PPren lan erreforma EZ da indargabetu. Yolanda Díaz Lan ministroak duela hilabete batzuk esan zuen 2012ko PPren legea indargabetuko zela, PSOEren eta UPren arteko Gobernu akordioak jasotzen zuen bezala, eta hitz horiek ezerezean geratu dira.

CEOEk akordioarekin agertu duen poztasuna, botere ekonomikoen eta eskuinaren ospakizun disimulatu gabeak, Aznarren eta Fatima Bañezen (2012ko lan erreforma bultzatu zuen Lan ministroa) eskaerak PPri abstenitu eta legearen onarpena bermatzeko, eta, Ciudadanosek erreforma horri eman diezaiokeen balizko babes parlamentarioak, guztiz agerian uzten dute Gobernuaren propaganda eta gezurren kanpaina, batez ere UPko buruzagiena.

Akordioan CCOOko eta UGTko kideak inplikatuta egoteak, bake soziala sendotzeko etengabe traizio egiten dutenak, are nabarmenago uzten du iruzur hori. Ezer kontsultatu ez zaien euren ordezkari eta afiliatu gehienen artean ere ez da defendatzen patronalarekin sinatutako akordio ustel hau.

Zalantzarik gabe, UPk eta Gobernu “progresistak” hitza jan duen kasu larrienetako baten aurrean gaude, eta hori argi dakite milaka ekintzailek eta sindikalistek zein langileriaren gehiengoak, gure soldatak hondoratu eta prekarietatea kronifikatu duen lan erreforma basatia jasan behar izan baitugu.

Justifikaezina justifikatzeko, Jaume Asens bezalako UPko bozeramaileei entzun diegu akordioan edozein zuzenketa edo aldaketa saihestea beharrezkoa dela CEOE “akordiotik ez ateratzeko”, izan ere, “CEOE eskuinaren transmisio uhala izateari uztea lortu baita”. Orduan, ezkerraren transmisio uhal bihurtu al dira? Edo, hobeto esanda, UP eta Yolanda Diaz izan dira patronalaren postulatuak bere gain hartu dituztenak? Erantzuna begi bistakoa da.

Greba orokorra deitu behar da Hego Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian

Beharrezkoa da kapitulazio berri hori ozen eta argi salatzea, eta klaseko sindikalismo borrokalariaren eskutik gure oposizio osoa planteatzea.

Hego Euskal Herrian, urtarrilaren 30ean mobilizazio jendetsuak egin ziren patronalaren neurrira egindako lan erreforma honen aurka, hainbat langile gatazken presentzia nabarmenarekin. Galizian eta Katalunian ere egin dira eta otsailaren 3an legebiltzarraren aurrean elkarretaratze bateratua egingo da. Beharrezkoa da lege honen aurkako borrokak urteetan pairatu dugun funtsezko eskubideen aurkako erasoa benetan indargabetzeko gai izango den dimentsioa eta irmotasuna hartzea.

Enpresa eta lantegietan asanblada kanpaina zabala bultzatu behar da dagoeneko, langileen bizkar prestatu dena salatzeko, eta erreforma horren aurka aurrez aurre agertu diren indar sindikalak dauden lurraldeetan, mahaian ukabilkada bat eman eta greba orokorrera deitzeko unea da.

ELAk eta LABek Hego Euskal Herrian, CIGek Galizian edo IACk, CGTk, CSCk eta COSek Katalunian, aukera dute erreforma horren aurka eta CCOO eta UGTren bulegoen eta moketaren sindikalismoaren aurka borrokatzeko alternatiba sindikal bat bultzatzeko. PPren lan erreforma erabat indargabetzea eskatzeko greba orokorretarako deialdia egiteak jarraipen oso zabala izango luke lurralde hauetan, eta Estatu osoko langileentzako borrokaren erreferentzia izango litzateke.

Sindikalismo alternatiboa eraiki behar dugu, demokratikoa eta borrokalaria. Cadizen ikusi dugun bezala, zailtasunak zailtasun, langile klasearen artean sekulako amorrua eta borrokatzeko prestasuna dago behin borrokari ekiten dionean. Bada garaia antolatzen jarraitzeko eta kaleetan patronalari aurre egiteko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.