Estatu aparatuaren errepresioaren, gure borrokaren kriminalizazioaren eta langile klasearen aurkako erasoen aurrean: Kaleak hartu behar ditugu!
1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 45. urteurrena betetzen da aurten. Bost langile hil eta ehunka zauritu zituzten, asko balaz, polizia frankistak berak azaldu duenez, "historiako jipoirik handienean". Espainiako justiziak ez zituen inoiz sarraski horren arduradunak epaitu, Manuel Fraga Iribarne -Alianza Popular eta gero PP bihurtuko zen alderdiaren sortzailea-, eta Martín Villa. Poliziak 2.000 bala baino gehiago jaurti zituen langile desarmatuen aurka. Langile horiek askatasunez biltzen saiatu ziren Gasteizko San Frantzisko elizan antolatutako batzar batean, egun horretan egiten ari ziren greba orokor baten balorazioa egiteko. Kaleratutako guztiak berriro onartzeko eskatuz egin zen greba hark hiri osoa geldiarazi zuen.
45 urte geroago hedabideek eta instituzioek gezurretan jarraitzen dute "demokrazia" erregeak, Suarezek, Fragak berak eta Konstituzioaren "gurasoek" ekarri zutela esanaz. Errealitatea oso bestelakoa izan zen. Diktaduraren legeek debekatu eta jazarri egiten zuten, errepresio bortitzaren bidez -kartzela, hilketa, tortura..-, biltzeko, manifestatzeko eta klaseko alderdi eta sindikatuetan antolatzeko eskubidea. Eskubide hauek kalean lortu ziren, Estatu osoko langile klasearen borroka gogorraren bidez. Erregimen frankistaren legeei desafio eginez bakarrik lortu zen diktadurak eskubide demokratikoei ezartzen zizkien mugak eraistea.
Gaur egun, sistema kapitalista beraren eta frankismotik jasotako Estatu aparatu beraren pean bizi gara. Demokraziari eta zuzenbide estatuaren bermeei buruzko hitzekin, orduan konkistatutako eskubideen aurkako erasoaldia ezkutatzea da helburua: mozal legea, M8ko manifestazio feministen debekua, Pablo Haselen edo Altsasuko gazteen kartzelaratzea adibide batzuk baino ez dira.
76ko martxoan gertatu zen bezala, orain krisi ekonomikoak eta sistema horren pean langileentzako eta gazteentzako alternatibarik ez egoteak, ezinbestean, eztanda sozialak eragiten dituzte. Gure aurretik borrokatu zirenengan inspiratuta eta haien esperientziatik ikasita lortuko dugu eskubide demokratiko eta sozialak erabat lortzea; pertsona guztientzako enplegu duina, kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa, pertsona guztientzako etxebizitza duinak, energia eskuragarria eta desberdintasun sozialekin amaitzea: antolaketaren, mobilizazioaren eta borrokaren bidez.
Atzo eta gaur, kapitalismoaren krisiak antolatzeko eta borrokatzeko beharra bultzatzen du
Estatu espainiarreko klase arteko borrokari bultzada handia eman zion petrolioaren krisi handia deitu zitzaionak, Bigarren Mundu Gerraren ondoren hazkunde ekonomikoko hamarkadei amaiera eman zien lehena. Krisia mundu mailakoa izanik, geldiarazi egin zuen migratzaileak beste herrialdeetara joatea, eta horrek langabezia arintzen eta ekonomia sostengatzen zuen mekanismoa eten zuen Estatuko eremu ahulenetan eta gutxien industrializatuetan. Ogia %17 igo zen egun batetik bestera, eta oinarrizko beste produktu batzuk ere igo ziren, are gehiago pobretuz diktaduran ikaragarri esplotaturik zegoen langile-klasea.
Juan Carlos erregea Ministroen Kontseiluko presidente gisa estreinatu zen, Franco azaroaren 20an hil baino astebete lehenago. Hain zuzen ere, 1975eko azaroaren 14an hartu zuen kargua, Estatu espainiarreko Gobernuak soldatak izozteko dekretua sinatu zuenean, krisiaren pisu guztia langileen bizkar gainean ezarriz.
Sinadura horren ondorengo asteetan, benetako altxamendu soziala gertatu zen. Asturiasko meategiak greban zeuden abenduan. Madrilen sektore guztietako 150.000 langile ere bai. Gasteizko langileek kaleak hartu zituzten 1976ko lehen asteetatik. 30 lantegi gutxienez grebara atera ziren. EAJn antolatutako euskal burgesia, 40 urtetan erregimen frankistaren aurka ezer egin ez zuena eta orain martxoaren 3ko memoria modu hipokritan aldarrikatzen duena, patronalaren barrikadan egon zen erregimenarekin eta indar errepresiboekin elkarturik. Ez zeuden prest beren etekinen xentimo bati ere uko egiteko. Horretan ez da ezer aldatu, gaur egun Tubacex, Barakaldoko PCB, Alestis edo Aernnovaren adibideekin ikusten dugun bezala: Ertzaintzak bortizki zapaltzen ari da borrokan ari diren fabrikak, EAJren burgesia horren beraren aginduetara, PSE-PSOEren laguntzarekin.
1976ko mugimendua indar horrekin altxatu bazen, hori grebak iraun zuen bitartean hiri osoan zehar egunero egiten ziren lantegietako batzarrei esker izan zen. Batzar horiek erabat desafiatzen zuten frankismoko biltzeko eskubidearen debekua, eta poliziak gogor zelatatzen zituen. Martxoaren 3a baino lehen bi greba orokor deitu ziren: otsailaren 16koa, astebete geroago, atxilotu guztiak aske uztea lortu zuena, eta otsailaren 3koa, jarraipen eskasa izan zuena, baina greba jendarteratzeko askoz lan handiagoa egiteko ondorioa ateratzeko balio izan zuena. Horrela, martxoaren 3ko greba orokorra langile auzo guztietan batzar bateratuak antolatuz prestatu zen, eta grebara eta manifestazioetara deitzeaz gain, erresistentzia-kutxarako dirua eta elikagaiak jaso ziren.
Borroka horietatik atera zen esperientziarik garrantzitsuena hauxe izan zen: langile mugimenduaren batasunari eta antolaketari eta bere klase kontzientziari esker hain indar boteretsua sortu zen, gai izan zela erregimen osoa airean jartzeko. Jada 1974an, Gasteizko langileek Gasteizko Langileen Koordinadora (COV) antolatu zuten, hainbat lantegitako ekintzaileak eta klandestinitatean zeuden erakunde politiko gehienak biltzen zituena. 1976ko urtarrilean greba oldea hasi eta berehala, COV ordezkaritza-batzordeetan eraberritu zen.
Batzorde horiek, borrokan ari ziren enpresetako langileek osatuak, fabrikako batzarretan zuzenean hautatuak izan zirenak, aldarrikapen-plataformak bateratu zituzten, lantegietako eta langile-auzoetako batzarrak eta ekintzak koordinatu zituzten, erresistentzia-kutxak antolatu zituzten eta langile boterearen benetako organo bihurtu ziren. Horregatik saiatu zen burgesia hori balen bidez zapaltzen.
Borrokatu zutenei omenaldirik hoberena: gizartea eraldatzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea
73ko krisiak aparteko ondorioak izan zituen: altxamenduak eta iraultzak, diktadurak eraitsi zituzten borrokak, Franco Estatu espainiarrean, Koronelena Grezian eta Salazarrena Portugalen.
Kapitalismoaren egungo krisiak 1973koak baino askoz neurri handiagoak ditu. Gaur, berriz ere, erasoaldi handia bizi dugu, krisiaren aitzakia erabiliz langileak kaleratzeko, prekarizatzeko eta pobretzeko, haien irabazi ekonomikoen mesedetan.
Borrokaren bidez ikasten du langileen mugimenduak, eta horrela zabaltzen du bere klase-kontzientzia. Horregatik da hain garrantzitsua iraganeko ikasgaiak biltzea. Antolakuntzaren beharra, borrokak bateratzea eta gure aldarrikapenak lortzeko programa iraultzaile bat funtsezkoak dira egungo egoeran.
Alestis eta Aernnovan ikusi dugun bezala, borroka isolatuak porrotera kondenatuta daude, borrokan ari diren langileek ahalegin handia egin arren. Baina hau hasiera besterik ez da eta langile horien irmotasuna eta indarra, eta hortik ateratzen den esperientziak oso baliotsuak dira egoera honi buelta emateko. Gasteizen borrokan ari diren kolektibo eta 50 enpresa-batzorde (hala nola Aernnova, Alestis, Burulan eta Laminaciones Arregi) kalera atera ziren urtarrilaren 30ean 2020ko greba orokorra gogora ekarriz. 7.000 pertsona bildu zituen manifestazio handi hartan, eta mobilizazio berriak prestatzen ari dira, ELAren eta langileen osotasunaren babesa bilatuz. Hori da bidea!
Kapitalismoarekin amaitzeak, gizarte sozialista bat eraikitzeak, langileria osoaren parte-hartze kontziente eta aktiboa eskatzen du, gu baikara gizartearen palankak mugitzen ditugunak. Langileen baimenik gabe, ezerk ez du funtzionatzen.
Martxoaren 3 hau klase arteko borrokaren gorakada berri baten hasiera da. Aurreko aldian metatutako esperientzia garrantzitsuarekin, historiatik ikasiz, ezker iraultzailea bultzatuz, langile klaseak gure eskuetan ditugu gizartea eraldatzeko behar ditugun tresna guztiak.