manifestazioen argazki eta bideoak A23, A24, A26

Cadizeko metalgintzako langileen borroka lan gatazka soil bat baino askoz gehiago izan da. Altxamendu sozial bihurtu da. Eta ez bakarrik langile klasearen bizi-baldintzen okertzearen aurka, baizik eta baita soldata murrizketak, eskubideen galera eta patronalaren mesedetarako bake soziala defendatzen dituen estrategia sindikalaren aurka ere.

PSOEren eta UPren gobernua ustekabean harrapatu du grebaren hedapenak, eta agerian utzi du bere propagandaren fikzioa, “historiako gobernu aurrerakoiena” dela eta inor “atzean utziko” ez omen zuen “ezkutu soziala” altxatuko duela esaten aritu baita. Cadizeko herritarrek grebalariei emandako babes masiboa estatu osoko bazter guztietara zabaldu da. Urte luzez metatu den haserrea azaleratu da, eta biluzik utzi ditu kapitalismoaren gobernu-kudeatzaileen hitzontzikeria eta hipokrisia. Harro asko esaten aritu dira zernolako sentiberatasun soziala duten, baina benetako unea iristean, tanketak eta istiluen aurkako poliziak bidaltzen dituzte, greban dauden langileak eta haien alde ateratzen diren gazteak bortizki jazartzeko.

Mobilizazioen gorakada betean, Ezker Iraultzailetik eta Ikasle Sindikatutik tinko bultzatu genuen urtarrilaren 23ko manifestazio jendetsuak alarma guztiak piztu zituen: borroka kosta ahala kosta gelditu behar zen. Ordu gutxiren buruan, CCOOeko eta UGTko burokrazia sindikalak, ordura arte gainezka eginda eta geldirik zeuden arren, azkar mugitu ziren patronalarekin akordio ziztrin bat sinatzeko. Jarraian, komunikabideek eta UPren bozeramaileek lagunduta, iritzi publikoa engainatu zuten,  akordioa “batzarretan” berretsi zela gezurra esanez.

Borrokarako indar eta kemen izugarria

Cadizko metaleko grebaren ezaugarririk deigarriena da greba deitu zuten sindikatuek, CCOOk eta UGTk, parte hartu gabe hasi zela eta eman zirela lehen urratsak. Hitzarmen berriaren negoziazioen hasieran, bi sindikatuetako burokraziak langileen presioaren eta patronalaren blokeoaren artean harrapatuta geratu ziren. Burokrazia horrek berak elikatu izan du patronalaren intrantsigentzia, aurreko bi hitzarmenen negoziazioan modu lotsagarrian amore emanda.

Azken urteotan Cadizko CCOOko eta UGTko metalgintzako arduradunen jarrera otzanak izugarri oldartu du FEMCA patronala. Oraingoan sinetsita zeuden hirugarren hitzarmen bat lortuko zutela eta beste eraso bat jarri zuten mahai gainean, lehendik ere minimoen azpitik zeuden lan baldintzak azpiratzeko asmoz. Jakina, patronalaren ofentsiba horrek Cadizko langileek urteetan pilatutako amorruari su eman dio. Ondorioz, zailagoa egin zaie dagoeneko ospe onik eta autoritaterik gabe zeuden sindikatuetako agintariei lehen unetik amore ematea.

Pintza honetatik ihes egiten saiatzeko, burokrazia sindikalak bi greba egun deitu zituen azaroaren 9an eta 10ean, eta greba mugagabea 16an.

Langile orok dakien bezala, greba mugagabea oso erronka serioa da. Langile gehienek beren hileko nomina osoa behar dute bizitzeko, eta greba mota honek soldatan eragiten duen galera sakrifizio handia da. Antolakuntza ona behar da langile guztien elkartasuna mobilizatzeko eta erresistentzia kutxa indartsu bat osatzeko, amaiera datarik gabeko borroka bat zutik mantenduko bada.

Jakina, CCOOko eta UGTko burokraziak ez zuen inolako asmorik greba arrakastatsua izan zedin. Urte luzez, langileen bizkar erabakiak hartzera ohituta egon ondoren, ez zuten beharrezkotzat jo langileen batzarrak deitzea, ez zuten metalgintzako langileen babesa bereganatzeko gai izango zen aldarrikapen-plataformarik egin, ez zuten orri edo kartelik egin, ez eta borroka planik aurkeztu ere. Grebara deitu zuten azpitik zetorkien presioari irtenbide bat emateko, baina ez zuten enpresarien aurkako amorru hori bideratzeko inolako asmorik. Beren bulego erosoetatik begiratzen zuten pasiboki nola poliziak basatiki erasotzen zituen langileak, eta ez zuten errepresioa gaitzesteko komunikatu bakar bat argitaratzeko ahaleginik ere egin. Guztiz kontrakoa: errepresioak langileen animoak hoztuko zituela espero zuten, eta aukera emango ziela ogi apurrekin hitzarmen bat sinatzeko eta salbatzaile gisa ateratzeko.

Guztiz oker zeuden. Sindikatuetako buruzagien utzikeriaren aurrean, langileen eta sektoreko langabeen erantzuna bikaina izan zen. Greba erabatekoa izan zen: piketeak masiboak izan ziren, borroka kemenez beteak; indar errepresiboen eraso basatiek ere ez zituzten mendean hartu.

Nahi gabe piztu zuten mugimenduak gainezka egin zien, eta gobernuak CCOO eta UGTko agintariak presionatu zituen zerbait egin zezaten gatazka Estatuko langile guztien erreferentzia bihur ez zedin. Azkenean, hitzarmen duin bat lortzeko langileen indar eta irmotasunean oinarritu beharrean, patronalaren besoetan gordetzea erabaki zuten.

Langile klaseak dio: aski da!

Esajeratzeko asmorik gabe, esan dezakegu aparteko langile borroka ikusi ahal izan dugula eta horrek benetako mugarria ezarriko duela PSOEren eta UPren gobernuak, burokrazia sindikalaren lankidetzarekin, inposatu nahi izan duen bake sozialaren eta desmobilizazio orokorraren politikan.

Greba horrek eta, bereziki, Cadizen eta Estatuko gainerako lurraldeetan, gizartean izan duen babes izugarriak argi eta garbi adierazten dute ondorio oso garrantzitsuak izan dituela langileen kontzientzian. Eta azken aldi honetan bizitakoak ez dira alferrik pasatu. M15, Duintasunaren Martxa eta Mareak, mobilizazio masiboen urteek arrasto sakona utzi dute. 2008ko krisiaren ondoren jasan ditugun murrizketa sozialen eta gure eskubideen aurkako erasoen eta pandemiaren shockaren ondoren, indar berrituarekin, langile klasearen haserrea orokortu eta areagotu dute. Burokrazia sindikalek eraso horien aurrean duten pasibotasunak eta konplizitateak oinarri sendoak eman dizkio etengabe hazten ari den amorruari.

Koktel horretan, azken urteetan borrokara batu diren langile gazteek zeresan garrantzitsua izan dute. Ez dute bat egiten murrizketak bata bestearen atzetik onartu dituzten sindikatuekin, eta mesfidantzaz eta mespretxuz ikusten dituzte (ez dira langile aristokraziaren parte). Zapalkuntza basatiaren menpeko diren milioika langile mileurista eta prekario hauek klase borrokaren erdigunean jarri dira. Lan gatazka ugaritako protagonistak izan dira Euskal Herrian, Katalunian, Madrilen, Valentzian eta orain Cadizen.

Cadizeko metalgintzako grebak erakutsi duenez, borroka-bandera garbia altxatzen denean, bandera horrek burokrazia sindikal baten edo kamarilla baten ezkutuko interesik estaltzen ez duenean, gure klaseko borroka tradizioak lehen planora pasatzen dira. Cadizeko langileek poliziaren eraso bortitzei aurre egiteko erakutsi duten irmotasuna horren lekuko da.

Komunista iraultzaileon papera borroka honetan

Ezker Iraultzaileko kideok, indar guztiak jarri ditugu greba babesteko eta haren garaipena lortzeko. Asteartean, hilak 23ko manifestazioa kolpe handia izan zen. Ikasle Sindikatuak grebara deitu zituen ikasleak eta metalgintzako langileak elkarturik 12 milatik gora izan ziren. Burokrazia sindikalak delegatu apur batzuk biltzea baino ez zuen lortu; milaka pertsonak, berriz, Ikasle Sindikatuak eta Ezker Iraultzaileak sinatutako pankarten atzean mobilizatzea erabaki zuten. Datorrenaren erakusgarri argia da.

Ordura arteko jendetsuena izan zen mobilizazio horren aurreko lau egunetan, Ikasle Sindikatuko eta Ezker Iraultzaileko aktibistok eta militanteok 20.000 orri baino gehiago banatu genituen institutuetan, fakultateetan, ontzioletan eta azpikontratetan, langileen piketeetan goizeko bostetatik hasita, eta milaka kartel itsatsi genituen Cadizen, Puerto Realen, San Fernandon eta beste hainbat herritan. Informazioa zabaltzeak, agitazioak eta grebalariekin batera esku hartzeak —batzar masiboetan parte hartu dugu, bai piketeetan bai ikastetxeetan— jauzi handia egitea ahalbidetu zuen. Horrekin batera, borroka honen buruan izan diren metalgintzako CGTko eta Metalgintzako Langileen Koordinadorako (CMT) ekintzaileen jarduna funtsezkoa izan zen 23ko mobilizazioa arrakastatsua izan zedin.

Klase arteko borrokaren jokalekuan ikusten da erakunde iraultzaile baten benetako balioa. Berehala ulertu genuen grebak aurrera egin zezan beharrezkoa zela grebaren isolamendua saihestea. Hori dela eta, borroka antolatzeko beharra azpimarratu genuen; borroka hori hedatu eta langile klase guztia horretan inplikatzera beharrezkoa zela nabarmendu genuen.

Lehenengo egunetik, San Fernandoko eguneroko piketeetan parte hartu genuen gure orriekin, batzarrak eta kontzentrazioak eginez eta bertan planteamendu argiak eginez. Grebako borroka-plana langileen batzarretatik erabakitzea, aldarrikapen plataforma bat onartzea eta edozein aurreakordio onartzeko edo baztertzeko azken hitza langileek izatea planteatu genuen.

Hurrengo egunetan, gure aldarrikapen plataforma gehiago zehaztu genuen, eta eskaera zehatzak egin genituen: soldata igoera, sektoreko gutxieneko soldata, material toxiko, mingarri eta arriskutsuekin lan egiteagatik plusa kobratzea, urteko lanaldia jaistea, etab. Hori oso beharrezkoa zen borrokak defentsiboa izateari uzteko eta ofentsibara pasatzeko, hau da, eskubideen murrizketak ekiditetik edo baretzetik haratago joateko. Gure parte-hartzearen ardatz nagusia hau izan zen: indarra dugu, ez bakarrik erasoak geldiarazteko, baizik eta hitzarmen duin bat lortzeko, hobekuntza esanguratsuekin!

Ostegunean, hilak 18, aurrerapauso handia eman genuen FEMCA patronalaren egoitzaren aurrean kontzentrazioa bultzatuta. Kontzentrazio horren proposamena grebalarien artean zebilen informalki. Guk orri bat atera eta masiboki zabaldu genuen, aldarrikapen plataformarekin batera. Horrela, Cadizen langileen animoak biderkatu zituen manifestazio handi bat egiteko behar adina indar biltzea lortu genuen, bereziki Antonio Muñoz, metalgintzako CGTko kide eta Izquierda Revolucionariako militanteak, katedraleko eskaileretan hitza hartu ondoren. Cadizeko kaleetan egindako manifestazioari esker, zuzenean egiaztatu ahal izan genuen herritarren babes izugarria zuela mugimenduak eta borrokan ari ziren langileen indarra handia zela.

Azaroaren 20a beste mugarri bat izan zen CGT, CTM eta beste zenbait sindikatuk greba babesteko deitutako manifestazio jendetsuarekin. Hortik aurrera borrokak goranzko bidea hartu zuen. Burokrazia sindikalak ere kaleko presioa sentitu zuen, eta manifestaziora deitu behar izan zuen hilaren 23an, Ikasle Sindikatuaren greba eta manifestazio deialdia publikoa zenean.


Greba, inflexio-puntua

Azken aldian, sistema kapitalistaren, murrizketen politiken eta poliziaren indarkeriaren aurkako kontzientzia kritikoa hedatu da, eta hori azaleratu da. Cadizen bizi izan dugunak erakutsi du porrot egin duela Unidas Podemoseko ministroen erreformismo berriaren programak; PSOEren politikak txalotu eta horien propagandista eta burokrazia sindikalaren bozeramaile bihurtu dira. Beren zeregina langile gatazken piztutako sua itzaltzea izan da, legegintzaldiaren egonkortasun politikoa ez hausteko.

Langileen borrokarekin aurrez aurre, Unidas Podemoseko agintariek beren autoritatea galdu dute. Eta ez da gutxiagorako! Enrique Santiago PCEko idazkari nagusiak Radio Nacionalen adierazpen benetan patetikoak egin zituen "Gobernuan konfidantza" eskatuz, bere gobernuaren indar errepresiboek langileak jipoitzen zituzten bitartean. Langileen interes eta beharretatik oso urrun daudela erakutsi dute.

Cadizeko langileak gogor kolpatuak izan dira azken hamarkadetan. Baina jasandako eraso guztien aurrean, 80ko hamarkadako ontziolen birmoldaketatik 2007an Delphi itxi zen arte, langileen eta herritar guztien erantzuna masiboa eta oso borrokalaria izan da. CCOOen eta UGTren desprestigioa sakonduz joan zen, buruzagiek borrokak behin eta berriz traizionatzen zituzten heinean. Aurrekari horiek azaltzen dute zergatik gertatu den Cadizen PSOEren eta UPren gobernupeko lehen eztanda soziala. Baina sakoneko egoera berbera da Estatu osoan, eta, berandu baino lehen, langileen protestak Cadizeko irmotasun berarekin piztuko dira.

CCOOk eta UGTk hitzarmenerako aurreakordioa sinatzeak eta greba bertan behera uzteak ez ditu borroka horretatik ateratako ondorioak batere aldatzen. Sinadura azkar honek agerian uzten du gobernuak, patronalak eta CCOOeko eta UGTko burokraziek Cadizeko metalgintzako borroka hedatzeari dioten beldurra; elkartasuna orokortzearen beldur ziren.

Langile klasearen mobilizazioari dioten beldurraren erakusgarri baino ez dira ustez aurreakordioa onartu zuten asanbladen fartsa eta UPko agintariek —Yolanda Diaz buru— eta burokrazia sindikalaren zerbitzura zeuden kazetari, iritzi-emaile eta intelektualek hedabideetan piztutako kanpaina.
Aurreakordioa gorabehera, langile klasearen borroka are indar handiagoz altxatuko da. Bizkarretik sastatutako labankadak ez du luze iraungo. Indar nahikoa dugu egoerari buelta emateko eta oraingoan CCOO eta UGTko burokraziak —Estatuak eta enpresariek emandako diru-laguntzek ongi koipeztaturik— gailentzea lortu duen arren, borroka honetatik autoritate eskasenarekin atera dira.

Aurrean dugun lana ez da erraza, baina emaitzak eman ditzakeen bakarra da. Alternatiba sindikal bat eraiki behar dugu, klasekoa, borrokalaria, militantea, demokratikoa eta programa antikapitalista argi bat duena. Hori da Izquierda REvolucionariako Cadizko kideek defendatu dutena metalgintzako CGTko kideekin eta CTMko sindikalistekin batera; uneoro ekintza batasunari eutsi diogu.

Greba historiko hau zapaltzen jardun duten agintari politikoen jokabideak beste ondorio garrantzitsu bat eskaintzen digu. Burgesia txikitik datozen  eta hilabete amaierara arazorik gabe iristen diren eta ezker erreformistako buruzagiak, orain parlamentuak, fokuek eta telebistetako solasaldiek liluraturik dauden horiek sekulako balazta ezartzen diote klase arteko borrokari.

Horregatik, inoiz baino gehiago, irmotasun handiagoz eta konbentzimendu handiagoz, altxatu behar dugu bandera komunista iraultzaileok; gure klasearekin bat eginda gaude. Ez etekin pertsonala ateratzeko, ezta gure egoa haizatzeko ere, kontzientzia eta antolakuntza aurrera eramateko baizik. Jo ta ke!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.