Murrizketen, prekaritatearen eta errepresioaren aurka!

Deskargatu orria

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak -non parte hartzen duten hainbat eragile sozial eta sindikatuk, horien artean ELA eta LAB- greba orokorra deitu du Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30erako. Ezker Iraultzailetik irmoki babesten dugu deialdi hori eta gure indar guztiekin lagunduko dugu arrakasta izan dadin.
“Lan, pentsio eta bizitza duinak” leloarekin, greba honek ofentsibara jotzea planteatzen du, pentsionistena bezalako mobilizazioen indar eta ereduan oinarrituz.

Pentsionisten “batak ala besteak gobernatu, pentsioak defendatu” leloa borrokarako ikur bilakatu da, Euskal Herrian, nahiz Estatu mailan. Greba honek langile klasearen osotasuna elkartu behar du, izan ere, jasaten ari baikara soldaten beherakada, lan erritmoen gogortzea eta kaleratzeen, gazteen lan baldintzen prekarizazioa, miseriazko soldatak, hezkuntza publikoaren aurkako erasoak eta Estatuaren errepresioa. Era berean, lehen mailan jarri behar ditugu emakumeen eskubideak sistemaren indarkeria matxistaren eta justizia patriarkalaren aurrean.

Euskal Herrian masa mugimendu bat altxatzeko garaia da, aurre egiteko EAJren eta euskal burgesiaren murrizketa eta austeritate agendari eta urte hauetan PPren eta PSOEren gobernuek Catalunyako herriaren aurkako errepresio eta politika atzerakoiei.

Euskal “oasiaren” gezur handia

Hats eta tina asko gastatu dute komunikabideek Euskal Herrian langile klaseak bizi duen errealitatearen irudi faltsua saltzen, erabateko iruzurra den oparotasunaren ustezko "oasia" aurkeztuz. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, "Benetako pobrezia"% 48 igo da 2016 eta 2018 artean. Gaur egun, EAEn 197.185 pertsona daude pobrezia-arriskuan — tasarik altuena 2008az geroztik —, eta pertsona horien% 66,4k ez du behar bezalako arretarik jasotzen prestazio-sistemaren bidez. Kontratu berrien %92 baino gehiago aldi baterakoak eta prekarioak dira. Etxegabetzeek ere zifra ikaragarriak dituzte – 400 soilik 2019an –, gehienak alokairua ordaindu ezin dutelako.

EAJ-PSEren gobernuak aplikatutako politikek mesede egin dien bakarrak patronala, bankariak eta Eliza izan dira. Haiek dira hezkuntzaren eta gainerako zerbitzu publikoen pribatizazioarekin poltsikoak bete dituztenak, estatu mailako batez bestekoa baino askoz handiagoa. Enpresariak dira beren irabaziak hitzarmen miserableen kontura handitzen dituztenak, eta langileek desafio egiten dietenean Ertzaintzaren borrak erabiltzen dituzte. Oligarkia hori da alokairuen prezio estratosferikoarekin edota prostituzioaren legeztatzearekin aberasten dena, emakumearen aurkako muturreko indarkeria hori, eta EAJk bere "ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren euskal legearen" bitartez babesten duena.

Gobernu honek inolako lotsarik gabe aplikatzen du dotrina neoliberala, eta, aldi berean, greban dauden langileak errepresioarekin zigortzen ditu. Hori egin du, besteen artean Bizkaiko metaleko langileen aurka, edo bere eskubideen alde borrokatzen duen eta Voxen faxismoari aurre egiten dion gazteriaren aurka.
Ekologismoaren korbata berdea jartzen duten berberek esku beteka diruz laguntzen dituzte gehien kutsatzen duten argindar enpresa handiak, edo ingurumenean eta inguruan bizi diren pertsonen osasunean kalte izugarriak eragingo dituen Gipuzkoako erraustegia martxan jartzen dute.

Errealitatea oso burugogorra da: EAJ ez da langileen, gazteriaren, krisi kapitalistaren ondorioak pairatzen ditugunon aliatua. Bere eskutik Euskal Herriko eskubide sozial eta nazionaletan aurrera egin dezakegula pentsatzea erabateko zentzugabekeria da. Kataluniako esperientzia argia da. Herriak autodeterminazioaren eta errepublikaren alde eta Estatuaren errepresioaren aurka borrokatzen duen bitartean, EAJko buruzagiak Gobernuaren politika zuritu besterik ez dute egiten, eta behar den guztia hitzartzen dute. Inoiz ez dute ezer egin monarkiaren aurka, ez 78ko erregimenaren aurka, eta arrazoia agerikoa da: hasieratik izan dira erregimen horren parte, eta hura egonkortzea dute helburu.

Greba orokorra arrakasta izan dadin eta borroka estatu mailako langile klasearekin elkartzeko

Euskal kapitalistek eta beren gobernuaren politikek euskal langile klasea eta gazteria estutu dituzte, eta kaleetan erantzuna oso bizia izan da, nahiz eta isiltasun mediatikoa hori ezkutatzen saiatu. Hainbat eta hainbat greba egin dira — metaleko langileak, grafikagintzako langileak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileak, egoitzetako langileak, garbiketako langileak, irakaskuntzako langileak, ikasleak …—. Mobilizazio jendetsuekin bat egin dute, martxoaren 8a, La Manadaren epaiaren aurka, Altsasuko gazteen berehalako askatasunaren alde, eta Kataluniako herriaren autodeterminazio-eskubidearen eta errepublikaren aldeko borrokarekin elkartasunean.

Hori da greba orokor hau bultzatu duen eszenatokia. Orain helburua argia da: gure bizi eta lan baldintzei eginiko erasoak iraultzea. Dagoeneko hainbat erakunde, elkarte eta kolektibok bat egin dute deialdiarekin: Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua, mugimendu feminista, Bizkaiko PAH-Kaleratzerik ez, Ikasle Sindikatua, Ernai, Berri Otxoak, besteak beste.

Horren aurrean, CCOOko eta UGTko zuzendaritzek greba orokorra babesteari uko egin izanak berretsi egiten du bake sozialerako eta desmobilizaziorako duten estrategia akats handia dela. Greba hau "ez dela egokia" dioten agintari horiek, urteetan zehar, zeharka jarri dira gobernu ezberdinek gure eskubideak erasotzen zituzten bitartean, edo gure interesentzat kaltegarriak ziren itunak egiten zituzten bitartean. Orain prestatzen ari dira etorkizuneko PSOE-Unidas Podemos koalizio-gobernuari txeke zuri bat emateko. Baina dagoeneko iragarri dute uko egingo diotela lan-erreforma, pentsioen kontrarreforma, LOMCE edota mozal legea indargabetzeari.

Estrategia horretan, sozialdemokrazia eta sindikatuetako buruzagiak, tamalez, Podemoseko buruzagien babesa izaten ari dira; izan ere, beren oinarri sozialaren eskaerak alde batera utzita, sistemaren gobernagarritasuna ziurtatzeko "Estatuko gizon eta emakume" bihurtu dira.

Alderdi moreak Estatuko parlamentuan "Mordaza Lege Digitalaren " bozketan izandako abstentzio lotsagarria, Podemosek eta EAJk EAEko aurrekontu berrietarako lortutako akordioa, edo Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua zatitzeko ahalegina greba orokorretik desmarkatu dadin, horren erakusgarri dira. Borroka eta kaleetako mobilizazioaren ordez, PSOEren babesle gisa parlamentuko eta instituzioetako jokoaren bidea hartzeak dakartzan ondorio tamalgarriak dira.

Urte hauetako esperientziak erakusten du kaleetan, antolaketaren eta mobilizazio bateratuaren bidez bakarrik lor ditzakegula gure helburuak. Horregatik, Ezker Iraultzaileak gure indar guztiekin lagunduko dugu urtarrilaren 30ean greba masiboa izan dadin, txoko, lantegi, ikasketa-zentro eta auzoetan batzar parte-hartzaile eta demokratikoen baitan antola dadin, eta gure aldarrikapenak lortu arteko goranzko mobilizazio plan baten parte izan dadin.

Euskal Herriko urtarrilaren 30eko grebak bidea seinalatzen du. Baita Estatu frantziarreko langileek ere, Macronen gobernuaren pentsioen erreformaren aurrean antolatu dituzten greba eta mobilizazio handiekin. Horregatik, egun handi honetan zubi bat eraiki behar da, gure borroka Estatuko gainerako langile klasearekin eta gazteriarekin zabaltzeko eta bateratzeko, botere ekonomiko handiekin konfrontatzeko eta baita, langile klaseari eta gazteriari bizkarra emanez, 78ko oligarkiaren eta erregimenaren mesedetan gobernatzeko prestatzen ari direnekin aurrez aurre jartzeko ere.

Murrizketen, prekaritatearen eta errepresioaren aurka!
Gizartearen eraldaketa sozialistaren alde!
Denak Greba Orokorrera urtarrilaren 30ean!

1.    Lan eta pentsio erreformak indargabetzea. 1.200 €-ko gutxieneko soldata. Langabezia-sorospen mugagabe baliokidea langabeentzat, lana aurkitu arte. 35 ordu astean, soldata-murrizketarik gabe. Lan-prekarietatearen amaiera: finkoak plantillan, 15 egunera.
2.    Pentsio duinak eta publikoak: 60 urterekin erretiroa eta 1.200 euroko gutxieneko pentsioa.
3.    LOMCE eta Heziberri berehala indargabetzea eta pribatizazio neurri eta lege guztiak amaitzea. Hezkuntza publikoko sare bakar baten alde, euskaraz, kalitatezkoa eta doakoa haur hezkuntzatik unibertsitatera.
4.    Osasun publiko duin, doako eta unibertsalerako eskubidea. Osasunaren pribatizazioa ahalbidetu duten lege guztiak indargabetzea.
5.    Etxe kaleratzeak legez debekatzea. Dagoen eskaria alokairu sozialekin aseko duen etxebizitza publikoen parke baten alde, bankuen esku dauden pisu hutsak desjabetuz.
6.    Pribatizatutako zerbitzuak publiko egitea, plantillak mantenduz eta zabalduz eta lan-eskubideak errespetatuz.
7.    Faxismoari eta arrazakeriari aurre egitea, mobilizazioarekin eta antolaketarekin. Atzerritasun Legearen indargabetzea eta Azterritarren Internamendu Zentroekin amaitzea, etorkinentzat eta haien familientzat eskubide politiko, sozial eta ekonomikoak bermatuz.
8.    Aski da, errepresiorik ez: "Mozal Legea" eta "Mozal Lege Digitala " indargabetzea. Berehalako askatasuna Altsasuko gazteentzat.
9.    Faxistak Estatuko aparatutik kentzea. Euskal presoentzako mendeku eta sakabanaketa politiken amaiera: Amnistia preso politiko guztientzat.
10.    Indarkeria matxistaren, justizia patriarkalaren eta LGTBI komunitatearen diskriminazioaren aurka. Gizonen eta emakumeen arteko soldata- eta pentsio-arrakala amaitzea. Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioen zenbaketa ez zigortzea. Kotizatutako egun berean lan egindako eguna zenbatzea.
11.    Autodeterminazio eskubidearen alde. Euskal Herriko eta Kataluniako errepublika sozialisten alde eta errepublika sozialista federal baten alde, egun estatu espainiarra osatzen duten herri eta nazioen batasun libre eta borondatezkoan oinarritua, hala erabakitzen badute.
12.    Bankaren eta ekonomiaren sektore estrategikoen nazionalizazioa langile klasearen kontrol demokratikoan, gehiengoaren ongizatea bermatzeko eta ingurumenaren suntsiketarekin amaitzeko.