Aski da! Muntaia eta jazarpen sindikalik ez!
IMA Ibérica- Prestimako sindikalista eta langileak inongo justifikaziorik gabeko eraso gogorrak jasaten ari dira enpresa zuzendaritzaren aldetik. Azken hiru hilabeteetan Enpresa Batzordeko lehendakaria zen Jamal Kessou eta USO sekzio sindikaleko idazkari nagusia zen Carlos Bofi kaleratu dituzte. Orain Aitzol Arribillaga kaleratu nahi dute, Enpresa Batzordeko lehendakaria izan dena, aurrekoa kaleratu ostean.
Aldi berean enpresako zuzendaritzak, ordezkaritza sindikalik ez izateko, Enpresa Batzordea karguz kentzeko iruzurrezko prozesu bat jarri zuen martxan.
Jazarpen sindikal honen zergatia langileen eskubideen alde ahotsa altxa eta borrokatzen dutenekin amaitzea da. Are gehiago orain, langileen baldintzen aurka eraso gehiago prestatzen ari direnean. Kide hauen delitu bakarra lan baldintza duinen alde borrokatzea izan da.
Enpresa honetan lanean daramatzan 3 urteetan, Aitzolek ez du ez falta ezta zehapen bakar bat ere jaso. Baina hain justu orain, Aldi Baterako Erregulazio Espediente baten harira gatazka gogorra izan ondoren, enpresako zuzendaritzak neurriak hartzea erabaki du langileen edozein mobilizazio edo borrokak aurrera egin ez dezan.
Enpresa Batzorde borrokalaria ezeztatzeko irregulartasunez beteriko prozesu iruzurti bat aurrera eraman eta berehala, Aitzol Arribillagari -Batzordeko lehendakaria- espedientea ireki diote. Muntaia hutsa den espedientea da, begi bistatik kendu eta kaleratzeko bereziki egina.
Kausa berriekin bi aldiz gehiago zabaldua izan den espediente horren atzean, zantzu guztien arabera, Lagun Aro – enpresaren bezero garrantzitsuenetako bat- oso aktiboki kolaboratzen ari da sindikalista honen kaleratzeari estaldura emateko.
ERTE-aren inguruko gatazkan, IMA Ibérica- Prestimako zuzendaritzak jada ohartarazi zien langileei, gatazkak aurrera jarraituz gero Lagun Arok alde egingo zuela. Horrela, ondoren garatu den jazarpen sindikala babesten eta bultzatzen aritu da enpresa hori.
Lagun Arok call center zerbitzuak Madrilen azpikontratatuak izatearen arrazoia bakarra da oinarrian: merkeago ateratzen zio langile horiek Madrilen kontratatzea Euskal Herrian baino, eta zer esanik ez zuzenean kontratatuko balitu.
Honela, Aitzolek bezala zerbitzuak euskaraz eskaini behar dituzten langileen lan baldintzak okertuz negozio biribila egiten du. Eta noski, ez du ezertxo ere entzun nahi prekaritatetik babesteko sindikatzen eta antolatzen diren langileen inguruan.
Horregatik, enpresak zabaldu dituen espediente hauetan, Lagun Aroren eskutik jasotako mezuak erabili ditu, ez kasualitatez irailaren erdi aldetik aurrera bidaliak, enpresa batzordearen ezeztatze prozesua gauzatzen ari zenean. Mezuetan, besteak beste, dei batetan izandako “gertakari” batez informatzen da, eta Aitzol “lehenago ere egindakoa dela” salatzen dute eta “hemendik aurrera gure bezeroen deiak hartzeari utz diezaiola” agintzen dute. Gutxienik harrigarria da bat-batean Lagun Arok langilearekiko adierazten duen gogortasuna. Sinesgaitza ere darabilen jauntxoen hizkera iraingarria.
IMA Iberica- Prestima eta Lagun Aroren artean koordinatutako ekintza hauek, enpresak aurrerantzean langileen aurka erasoak egiteko estrategiaren parte dira, enpresaren kostuak murrizteko eta bestalde Lagun Aro bezalako enpresen irabaziak handitzeko. Hori dela eta, behartuak sentitzen gara publikoki Lagun Aroren bezeroen aurrean salaketa hau ezagutarazten, eta jakin dadila enpresa hau bere Madrilgo enpresa azpikontratatuen bidez, oinarrizko eskubide sindikalen aurkako urraketan laguntzen ari dela, sindikalista borrokalarien kaleratzea arau bilakatuz.
Lagun Aroren Enpresa Batzordeko ELA-ko ordezkariengana elkartasuna eta babesa eskatzeko zuzentzen gara, baita Euskal Herriko LAB eta ELA-ko ordezkari eta afiliatuengana. Elkartasuna oinarrizkoa da langile klasearen eskubideak defendatzeko. Horrela soilik egin diezaiokegu aurre errepresio sindikalari eta patronalaren gehiegikeriei. Bat ukitzen badute, guztiok erantzun behar dugu!