera mobilizatu izana, horiek ere hitzarmenaren alde borrokatzen ari zirenean. Beraiek lortu dute. Hori da bidea. Sektoreko langileak eta borrokan dauden beste sektoreak elkarrekin mobilizatzea da daukagun indarrik handiena. Langile klasea da gizarte-ko gehiengoa eta grebetan frogatzen dugu gizartea martxan nork jartzen duen benetan, eta nork ez.
Borrokaren etapa honetan, berebiziko garrantzia zuen herrialdean borrokan dauden enpresa eta sektore ugarietako langileen indarrak elkartzea. Aldarrikapen plataforma bateratu batean aurrera pausoak eman behar genituen. Egia da, sektore bakoitzak arazo bereziak dituela, baina oinarrizko auziak berberak dira, soldata igoerak, lan orduak, lan erritmoak, eskubide sindikalak, etab. Bide honetan lehen urratsa manifestazio bateratu bat egitea izan liteke, Bizkaiko metaleko langileek egin duten moduan.
Bestalde, beharrezkoa da baita ere borrokaren inguruko informazioa zabaltzea eta sozializatzea. Informazio orri bat egin behar zen eta industria poligonoetan, merkatuetan eta eskualdeetan banatu, elkartasunerako eta manifestaziorako deia eginaz langile guztiei eta borrokan dauden sektoreei: pentsionistak, erresidentzietako langileak, irakaskuntzako langileak… gazte erakundeak eta eragile sozialei. Elkarrekin indartsuagoak gara. Borroken batasuna beharrezkoagoa da indar handiagoz kolpatzeko.
Azaroko greba astearen aurrean, mobilizazio planean ez da horrelako ezer egin eta orain greba baino lehen LABek aurreakordioa sinatu du patronalarekin, greba bertan behera utziaz. Egun hauetan enpresetako asanbladetan aurreakordioa bozkatuko da, azaroaren 11ean sinatu edo ez erabakitzeko. Beharrezkoa da gure aldarrikapenen aldeko borrokarekin aurrera jarraitzea patronala bere jarreran atzera egitea behartu arte.
ELA sindikatuak ardura handia du hemen. ELAk badu nahikoa influentzia eta ezarpena LAB iritsi den aurreakordioaren aurrean mobilizazioen deialdiarekin aurrera jarraitzeko. Asanblada mordoa antolatuz, non demokratikoki eztabaidatuko diren jarraitu beharreko pausoak, lortuko litzateke langileek berriro grebak gehiengo handiz babestea eta horrela LABeko afiliatu eta jarraitzaileak konbentzi-tzea aurrera egiteko. Hori da, benetan borrokalaria den sindikatu batek jarraitu dezakeen bide bakarra.
Klaseko sindikalgintza behar dugu, borrokalaria eta demokratikoa, langile klasearen borroka batu eta bultzatuko duena, patronalari aurre eginez eta xantaiaren aurrean atzera pausorik eman gabe.
Beharrezkoa da alternatiba iraultzaile bat eraikitzea, gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatuko duena, behin betikoz amaitzeko enpresari handi apur batzuen diktadura honekin.
Hitzarmen duin baten alde, borroka da bide bakarra!