Lanpostu duinaren alde!
Azkenaldian etengabe bonbardatu gaituzte, egoera berezi honetan dena etenda eta geldirik dagoen ideiarekin. Ez dela mobilizatzeko garaia esaten zaigu, garai txarrak direla eta gizalegez jardun behar dela. Baina gero eta langile gehiagok ikusi dute zer dagoen gezur handi horren atzean. Gure eskubideen aurkako erasoa ez da gelditu; areago, pandemiaren garaian gogortu egin da. Eraso guzti horiei aurre egiteko eta gure oraina eta etorkizuna defendatzeko, urtarrilaren 30ean manifestazio benetan garrantzitsua egin genuen Gasteizen. 7.000 pertsonatik gora izan ginen enplegu duinaren alde kaleak bete genituenak, borrokan ari diren 50 bat enpresa-batzorderen eta kolektiboen deiari erantzunez.
Ekimen honen bultzatzaile garrantzitsua izan dira Aernnovako langileak, izan ere, protesta itxialdia egiten ari direla, euren borroka zabaltzea eta erasopean dauden beste langile eta sektoreekin bat egitea proposatu baitute. Ez dira ordea, indarrak batzeko modua bilatu duten bakarrak izan. Burulango langile batzordearen osoko bilkura —aeronautika sektoreko enpresa hori ere— sektore bereko beste enpresetako batzordeei zuzendu zitzaien, borrokan ari diren enpresa guztiak bateratzeko. Era berean, Ezkerreko Sindikalistok eta Ezker Iraultzaileko kideok, aeronautikaren sektorean ordezkari ditugun gure kideekin, ideia hori bultzatu genuen, eta hori aldarrikatu dugu manifestazio guztietan.
Batzordeak eta Aernnovako langileek manifestazioa sustatzea erabaki zutenean, beste batzorde batzuekin harremanetan jarri ziren babesa eskatzeko eta horrela batu ziren SDA Factory, Laminaciones Arregui, TLA-antigua Condesa, Elecnor, Cartonajes Igamo, Garbialdi edo Arabako ESIko Osasun Zentroak eta Santiago Ospitalea. Ondoren, Glovoko Riderrak, Martxoak 3 elkartea eta Langabetuen Asanblada, pentsionistak, osasun-langileak, haur-eskoletako langileak, sorosleak, rokodromoetako langileak eta beste hainbat kolektibo eta LSB-USO, ESK, CGT, CNT eta LAB sindikatuak atxiki ziren deialdira.
Berebiziko garrantzia du ekimen honek, hain zuzen, behetik jaio eta sendotu baita eta horrek sekulako arrakasta eman baitio. Lehenik eta behin, mahai gainean jarri du mobilizazioari kementsu heltzeko beharra dagoela, borrokak enpresetara mugatzeko estrategia gainditzeko. Duela urtebete Euskal Herrian, urtarrilaren 30eko greba orokorrean erakutsi genuen bezala, gure borroka bat eta bakarra da! Gure bizitzak zapaltzen eta prekarizatzen dituen patronalaren eta EAJren eta PSEren Jaurlaritzaren politiken aurkako borroka da! Bigarrenik, erakusten du langileok borroka egiteko borondatea dugula, beste irtenbiderik ez dugulako, eta hori aurrera eramateko eta antolatzeko gai garela. Kasu askotan, gure sindikatuetako agintarien jarrera okerrak gainditu behar izan ditugu. Kasu honetan, ELAk akatsa egin du: ez du mobilizazioa babestu eta, gainera, ostalarien, taxilarien edo anbulantzia-gidarien elkarteen parte-hartzea argudio gisa hartuta enpresaburu eta ugazaba txikien protesta dela esan du.
Jarrera horrekin, Hego Euskal Herriko lehen indar sindikalak bizkarra eman die 50 enpresa batzorde baino gehiagori, nahiz eta langile mordoa Gasteizko kaleak astintzen ari ziren “Borroka da bide bakarra!”, “Polizia gutxiago eta osasun gehiago!”, “Osasuna %100 publikoa!” oihukatuz eta enpresa bakoitzetik zekartzaten aldarrikapenak elkartuz.
Osakidetza, jantokiak, egoitzak, hezkuntza, sektore aeronautikoa: borroka abian da Euskal Herrian
Pandemiaren aurretik, 2019an, EAEko pobreziaren hazkundearen datuak jada kezkagarriak ziren; % 46ko gorakada azken hamarkadan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 131.000 biztanle benetako pobrezian bizi ziren. Ongizate faltak 27.294 pertsonari eragiten zien, 2016an baino % 17 gehiagori. Ustekabeko gastuei aurre egiteko ezintasunari dagokionez, herritarren % 23k zuen horretarako arriskua. Egoera hori PSOEren eta PPren lan-erreformen ondorioa zen, patronalari soldatak murrizten lagundu eta lan prekarietatea areagotu baitzieten. Langile finkoak eta eskubideak zituztenak kaleratu zituzten, aldi baterako laneko enpresen edo azpikontraten bidez behin-behineko kontratuak eginez, eta nagusien etekinak eta desberdintasuna soziala handituz. Bestalde, EAJ eta PSE-PSOEren gobernuek, PPren laguntzarekin, murrizketak sustatu zituzten diru-sarrerak bermatzeko errentan, pentsioetan eta osasun eta hezkuntza publikoaren pribatizazio progresiboan, pribatizazioa indartuz. Beraz, langileok lan- eta bizi-baldintzen murrizketa handiak jasan ditugu azken hamarkadetan, baina, bereziki, 2008-2009ko azken atzeraldi handiaz geroztik. Hauts haietatik datoz oraingo lohi hauek. Pandemiak langile klasearen arazoak areagotu ditu.
Errealitate horren ondorioz, azken urteotan borroka sozial ugari izan dira Euskal Herriko kaleetan: greba feminista ikaragarriak eta pentsiodunen mobilizazioak aurrekari izan ziren langile mugimenduarentzat, bereziki sektore feminizatuenentzat eta oso zapalduta dauden sektoreentzat, hala nola zaharren egoitzetako langileentzat, Huerta de Peraltako langileentzat eta hamarkada batez hitzarmena berritu gabe zuten milaka eta milaka langileentzat, hala nola Bizkaiko metaleko langileentzat.
2019an, lan egin gabeko lanaldiak laukoiztu egin ziren, eta biztanleen % 75ak adierazi zuen protesta ekintzaren batean parte hartu zuela. Giro horrek eta borroka horiek guztiak bateratzeko beharrak ekarri zuen 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorra, Gutun Sozialak landutako aldarrikapen plataformaren defentsan. Plataforma horrek ehun kolektibo baino gehiago biltzen ditu, ELA eta LAB gehiengo sindikala buruan.
Pandemiak eta itxialdiak greba uholde hori geldiarazi zuten, baina 2021. urtearen hasieran egoera are dramatikoagoa da, kaleratzeak eta pobrezia areagotu baitira. Osakidetzak greba egin du urtarrileko azken astean, baita zaintza eta egoitzen sektoreak ere. Horiei gehitu behar zaizkie hezkuntzako grebak, oraingoan haur-eskoletan.
Urtarrilaren 1etik aurrera manifestazio ugari izan dira: sektore aeronautikoko enpresetako langileena, Mercedes Benzeko langileena, borrokan dauden zaharren egoitzetako langileena, interinoena, eskola jantokietako langileena eta garraiolariena eta osasun langileena. Manifestazio bakoitza bere aldetik egin da, sindikatuen deiei erantzunez, nahiz eta sektore guztiek arazo berbera eta arduradun berberak izan, patronala eta EAJ.
Hori dela eta, larunbateko manifestazioak garrantzia ikaragarria du: jarraitu beharreko bidea erakusten du, eta, zalantzarik gabe, sektore horiek inspirazio iturri izango dira, modu bateratuan eta jasaten ari garen erasoen neurriaren pareko indarrarekin erantzun behar baita.
Patronalak labanak zorrozten ditu. Ez dugu krisia ordainduko!
2020an, euskal ekonomiak % 9,4 egin du behera, kapitalismoaren mundu mailako beste krisi baten erdian. Pandemiarekin, krisi hori larriagotu egin da, eta Covid-19ren atzean ezkutatu dute. Krisi berri honen aurrean, EAJ-PSEren Gobernuak ez ditu bere politikak batere aldatu. Kaleratzeak, erregulazio txostenak, soldata jaitsierak, ordaindu gabeko ez-ohiko orduak, ekoizpen erritmoak handitzea, lan-istripuak, prekarietatea areagotzea, etab., izan dira, baina zor publikoaren hazkundearekin eta makro-proiektuetarako Europak emandako “laguntzekin” lortutako dirua multinazional handienei eman diete, Iberdrolari, Repsoli eta Abiadura Handiko Trenari (AHT).
Gure eskubideak zapaltzen oinarriturik, Eusko Jaurlaritzak % 8,4ko hazkundea aurreikusten du 2021ean. Hori lortzeko, EAEko ekonomiak aurtengo bigarren hiruhilekoan % 21eko goraldia izango duela aurreratu dute. Halere, poltsikoak puztutzea da axola zaien gauza bakarra, eta horixe erakusten du gaur egun txertoak iragarri bezala ez iristeak. Azken batean, farmazeutiken esku dago txertoen ekoizpena, eta pandemia areagotu egin da jarduera ekonomikoa gelditu ez delako patronalaren irabaziak mantendu ahal izateko.
Azarotik abendura, erregulazio espedientea duten 30.000 langiletik 43.000 langilera igaro da EAEn, eta enplegu erregulazioko espedienteak amaitzen direnean, kaleratze gehiago izango dira. Langabezia %17 hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan 2019ko datuekin alderatuta. Erregulazio espedienterik gabe, Gizarte Segurantzako afiliazioaren beherakada aurreko atzeraldiaren unerik txarrenetan (2012-2013 bitartean) izandakoa baino hiru aldiz sakonagoa izango litzateke. Orduan %5 murriztu zen; orain, berriz, beherakada %15ekoa da.
Duela gutxi egindako inkesten arabera, Europar Batasunean familiek duten konfiantza %18 jaitsi da, Erresuma Batuan %22 eta Espainiar Estatuan %28. Euskal Herrian %33 jaitsi da, EBko batez bestekoaren ia bikoitza. Horrek esan nahi du mesfidantza handia dagoela sistemaren erakundeengan, ezin delako sinetsi pobreziari inolako irtenbiderik emango diotela non eta beren politikak direnean kondenatzen gaituztenak. Mesfidantza hori gertakari objektiboetan oinarritzen da. Araban, industria sektoreak pisu handia du eta enpresen % 22k iragarri du plantillak murriztuko dituela aurten. % 43k behin-behineko erregulazio espediente bat eskatu du, eta Arabako enpresaburuen % 90ak ez du susperraldia gutxienez 2022ra arte espero. Benetan geratu behar al dugu besoak gurutzatuta hondamendi soziala honen aurrean? Zer nolako etorkizuna espero dugu gure patua sistema honen defendatzaileen esku uzten badugu?
Ez murrizketarik, ez kaleratzerik, ez prekarietaterik! Politika kapitalisten aurka, indarrak batu behar ditugu Euskal Herrian greba orokor batean!
Egoera horretan ulertu behar dira azken hilabeteetan Araban eta Euskal Herri osoan etengabe izan diren langileen borrokak; askotan hainbat manifestazio egin dira astero. Baina langileen borrokarako borondatearen aurrean, zuzendaritza sindikalak ez dira planteatzen ari erasoen maila berean erantzutea ahalbidetuko duen estrategia bat. Gure indarrak enpresaz enpresa sakabanatzen dituzte, helburu komuna lortze aldera elkartu beharrean.
ELA, LAB sindikatuetako zuzendaritzek, -hala nola CCOO eta UGTkoek- krisia koiunturala dela berretsi dute, guztia pasatuko dela hilabete gutxi barru txertoei esker eta, beraz, neurri ez traumatikoak hartu behar direla esan dute. Horrela, estrategia eraginkorra ez ezik, hondamendi horren alternatiba ere ukatzen dute.
Era berean, ez dute eskatzen, irmo eta tinko, 2020ko greba orokorrean aldarrikatutako Gutun Soziala betetzea (35 orduko lanaldia, soldata murriztu gabe), PSOEren eta PPren lan-erreformak berehala indargabetzea, hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezartzea, erretiro-adina murriztea txanda-kontratuekin, eta abar. Ezker Iraultzaileak osasun pribatuaren, energia enpresen, bankuen eta krisian dauden enpresen nazionalizazioa ere gehitzen dugu aldarrikapen horietara, inolako kalteordainik gabe eta langileriaren kontrolpean, ekonomia demokratikoki planifikatu ahal izateko, gizarteak dituen premien arabera, eta ez gutxiengo txiki baten irabazien arabera.
Alternatiba hori lortzeko borroka egutegia bat antolatu behar da; iaz sortu ziren greba-batzordeak berriro aktibatu behar dira, aldarrikapenean dauden puntu horiek eztabaidatzeko fabriketako batzarretan, langile auzoetan, etab. Ondoren horiek koordinatu behar dira, borroka maila zabalago batera zabaltzeko. Hori posible da, eta horren erakusgarri da larunbat honetan Gasteizen egin den mobilizazio ikusgarria. Greba orokorra behar dugu Euskal Herrian eta Estatu osoan. Langileok gizartea eraldatzeko boterea eta indarra dugu.