Elkarrizketa Antonio Muñozi, Cadizko metaleko langilea eta Izquierda Revolucionariako militantea
Antonio Muñoz,borrokan ibilbide luzea duen sindikalista da, San Fernandoko Navantiako ontziolen mantentze-lanen UTEko langilea da, eta une honetan Cadizeko metalaren grebaren lehen lerroan dago. Antonio Izquierda Revolucionariako estatu mailako zuzendaritzako kidea da, Ezkerreko Sindikalisten sarearen sortzailea izan da eta CGTko ordezkaria da bere enpresan, sindikatuko Probintziako Idazkaritza Iraunkorreko kidea izateaz gain.
Ezker Iraultzailea: gaurkoa greba mugagabearen laugarren eguna da, seigarrena joan den asteko bi lanuzte egunak zenbatuz gero. Zer balorazio egiten duzu orain arteko borrokaren garapenaz?
Antonio Muñoz: begira, greba honekin Historia egiten ari garela esan behar dela uste dut. Felipe Gonzalez eta PSOE agintean zeudenean 80ko hamarkadan egin zuten ontzigintzaren birmoldaketatik, Cadizeko Badiak kolpez kolpe gogor jasan du. 35 urtetan zehar, enpresen itxierak, gero eta prekarizazio handiagoa, langabeziaren hazkunde jasanezina eta, horrekin batera, langile-familia askoren pobrezia izan dira ohiko bizimodua. Greba honekin esan dugu honaino! Aski da eskubideak galtzetik, borroka askoren ondoren irabazitako lorpenei uko egitetik. Lan-baldintza duinak nahi ditugu, eta orain nahi ditugu.
Eta ongi uler nazazu, lehenago ere borrokatzen zen noski. Hemen guda handiak izan ziren ontziolak defendatzeko, edo Delphi eta beste enpresa batzuk ixtea saihesteko. Baina orduko sindikatuetako agintariak ez ziren behar den mailan egon. Eskubide eta lan-baldintzetan atzerapausoak onartu ziren, kaleratzeak onartu ziren, eta dena “gaitz txikienaren” izenean. Eta horrela, “gaitz erdiz” “gaitz erdi”, gauden egoerara iritsi gara.
Ezker Iraultzailea: CCOO eta UGTren burokrazia sindikalaren papera, oro har, nahiko tamalgarria izan da. Zein paper jokatzen ari dira CCOO eta UGTko buruzagiak greba honetan?
Antonio Muñoz: CCOO eta UGT dira sektoreko sindikatu nagusiak, eta gure hitzarmenaren negoziazio-mahaian parte hartzen duten bakarrak. Aurreko bi hitzarmenetan atzerakada oso handiak sinatu zituzten, oso kaltegarriak langileentzat. Eta horren ondorioz, metalaren patronala, FEMCA, adoretu egin zen eta beherapenezko hitzarmen berri bat lortzea erraza izango zitzaiela pentsatu zuen, aurreko biak baino askoz okerragoa. Baina oker zeuden.
Sektoreko langileok "aski da!" esan dugu, eta borroka egin nahi dugula ozen adierazi dugu. Beraz, CCOO eta UGTko buruzagiek ezin izan zuten patronalaren ultimatuma onartu, eta greba deitu behar izan zuten. CGTrena ere bada deialdia.
Baina greba hau aurretik batzarrik egin gabe egin da. CCOO eta UGT langileen bizkar jardutera ohitu dira, eta oraingoan gauza bera egin dute. Greba deitu dute, bai, baina ez dute ezer antolatu, ez piketerik, ez elkarretaratzerik edota manifestaziorik. Ez dute batzarrik ere antolatu negoziazioen nondik norakoen berri emateko eta erabakiak demokratikoki hartuko ditugunak hitzarmenaren baitan gauden langileak izan gaitezen.
Baina utzikeria hori gorabehera, sektoreko langileok geure burua antolatu dugu, pikete oso indartsuak osatu ditugu, gure burua defendatu dugu poliziaren erasoetatik, koalizio Gobernu honen ordezkariak bidalitako istiluen aurkako poliziatik, eta atzo, Cadizeko kaleetan barrena, agerian utzi genuen indartsuak garela eta borroka hau irabaz dezakegula.
Ezker Iraultzailea: azkenik, zeintzuk izan behar dute hitzarmen duin baten aldeko borrokan eman beharreko hurrengo urratsak?
Antonio Muñoz: uste dut bi gauza egin behar direla. Lehenengoa da Cadizeko langile guztiei dei egitea gure borroka kaleetan babestera. Horregatik deitu dugu manifestazio handi bat larunbat honetan, eta hemendik jende asko bertaratzeko deia egiten dut.
Bigarrena da, nire ustez, eta lankide askorena ere bai, Cadizeko probintzia osoan datorren astean greba orokorra egiteko deialdia, eta Cadizeko langile guztiak borrokara ateratzea. Ikasle Sindikatuko gazteek dagoeneko deitu dute ikasle grebara, gure borrokaren alde, hilaren 23rako.
Hau bidezko borroka da. Gerran gaude prekarietatearen aurka, langabeziaren aurka eta etorkizun duin baten alde, bsi lan egiteko adina dugunontzat eta baita orain ikasten ari diren gazteentzat ere. Elkarrekin borrokatzen badugu, indar nahikoa izango dugu Metalaren hitzarmen duin bat irabazteko. Gaur egin ditzakegun batzar guztietan proposatuko dugu probintzia osoko greba orokorra deitzeko proposamena bozkatzea garaipena lortzeko bidean.
Azkenik, azpimarratu nahi dut greba zoragarri honek berriro hankaz gora jartzen duela bake sozialaren politika, patronalarekiko lankidetzarena, CCOOren eta UGTren burokraziak ez ezik, Gobernu zentralak ere hizpide duena. Politika horrek bizkarra eman dio langileriari eta ez du balio gure eskubideak defendatzeko. Horregatik sindikalismoak, eraginkorra izateko, programa borrokalaria, antikapitalista eta iraultzailea behar du. Ez klaseen arteko lankidetzari, eta bai klase borrokari.