Pribatizaziorik, murrizketarik eta prekarietateaterik ez! Zerbitzu publikoen alde!

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek greba orokorra deitu dute sektore publikoan, apirilaren 22an EAEn. Ezker Iraultzailetik gure babes osoa adierazten diogu deialdi honi. Zalantzarik gabe, aurrerapauso handia da azken hilabeteetan kaleek gure zerbitzu publikoak defendatzeko hartu dituzten borroka guztien indarrak bateratzeko, gure eskubide oinarrizkoenen kontura negozioa egin nahi dutenengandik.

Premiazkoa da EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren murrizketa eta pribatizazio politika kontzientearekin amaitzea: Administrazio honek milaka langileri ezartzen dizkien behin-behinekotasun- eta prekarietate-baldintzekin amaitzea horiek finko eginez, Osasuna, Hezkuntza eta funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak diren milaka enplegu publiko sortzea eta zerbitzu subrogatu eta pribatizatu guztiak berehala publifikatzea, plantillak mantenduz eta langile publiko bihurtuz.

Eusko Jaurlaritza pribatizatzen eta patronala eskuak betzen

Eusko Jaurlaritzak berak aitortzen duenez, EAEko sektore publikoak du Espainiako Estatuko eta Europako behin-behinekotasun tasarik handiena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 10 langile publikotik 4 prekarioan daude, 50.000 pertsona guztira. Zerbitzu publikoen degradazio eta abandonuarekin batera doa pribatizazio prozesua. Hori izan da EAJren ekinbidea hainbat hamarkadatan zehar.

Egoitzetako, haurreskoletako, etxez etxeko arretako, jantokietako, Osakidetzako eta hezkuntzako langileek hainbat mobilizazio egin dituzte egoera salatzeko. Pandemiak ikaragarri argi utzi du zerbitzu horien subrogazioak, prekarietateak eta murrizketek dituzten ondorio katastrofikoak: bai langileentzat, bai gure klase osoarentzat, gero eta zailtasun gehiago baititu oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko, osasunean, hezkuntzan, mendekoen arretan edota adinekoen zanitzan.

Horregatik, zerbitzu horietako langile asko borrokara atera dira azken hilabeteetan, pairatzen ari diren egoera jasanezina dela eta. Osakidetza, zainketen eta egoitzen sektoreak, haurreskolak grebak egin dituzte urte hasieratik. Martxoaren 30ean eta apirilaren 16an ehunka langile publikok kontzentrazioak egin dituzte EAE osoan. Zalantzarik gabe, horrek guztiak mugimenduaren indarra erakusten du eta sektore publikoaren grebaren arrakasta iragartzen du.

Behar dugun hurrengo urratsa: ekoizpenaren sektore guztien greba orokorra

Hain zuzen ere, borroka horiek bultzatu dute apirilaren 22an deitutako greba orokorrerako deialdia. Aurrerapauso handia da, baina oinarrizko zerbitzuen pribatizazioa hain urrun iritsi da, ezen, prekarietateari amaiera emateko, sektore publikoko langileen indarrak pribatizatu diren zerbitzuetakoekin batu behar baitira, horiek publifikatzeko eskatuz. Indarrak are gehiago bateratu daitezke eta bateratu behar dira, prekarietateak eta borrokek ez baitiote soilik sektore publikoari eragiten.

Kapitalistak pandemiarekin irekitako egoera aprobetxatzen ari dira diru publikoaren harrapakeria izugarria egiteko milioika eurotako laguntzak jasoz. Aldi berean, ofentsiba zuzenari ekin diote soldatak murrizteko eta langileen lan-baldintzak okertzeko. Aldi Baterako EEEkin eta laguntza publikoekin dirutzak jaso ondoren, EEEak aurkezten ari dira, langile finkoak kaleratuz, borrokaren bidez lortutako eskubideak deusteztuz eta lan prekarioarekin eta azpikontratekin ordezkatuz. Irabazi ekonomiko lodiak lortzen jarraitzeko dituzten planak industria birmoldaketa bat egitetik pasatzen dira, eraso eta murrizketa gehiago eginez, langile klasearentzako ondorio benetan lazgarriekin.

Langileen erantzunak ez du etenik izan: sektore Aeronautikoko enpresen manifestazioak, Tubacexeko langileen borroka, Ertzaintzantzaren jazarpen bortitzarekin, Aiaraldeako mobilizazioak, urtarrilaren 30ean 50 batzordek eta hainbat kolektibo sozialek Gasteizen deitutako mobilizazioa, Mercedes Benz, egoitzak, eskola-jantokiak eta garraioa, Sestaon A-17an manifestazioa milaka pertsonak desindustrializazioaren aurka, etab.

Sektore publikoaren greba oso albiste ona da. Hurrengo urratsak borroka bateratzea eta are gehiago zabaltzea izan behar du ekoizpen-sektore guztien greba orokor batean, iazko urtarrilaren 30ean egin genuen bezala. Horrela eman behar dugu kolpea, guztiok batera murrizketak, kaleratzeak eta esplotazioa inposatzen digutenen eta haien zerbitzura dagoen EAJ-PSEren Jaurlaritzaren aurka. Beharrezkoa da 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako sortu ziren Greba Batzordeak berraktibatzea eta goranzko mobilizazio-egutegi bat planteatzea, eta Gutun Sozialak aurkeztutako aldarrikapenak berreskuratu eta zabaltzea, hala nola asteko 35 orduko lanaldia soldata-murrizketarik gabe, PSOEren eta PPren lan-erreformak berehala indargabetzea, hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata eta pentsioak ezartzea, erretiro-adina murriztea errelebo kontratuak ezarriz, etxebizitza publiko duinerako eskubidea bermatzea, etxegabetzeak debekatuz eta bankuek eta funts putreek dituzten milaka etxebizitzak desjabetuz.

Alternatiba iraultzaile baten alde

Bizi dugun krisia ez da hilabete batzuetan desagertuko den koiunturazko zerbait, ezta jasaten ditugun erasoak ere. Gure aldarrikapen guztiak guztiz posible dira, baina horiek lortzeko alternatiba iraultzaile baten aldeko apustua egin behar da, gure klasearen mobilizazio bateratuan oinarrituz: pribatizatutako sektore, enpresa eta zerbitzuak publifikatzea, banku eta enpresa handiak kapitalisten eskuetatik desjabetzea eta langileen kontrol demokratikoan jartzea, ekonomia gizartearen beharren arabera planifikatzea, ez irabazi pribatuaren baitan.

Borrokarako ezkerra behar dugu, gure eskubideak zapaltzen dituztenekin zuzenean konfrontatuko duena, autoritarismoari eta kaleetako erreakzioari aurre egingo diona, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituena, pribatizazioarekin amaituz.

Bat egin Ezker iraultzailearekin gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzeko!

banner altsasu

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.