"Argi dago gure ondoren beste batzuen bila joango direla.
Borroka plan jarraitu bat behar dugu. Sistema bat botatzearekin batera, beste bat eraiki behar dugu "
Elkarrizketa hau Beasainen egin genion urriaren 21ean Oscar Rodriguezi, TRENASA lantegiko LABeko atal sindikaleko kidea. Castejongo enpresa honek (CAFen filiala) irailean fabrika ixtearekin eta 110 langile kalean uztearekin mehatxatu zuen. Egun horretan, Trenasako langileek protesta bat antolatu zuten Beasaingo CAFen ate aurrean. CAFeko langileek itxieraren aurka eta elkartasuna adieraziz, ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzeak antolatu zituzten fabrika atarietan.
Astebete geroago, enpresak fabrikaren itxiera geldiaraziko zuela iragarri zuen, behin behinean, urtarrilaren 31ra arte. Baina mehatxua mantentzen da eta langileak ere borrokan jarraitzen dute, enpresaburu horien maniobren aurrean.
EHS.- Zein da zuen egoera oraintxe bertan?
Oscar.- Trenasa 2007an ireki zuen CAF kostuak aurrezteko, guk baldintza kaskarragoetan lan egitearen kontura. 14 urte hauetan enplegu erregulazioko zazpi aldi bizi izan ditugu: lau ERTE eta hiru ERE. Gainera, jazarpen sindikal izugarria ere egon da ELA eta LAB sindikatuetako jendearen aurka.
TRenasaren itxierak Nafarroako hegoaldean egoera lazgarria ekarriko luke, berez langabezia handia baitu. Corella eta Citruenigo -inguruko bi herriak- dira Nafarroa osoan langabezia gehien duten lehena eta bigarrena. Gainera pobrezia larriko kasuak ditu, zeren lana izateak ere ez dizu ziurtatzen zure beharrak aseta izango dituzunik.
Castejonen kasua ere oso tristea da, Castejon betiko trenbide-herria delako. Bere garaian 800 pertsona zeuden lanean RENFEn eta orain 12 edo 13 baino ez dira geratzen. TRENASA irekitzeak ilusioa pixka bat piztu zuen herrian, trenen lana Castejonera itzultzen ari zela zirudielako, baina iruzurra dela erakutsi du.
Ikusten ari garena oso iraingarria da; izan ere, TRENASAri diru publikoko diru-laguntza gehiago eman zaizkio ordaindu dituen soldata guztiak baino, eta orain itxiera planteatzen du – 110 familia kalean utzita –, eta ez da ezer gertatzen. Bien bitartean, edozein autonomori hiru urteko bideragarritasun-planak eskatzen dizkiote, 2.000 euroko diru-laguntza emateko. Ezin daiteke onartu.
EHS.- Esan dizuete TRENASA ez dela errentagarria itxiera justifikatzeko, baina kontuen atzean iruzurrik badagoela ere atera da. TRENASA CAF Taldearen ardura liratekeen 12 milioi euroko ordainketa egin duela esate baterako. Zer gertatzen da horrekin?
Bai, dena maniobra bat da gure kaleratzeak justifikatzeko, enpresa errentagarria ez dela esanez. Baina bada. Diru hori guztia Corellako proba-biderako egin ziren inbertsioena da. Horretarako, Trenasaren filiala den enpresa bat sortu zen – filialaren filiala –, baina guztia CAFen jabegokoa da.
Kontuekin aurkitu duguna da inbertsio horren dirua TRENASAtik atera zela, baina irabaziak filialarentzat izan ziren. Hau da, TRENASAk 12 milioi euro gastatu zituen horretan, ez zegokion arren, eta filialak 6 milioi euroko irabaziak atera zituen. Eta orain esaten digute TRENASA ez dela errentagarria, 3 milioi eta erdi euroko zorra duelako! Baina berdin esan lezakete zorra 14 milioikoa dela edo auskalo. Dena iruzurra da. Dena da CAFena. Hemen tranpa bat dago, gainbalioen lapurreta, dirua patrika batetik bestera mugitzen duena. Dena aitzakia bat da asmatzeko, xantaia hobeto egiteko.
Gero, lanaren gaia dago. Datorren urterako oso argazki beltza planteatzen ari direlako lan-kargari dagokionean. Baina hori egiten dute geure gain har dezagun fabrikaren itxiera eta belarria berotzen joan gaitezen beste lantegietan, eta horrela beldurra erein dezagun gainontzeko langileen artean.
EHS.- Nola erantzuten du Nafarroako Gobernuak egoera honen aurrean?
TRENASArekin, Nafarroako Gobernuak inbertsioak egin ditu, adibidez, geltokirako trenbide bidez sarbidea izango luketen lursail batzuk erosteko, tren bakar bat ere sartu ez duten arren. Eta orain itxiera iragartzen dute, ordainketa publiko horren guztiaren ondoren eta ezer gertatuko ez balitz bezala. Orduan, nola egiten ditu Nafarroako Gobernuak inbertsioak?
Trukean zerbait eskatu beharko lioke enpresari, edo, gutxienez, lanpostuak mantentzeko exijitu. Baina, noski, denak du azalpena. Hemen Nafarroako Gobernuan dirua askatzen duena Manu Ayerdi da (EAJ), Nafarroako Euskadi Buru Batzarreko ordezkaria, eta honekin ezikusiarena egiten ari da.
EHS.- Nola ari da borroka garatzen?
Kontuan hartuta pikete batean zaudela eta bat-batean guardia zibil bat sartzen zaizula piketearen erdian jendeari esateko maskara igotzeko edo metro eta erdi banatzeko… beste edozer egiteko moduan… Etengabe daukagu polizia zelatan. Oso zaila da horrela presioa egitea, baina guk borrokan jarraitzen dugu.
Gainera, enpresak Castejondik kanpora eraman du negoziazioa. Zirko bat egin zuten hori justifikatzeko, enpresa-abokatuaren osotasun fisikoa mantentzeko zela esanez, eta Iruñera eraman zuten. Harrezkero, maniobrak egiten aritu dira, mobilizazioa urrun edukitzeko. Lehenengo bilera leku batean izan zen, bigarrena 24 ordu lehenago aldatu zuten, kontzentrazio-baimenik izan ez genezan. Beste egun batean, abokatua konfinatzen dute, koronabirusa duen lehengusuren bat duelako. Bilera bideokonferentziaz egiten dute eta ez dizute aurpegira begiratu ere egiten enpresa ixten dizutenean.
Mahaian gertatzen denari dagokionez, itxaropen gutxi dugu, zirkua baita. Aurretik prestaturik dute gidoia eta, gainera, mahai gainean pistola bat duzula zoaz negoziatzera. Izan ere, azken lan-erreformarekin, hilabete batean ez bada akordiorik lortzen, enpresak hasiera batean planteatu duena aplikatuko dizu. Zer negoziazio da hori?
Enpresak denbora galtzea nahi du, langileok estualdian egon gaitezen eta azkenean miseria bat sinatu behar izan dezagun, geure heriotza-sententzia sinatu dezagun nahi dute, bestela urtean 20 egunekin joango baitzara kalera.
EHS.- Gaur CAF eta TRENASAko langileek indarrak batu dituzue protesta honetan. Zer esango zenieke egun kaleratze mehatxaturik ez dutenei? Nola batu ditzakegu indarrak eskubideak lortzeko eta langileriaren etorkizuna defendatzeko?
Argi dago gure ondoren beste batzuen bila joango direla. Orduan gure borroka beren borroka da. Gaurkoa oso egun polita izan da, jaso dugun elkartasun guztiagatik. Baina berekoi bat denak ere, babestu egin beharko gintuzke, berari zer gerta ere. Eraso hauek gero beste langile batzuei ere etorriko zaizkie.
Arazo bat dugu: defentsiban bakarrik mugitzen gara. Badakigu ez dugula kapitalismorik nahi. Badakigu bizimodu honek sufrimendu handia sortzen duela. Baina ez gara gizarte alternatibo hori eraikitzen ari. Sindikatuek ezin dute patronalaren erasoen aurrean defendatzen bakarrik egon. Estrategia argia eta epe luzekoa egon behar du.
Greba orokorrak oso eginkizun garrantzitsua betetzen du borroka bateratzeko, baina beti gauza bera gertatzen da: hurrengo egunean zer? Borroka plan jarraitu bat behar dugu. Sistema botatzearekin batera, beste bat eraiki behar dugu. Horrela konbentzituko dugu jendea alternatiba badagoela. Ikusi eta ukitu egin behar dute, beste modu batera bizi daitekeela ohartzeko. Horregatik borrokatu behar dugu.