Borrokak merezi du, jo ta ke!

Grebaren 146. egunean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo du Tubacexeko EEEa eta enpresak Laudioko eta Amurrioko lantegietan kaleratu nahi zituen 129 langileak berriro onartu beharko ditu. Zalantzarik gabe, borroka gogor eta eredugarri bati esker auzitegietan lortutako garaipena da.

Epaia ederki ospatu den albiste paregabea izan da Tubacexeko langileentzat, borroka horren alde aritu garenontzat eta orokorrean, azken urte honetan patronalaren erasoaldia pairatzen ari diren langile guztientzat. Ez da gutxiagorako.

Tubacexen borroka aurrerapauso garrantzitsua izan da gatazkak bateratzeko eta zabaltzeko bidean, enpresaburuen erasoei langile klase gisa dugun indarrarekin eta mobilizazioarekin aurre egiteko ezinbesteko metodoetan.

Grebak iraun duen lau hilabete baino gehiagotan, Tubacexeko langileek -beste enpresa batzuen artean- zutik jarri dute Aiaraldea. Eskualdeko lanuzteak eta manifestazioak masiboki babestu dira, kaleratze horiek langabeziak jotako eskualde baten etorkizuna kolokan jartzen zutela ulertuta. Gatazkan dauden langileen manifestazio bateratuak bultzatu dituzte Petronor, ITP Aero, Bilbo Argiak, H&M -garaipena lortu zutela- eta Novalitiakoekin batera Bilbon. Manifestazio horietan elikatu den irmotasun eta konfiantza giroa ikaragarria izan da. Grebarekin jarraitzeko erresistentzia kutxa zabaldu dute eta hainbat ekimen egin dituzte hori betetzeko. Langileen irmotasunak jaso duen babesa etengabe hazten joan da, Euskal Herriko mugak gaindituz.

Horixe da, hain zuzen ere, patronalaren eta EAJren bulegoetan beldur handiena sortzen duena, langile batzuen grebaz harago, klase kontzientziak aurrera egitea eta esplotatuen eta zapalduen indarra piztea, hain zuzen ere, horixe baita euren pribilegioak eta boterea arriskuan jar dezakeena. Horregatik jo dute, eskuz esku, eraso zuzenera. Enpresariek lantegi osoa ixteko mehatxua egin dute grebak aurrera jarraitzen bazuen, eta Ertzaintza, EAJk gidatuta, grebalariak jazartzen aritu da, egunez egun, mobilizazioen aurka gogor eginez.

Epaiaren ostean, Noticias de Alava egunkariak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren adierazpenak argitaratu ditu, Idoia Mendiak (PSE) zuzentzen duena: "negoziazioa dela gatazkak konpontzeko modurik onena" diote eta beraiek "bitartekari lanak egiteko eskaintza" egin zutela. Negoziatu zer eta nola? "Bitartekari" lanak egitea deitzen al diote borra eta foam pilotak langileen aurka jaurtitzeari? Ezin daiteke zinikoagoa izan.

Ezin da guardia jaitsi, enpresaburuak errebantxa gosez daude

Epaia kolpe handia da, noski, Tubacexeko enpresaburuentzat eta baita patronal osoarentzat ere. Babes izugarria bildu duen borrokari esker lortutako garaipen gisa ikusten da, eta horrek kaleratze kolektiboen aurkako mobilizazioari ekitera animatzen du.

Enpresak ez du bere amorrua ezkutatu epaiaren aurrean eta Auzitegi Gorenean errekurrituko duela iragarri du. "Ulertezina" dela dio, Tubacexek Araban dituen lantegien "egoera delikatua" Oil&Gas sektorearen egiturazko krisiaren ondorio dela ebatzi beharrean, zerbait koiunturala dela ebaztea. Trantsizio ekologikoaren eta deskarbonizazioaren argudio hori bera erabiltzen ari dira Petronorren, ERTEa inposatzeko eta langileekin adostutako akordioak ez betetzeko. Enpresariak, jakina, ez daude kezkatuta ingurumenarekin eta hare gutxiago langile familiei gerta dakienarekin, mespretxu hutsa erakusten baitute. Euren ardura bakarra Europako funtsetatik milioiak jasotzea da, industria birmoldaketa basatia egitea, soberan daudenak kaleratzea eta lan baldintzak prekarizatzea, irabaziak gizentzen jarraitzeko.

Tubacexeko enpresariek ez dute azken hitza esan. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duena galerak koiunturalak direla eta hainbeste kaleratze egiteko ez direla arrazoi nahikoa izan da. Baina ez du ezarri -eta ezin du- gure lanpostuak enpresen etekinen eta merkatu kapitalisten krisiaren gainetik daudenik eta kosta ahala kosta mantendu behar direnik langabeziari aurre egiteko eta behar sozialak nahiz ingurumenari dagozkionak asetzeko. Azken batean, ez da auzi judizial bat, botereari dagokion auzi politikoa baizik: nork agintzen duen enpresan -eta ekonomian-, eta zein helbururekin.

Epaia jakitean langileen artean izandako ospakizun giroari buruzko El Correoren kronika batean, langileen adierazpen zuhurragoak ere jasotzen ziren, esanez: "Nik greban jarraitzen dut, ikusi behar baita nola sartuko garen eta zein baldintzatan. Irteterakoan genituen baldintza berberetan itzuli beharko genuke ". Ez da harritzekoa, Sestaoko eta Barakaldoko ITP Aeroren eredu hurbila ikusita.

Aurtengo maiatzaren 4an, 90 langileri eragiten zien ITPren EEEa baliogabetzat jo zuen auzitegi berberak. Ordu gutxiren buruan, enpresak uko egin zion langile horiek lanpostuetara itzultzeari, eta igaro diren hilabeteetan jazarpen sindikaleko kanpaina bati ekin dio grebalarien eta langile guztien aurka. Zigor arloko prozesu judizialak ireki ditu ordezkari sindikal baten aurka, Ertzaintzaren txostenetan oinarrituta; grebarekin bat egin zutenen aurka postu aldaketak egiten ari da, langile batzuek arrazoi medikoengatik dituzten mugak kenduz; platilla osoari oporretako zikloak eta ERTEa inposatzen dizkie, eta abar. Horregatik izan da ITP, Tubacexekin batera mobilizatzen jarraitu duen enpresetako, eta bere borroka ez da amaitu, are gutxiago, Rolls Roycek hori saldu nahi duenean eta jabe aldaketarekin murrizketa gehiago iragarri direnean.

Eredua zabaldu behar da, greba orokorra prestatu behar da

Hori dela eta, ezin da guardia jaitsi Tubacexen eta prest egon behar da berriro kaleak hartzeko. Tubacexeko grebaren borroka metodoak aurrerapausoa izan dira behar dugun eta garaipenak lortzeko gai den borroka sindikalaren eredurantz. Euskal Herriko langile gehienak ez daude hain plantilla handietan, baina kaleratzeak eta murrizketak jasaten ari dira. Horregatik da hain zuzen ere garrantzitsuagoa borrokak bateratzeko bidean aurrera egitea eta greba orokorra prestatzea.

Industria birmoldaketa dagoeneko gainean daukagu eta datozen urteetan milaka lanposturi eragingo die. Horren aurrean, beharrezkoa da langileen aldeko alternatiba bat defendatzea. Ezin ditugu kaleratzeak, itxierak eta deslokalizazioak onartu. Orain galerak dituztela dioten enpresariak ederki aberastu dira gu esplotatzearen kontura aurreko urteetan. Funts galduetan milioiak enpresariei oparitu beharrean, beharrezkoa da enpresa horiek nazionalizatzea, kalte-ordainik gabe, eta langileen kontrolpean ekoizten jartzea behar sozialak asetzeko benetako plan baten baitan. Hori da borroka sindikal eta politikoan ezarri behar dugun kontsigna. Gure esku dago gizarte hau eraldatzeko eta bere krisiekin amaitzeko indarra eta gaitasuna.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.