Osasunean izan duen eraginaz gain, Covid-19 pandemiak utzten duen ondoriorik larrienetakoa milaka lanpostu suntsitzea eta milioika langileren bizi baldintzak okertzea da. Batez ere 2008ko krisi ekonomikoak jada gogor kolpatu zituen herritarrentzat.

Krisi honek gehien eragin duen sektoreetako bat aeronautikoa da. Sektore hau hedapen nabarmeneko ziklo batean zegoen. Airbus eta Boeing bezalako multinazional aeronautiko handien aurreikuspenak oso itxaropentsuak ziren. Hurrengo 20 urteetan 40.000 hegazkin inguru eraikitzea aurreikusi zuten, gaur egungo flotaren bikoitza, 5 bilioi eurokoa. Plan horiek guztiak bertan behera geratu dira.

Euskadin, industria aeronautikoa oso garrantzitsua da, industriako BPGaren %6,1 hartzen du eta industriako langileen %2,4 enplegatzen du. Enpresa horietako asko Hegan aeronautika klusterrekoak dira eta mundu osoan zehar 64 entitate eta 176 instalazio barne biltzen ditu, horien erdiak EAEn.

2018an sektoreak 2.500 milioi euro inguru sortu zituen eta ia 15.000 langile aritu ziren munduan zehar zabaldu dituzten lantegietan. Azken hamar urteetan fakturazio zifrak bikoiztu egin dira.

Covid-19 krisiarekin aireko trafikoa %90eraino murriztu da azken hilabeteetan. 2020rako, urteko bidaiarien trafikoa %48 murriztea espero da aurreko urtearekin alderatuta, IATAren (Nazioarteko Aireportu Garraioen Elkartea) arabera. Gertakari honek hegazkinen eskaeren beherakada nabarmena eragin du, eta horrek fabrikatzaile nagusiak hasierako aurreikuspenei doikuntzak egitera eraman ditu, produkzioa %35 edo %40 murriztuz. Zehazki, Airbusek ekainean aurkeztu zuen munduko 15.000 langile baino gehiagoren plantila murrizteko plana, horietako 1.600 espainiar Estatuan.

Multinazional aeronautiko handien ekoizpenaren murrizketa horrek zuzenean eragiten die hornitzaile guztiei. ITP Aerok, adibidez, hegazkin turbinen fabrikatzaileak, uztailean 600 langile kaleratuko zituela iragarri zuen, plantillaren %15. Aldi berean, konpainiaren jabea den Rolls Roycek galerak konpentsatzeko enpresa uzteko asmoa agertu zuen. Aciturrik ere, jarduera %40 baino gehiago murriztu du eta EEE bana iragarri du Valladolideko eta Burgosko lantegietan. Eskuratu berri duen Alestis enpresak ere jakinarazi du ez dela Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa luzatuko, bertako langileen erdia kaleratzeko EEE bat negoziatzeko bidea irekiz. Bere aldetik, Aernnova taldeak, Estatu osoan gehi atzerrian 4.500 langile inguru dituena, lan kargaren %40 galdu du eta datozen hiru urteetan %30 murriztea espero du. Hori dela eta, 950 lanpostu murriztuko dituela iragarri du, hauetatik 650 espainiar Estatuan.

Hornitzaile handi horiez gain, krisiak sektoreko enpresa laguntzaile ugariri ere eragiten die eta horien ekoizpena nabarmen murriztu da. Horrek enplegu suntsiketa gehiago ekarriko du.

Airbusen aurreikuspenen arabera, krisiaren aurreko produkzio mailak ez dira 2023 edo 2025 baino lehen berreskuratuko. NDFren ekaineko txostenak ordea hori ere zalantzan jartzen du, berreskurapena hasieran aurreikusitakoa baino motelagoa izango dela adierazi baitu. Eszenatoki ezkorrenean, 2021 hasieran pandemia berpiztearekin batera, munduko ekonomiaren hazkunde tasa negatiboak aurreikusten ditu gutxienez 2024ra arte, azterketa egin den egunera arte. Sistema kapitalistaren krisiak ondorio benetan latzak utziko ditu langileentzat.

Kapitalismoaren krisia mundu mailan

2008ko atzerapenari aurre egiteko ezarritako errezeta ekonomikoak ez zuten balio hamarkadetan sistema kapitalistak pilatutako kontraesan larriei erantzuteko: irabazi ekonomiko pribatu handiena lortu nahi duen sistema honetan, ondasunak planifikatu gabe ekoizten dira, ekoizpen gaitasunak merkatuak hori xurgatzeko duen gaitasuna gainditzen du eta gain-ekoizpen krisi ziklikoak eragiten ditu ezinbestean.

2019an, munduko BPGak 2009tik hazkunderik txikiena izan zuen eta 2020rako eta 2021erako aurreikuspenak okerragoak ziren jada osasun krisia lehertu aurretik. Koronabirusaren krisia baino lehen NDFak aurreikusia zuen atzeraldia. Pandemiak desoreka horiek nabarmendu eta areagotu besterik ez du egin.

Jakina, enpresa horien zuzendaritzen arabera, plantillako "egokitzapen" guztiak sektoreko enpresak eta enplegua salbatzera bideratuta daude. Aurreko urteetan lortutako etekin handiek ez dute ezertarako balio izan. Gobernu ezberdinek emandako laguntza handiek ez dute enplegua mantentzeko balio izan, enpresarien kontu korronteak gizentzeko baizik.

Estatu frantziarrak 15.000 milioiko laguntza iragarri zuen sektore aeronautikorako, batez ere Airbusentzat. Hala ere milaka lanpostu suntsitzeko asmoa iragarri zuen. Uztailaren 31n, PSOE-UPren Gobernuak - Aeronautika Plan Teknologikoaren bidez - 185 milioi euroko laguntza eman zion Airbus enpresari, eta beste 100 milioi bideratu zituen enpresen flota berritzeko.

Aire konpainiei  emandako laguntzetan oso esanguratsua da Air Europaren kasua. 400 milioi euroko zuloa duen konpainia diru publikoarekin erreskatatu ondoren, Iberiaren IAG taldeak eros dezake. Operazio honekin, erreskatean erabilitako diru publikoa Air Europaren jabea den Hidalgo familiaren kontura bideratuko litzateke.

Enpresa horietan guztietan ezarritako Aldi Baterako EEEk ez dituzte kaleratzeak eragotzi, langileen ordezkariekin negoziatzerakoan argudiatu zuten moduan. Lortu den gauza bakarra kaltetutako langileen soldatak aurreztea izan da, diru publikoaren kaltetan eta eskulana are gehiago prekarizatzea.

Patronalaren ofentsiba gelditu behar dugu

Krisitik ateratzeko kapitalisten errezeta ezagutzen dugu jada. Enplegua suntsitzea, desindustrializazioa, soldata murrizketak eta prekaritatea eta miseria orokortzea herritar gehienen artean. Etekinik handiena lortzearen logikaren baitan, biztanleriaren gehiengoa miseria gero eta handiagora kondenatzea eta ingurunea suntsitzen jarraitzea besterik ez dago. Datozen urteetarako egundoko giza hondamendia ekidin nahi badugu, borroka irmoa antolatu behar dugu eraso horien guztien aurka. Ezinbestekoa da mobilizazio handia antolatzea sektore aeronautikoan.

Kapitalistek inposatzen diguten logika onartzeak langile klasearentzat etengabeko kontzesioak eta sakrifizioak egitea suposatzen du, langileen esplotaziotik eskuratzen dituzten enpresa irabazi guztiak bere horretan mantendu ditzaten. Horregatik, sindikalismo "errealista" praktikatzeari eta gaitz txikiena onartzearen utzi behar diogu.

Nissanen itxieratik ikasgai garrantzitsuak atera daitezke. Aurre erretiroak eta indemnizazioak adostearen ondorioz 25.000 langile kalean geratu dira kontratatuak, azpikontratatuak eta hornitzaileak barne. Bai Enpresa Batzordeek, bai Nissanen zeuden sindikatuen arduradunek eskuetan izan dute langileek une oro erakutsi duten indarra eta Katalunian eta Estatu osoan langile klasearen aldetik izandako elkartasun itzela. Badago alternatiba Aldi Baterako EEEak, kaleratzeak, baja pizgarriak, aurre jubilazioak, deslokalizazioak eta inoiz gauzatzen ez diren berrindustrializazio planak negoziatzera mugatzen den sindikalismoaren aurrean: langile borroka bateratuan oinarritzen den sindikalismo borrokalaria.

Ezinbestekoa da mobilizazio handia antolatzea sektore aeronautiko osoan

Euskal gehiengo sindikalak kapitalaren aurkako borrokaren bidea berreskuratu behar du, borrokan zeuden sektoreak bateratu zituen urtarrilaren 30eko greba orokorraren bideari eutsiz. Gaur egun bizi dugun egoera orduan baino askoz okerragoa da. Horregatik, erantzunak ahalik eta zabalena eta indartsuena izan behar du. Lantoki guztietan asanbladak antolatzen hasi behar dugu sektore aeronautiko osoa batuz borroka hau maila altuago batera hedatzeko -baita Euskal Herritik kanpora dauden lantegiak ere- eta langileen artean mobilizazio plana demokratikoki erabaki behar dugu, krisiak jotako beste sektore batzuk borrokara elkartuz, langile klase osoaren laguntza bilatuz.

Konponbidea ez da zenbait sindikatuk planteatzen dutena - hala nola CCOO edo UGT- sektore aeronautikoa estrategiko izendatzea, gobernuak aldi batez bertan esku hartu dezan: horrek diru publikoaren bidez enpresariei zorrak kitatzea esan nahi du, saneatuta daudenean enpresak kapitalistei itzultzeko. Horrela, lortzen den gauza bakarra da kapitalisten etekin pribatuak gizarte osoaren baliabideekin babestea da eta desberdintasun sozialak, esplotazioa eta pobrezia betikotzea.


Ekonomia kapitalista ez bada gai sektorean enplegua bermatzeko eta prekaritatearekin amaitzeko, langile klaseak hartu behar du ekoizpen-bitartekoen kontrola, hau da, enpresa nazionalizatu behar da, langileek demokratikoki kudeatuta izateko. Irtenbide hori exijitu behar diogu PSOE-UP gobernuari eta salatu EAJ, euskal ehun industriala suntsitzen ari den patronalaren alderdia dela. Sektore aeronautikoaren industria -gainontzeko sektoreak bezala- sozialki beharrezkoa da, besteak beste, garraiobide publikoak, autobus elektrikoak eta produktu ugari fabrikatzeko eta milioika pertsonen bizitza hobetzeko. Baina kapitalisten irabazi pribatuak lehenesten diren bitartean hori guztiz ezinezkoa da.

Hori dela eta, langile guztien eta gizarteko sektore zapalduenen borroka irmo eta antolatua ezinbestekoa da enpleguaren defentsan eta lan baldintzak hobetzeko, hau da, azpikontratazioarekin, prekaritatearekin, aparteko orduekin eta soldata baxuekin amaitzeko.  Urtarrilaren 30eko greba orokorrean egin genuen moduan, berehalako aldarrikapen argiak ditugu: 1.200 euroko gutxieneko soldata, astean 35 orduko lanaldia, PSOE eta PPren lan erreformak indargabetzea, pentsioak, osasuna eta hezkuntza publikoa zein lan baldintza duinak defendatzea.

Etorkizun duina nahi badugu, kapitalismoa sistema posible bakarra dela onartzera makurtzen den sindikalismo otzanarekin hautsi behar dugu. Bai, bada alternatiba bat! Langile klasearen alternatiba baten alde borrokatu behar dugu: desberdintasunik edo pobreziarik gabeko gizartearen alde, ekoizpen baliabide handiak modu planifikatuan, langileen kontrolpean eta ingurumena errespetatuz antolatuko dituen gizarte baten alde, behar sozial guztiak asetzeko eta ez aberastasuna monopolizatzen duen gutxiengo sozial baten interesen mesederako. Gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatu behar dugu.