LAB-eko Garazi Mitxelena eta Unai Goikoetxeari eginiko elkarrizketa hau, oraindik gatazka gori-gori zegoenean egina da. Lan baldintza eta enpresa itun duin baten alde greba mugagabea hasi eta 22 egunen ondoren, maiatzaren 16an, enpresarekin aurre akordioa lortu zuten. Hala ere, elkarrizketan aipatzen dituzten ideia eta metodoek ez dute gaurkotasunik galdu eta horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu bertan esandakoak gainontzeko langileei helaraztea. Kide hauek bizi izan duten esperientziatik ikasgaiak atera, eta gaur egun borrokan ari diren eta aurrerago emango diren borrokentzat inspirazio iturri direla uste dugu.

EHS: Orain dela aste bete hasi zenuten greba mugagabea. Zer dela eta?

Garazi: Urtarrilean enpresa-ituna negoziatzen hasi ginen. Orain dela hiru urte sinatu zen gure ituna. Gure enpresak 5 urte ditu eta ituna sinatu genuenean enpresak nolabaiteko esfortzua eskatu zigun hasiberri ginelako eta baldintzak hobetuko ziren promesarekin.  

Hiru urte beranduago enpresaren produkzioa sei bider handitu da, orain dela bost urte 80 langile ginen, gaur egun 300 gara, eta gehiago beharko dira. Guk uste dugu ematen direla baldintzak langileon egoera hobetzeko, lan-baldintzak hobetzeko. Hiruzpalau hilabete egon gara negoziazioekin baina ez ziren bilera produktiboak izan. Negoziazioa baino, inposaketa zen.    

Aurrez, enpresari lan-itun proposamen bat eraman genion, langile guztiekin egindakoa; iritzi guztiak jaso, aurre lanketa egin, denon artean onartu, etab. Langile batzarra deitu zen, egoera azaldu zen, eta bide bakarra mobilizazioa zela babestu zen. Bertan hiru mobilizazio mota aurkeztu ziren, eta bozketa egin ondoren greba mugagabeari ekitea erabaki zen

EHS: Eta zuen aldarrikapenak zeintzuk dira?


Unai: Gure aldarrikapenak langile guztien artean adostu genituen. 28 puntu dira, baina hauek barne-biltzen dituen 5 puntu orokor jarri ditugu baldintza bezala:

   1.- Irizar e-mobility enpresan kontratua dutenen artean, lan berdina egiten duenak soldata berdina izatea. Hemen lan berdinagatik soldata ezberdinak ditugu. Denbora bat eta gero, denok bukatzen dugu lan ardura berdina izaten, lan berdina hartzen dugu, independentzia berdina, beraz, soldatak ere berdina izan beharko lukeela ulertzen dugu.

 2.- Lan baldintza duinak eta berdinak denontzat. Adibidez, tailerreko norbait edo bulegoetako norbait  bezeroarengana joaten denean ez diote berdin kontatzen. Guk, denok langileak garela diogu eta berdin kontatu beharko luketela. Tailerrekoen ordu extrak ez dituzte kontutan hartzen, langileei  24 orduko disponibilitatea eskatzen zaie, eta gaueko mantentze lan batzuetan sarri langile bat bakarrik geratzen da, eta hori ere, arrisku eta prebentzio aldetik salatzen dugu.

3.- Esfortzuak konpentsatzea da hirugarren puntua. Hau da, bulegoetan lan karga izugarria dago, eguneroko lana 10-11 ordu dira eta ordu horiek ez zaizkie kontatzen. Ordu horiek kontabilizatu egin behar direla diogu, eta dirutan ordaindu edo denbora bidez eman. Tailerrari begira, lan batzuk, plus bat kobratu beharko luketela aldarrikatzen dugu.

  4.- Langile guztiei kontziliazioa eta bizitza pertsonala bermatu. Desantolatze izugarria dago, bai tailerrean baita bulegoetan ere. Askotan aurreko eguneko arratsalde-iluntzean jasotzen dugu mezu bat hurrengo egunean zer ordutan joan behar dugun lanera esanez. Ez dute laguntzen ezta kontziliazio familiarrean, orduan guk hori dena berma dadin eskatzen dugu.

5.-  Eta azkenik, Gipuzkoako metaleko hitzarmena bermatzea. Gipuzkoako metaleko hitzarmen kolektiboak dioena baino baldintza okerragoak ditugu ordu poltsarekin. Hitzarmen kolektiboak 60 ordu direla badio, guk 120 orduko lan poltsa daukagu, inongo baldintzarik gabe. Horregatik, guk eskatzen duguna oinarri- oinarrizkoa da; Gipuzkoako metaleko hitzarmena errespetatu eta gero puntu guztiak hobetzeko izatea.

EHS: Enpresaren jarrera denbora honetan zein izan da?

Garazi: Enpresaren zuzendaritzaren inguruan, esan behar da gure enpresaren zuzendaritza Irizar S. Coop-eko zuzendaritza dela. Lehenengo eta behin ari gara esaten kooperatiba batek S.L bat dakartzan inkoherentziak. Esan behar da Irizar Taldea ez da kooperatiba, Irizar taldeko nagusi da Irizar Ormaiztegiko kooperatiba. Hor barruan Irizarrek erosi dituen beste enpresa batzuk daude, eta gu gara sortu duen S.L bakarra.

Garbi esan dugu zuzendaritzaren jarrera, azkenengo bi bileretan batez ere, inposaketa bat izan dela. Bizpahiru puntutaz hitz egiteko prest daude, baina beraien gainontzeko neurriak onartzen baditugu, eta ez dute esan noraino iritsiko diren. Orduan espero dugu jarrera hori lehenbailehen aldatzea zuzendaritzak. Guk presioa egingo dugu, eta langile xumeak diren kooperatibistek ere laguntzea espero dugu, ea denon artean egoera hau konpontzen dugun.

EHS: Zuen talde berekoak diren Berangoko Alconzako langileak ere borroka handia egiten ari dira kaleratzeen aurka, eta errepresioa ere jasan dute. Zuen artean borrokak batzeko elkarlanen bat egin duzue?

Unai: Elkarrekin kontaktuan gaude, eta lehenik eta behin gure elkartasunik handiena helarazi nahi diegu borrokan jarraitzen duten guztiei, greban dauden guztiei. Egia esan, ikusita 61 egun baino gehiago doazela, eredugarria da beraien borroka egiteko kontzientzia, esfortzua eta borrokarako konpromezu hori, benetan txalotzekoa. Hainbeste egun aguantatzea zaila da, eta batez ere, azken aste hauetan jasaten ari diren errepresioarekin. Hor, zuzendaritzak daukan jarrera salatu nahi dugu, ez dugu ulertzen nola bidal daitekeen langileriaren aurka ertzaintza horrelako jarrerarekin.

EHS: Zuek ere elkartasun handia jasotzen ari zarete…

Garazi: Bai, egia esan bai, astebete greban eta mezu asko ari gara jasotzen, elkartasun mezuak, animo mezuak,… Inguruko eragile sozial, mugimendu ezberdin, alkatetza batzuekin, alderdi politiko batzuekin, ari gara harreman sare bat egiten, presioa egiteko zuzendaritzari, inguruko bailaretako jendarteak, eragile sozialek, mugimenduek eta alderdi politikoek presioa egin diezaioten enpresari eta pauso bat eman dezala, eta ea denon artean zuzendaritzak daukan norabidea aldatzea lortzen dugun, bai gurekiko eta bai Alconzarekiko, eta noski, taldeko beste enpresekiko

EHS: Beste enpresa askotan ere ikusten ari gara langileon aurkako zapalkuntza izugarri hazi dela, pandemia eta krisia aitzakia bezala hartu dira enpresarien irabaziak loditzeko.  Tubacex gezur horien adibide garbia da, enpresa irabaziak pilatzen ari da kaleratzeak egin ezinda gelditu arren. Gure ustez, borrokak elkartzeak duen indarra argi eta garbi gelditu da eta orain arrazoi askoz garbiagoak ditugu greba orokorra antolatzeko. Zer pentsatzen duzue honen inguruan? Zer sindikalismo eredu behar dugu?

Unai: Nire iritziz, garbi ikusten da, daukagun sistema kapitalistan, sistematikoki sortzen diren krisi ekonomiko guztiak, langileok jasan behar izaten ditugula, eta horrek langile klasearen pobrezia dakar. Garbi dago langile bloke indartsu bat da egin beharko litzatekeela, elkartasunetik hasita, bata bestearekin, egoera honi aurre egiteko. Langile elkartasunean oinarritzen den sindikalismoa behar dugu. Langile elkartasunak bat egiten gaitu, eta azkenean, indibidualki baino kolektiboki daukagu indarra egoera honi aurre egiteko. Norbanakotik ahal dena egin, baina aldarria kolektiboa izatea, eta aldarrikapena, sistema kapitalistak langileok pobretzen gaituenez, horrekin haustea berehala.

Greba orokorrerako arrazoiak sistema kapitalista honekin jarraituta beti daude. Lehen esan dugun bezala, sistema honen gabeziak eta krisiak langileriak jasatea onartezina da, eta horretarako tresna onena greba orokorra da. Badakigu zaila izango litzatekeela greba orokor mugagabea egitea, baina guk adibidez ikusten duguna, eta hemen islada duena, nahiz eta alor txikiagoan, greba bat baino greba mugagabea eraginkorragoa dela. Produkzioa gelditu behar da, hori da enpresari mina egiten diona ekonomikoki. Beraz, hau Euskal Herrira zabaltzen badugu, greba orokor mugagabe batek balio dezake egoera honi buelta emateko. Baldintzak zailak dira, norbaitek esan dezake utopikoak direla, baina sistema hau benetan aldatu nahi badugu, langile bloke bat beharko da, elkartasunetik saretuko dena, eta denok batera egin beharko diogu aurre egoera honi.

EHS: Orduan, egiten duzuen balorazioa langileen aldetik positiboa da…

Garazi: Ikaragarria da, oso ondo erantzun dute. 298 langile gara enpresan, eta esan beharra dago aldi-baterako kontratuen tasa oso altua dela -100 inguru-, beraz,190 langile inguru borrokan egotea oso adierazgarria da. Grebaren helburu nagusietako bat, produkzioa gelditzea, lehenengo egunetik produkzioa gelditu genuen. Lehenengo bi egunetan sartu ziren langile batzuk baina ondoren tailerra hutsik gelditu da, ez da inor sartzen eta produkzioa geldi dago.

Gainera ikusten da askotan nork bere buruari begiratu baino, aldamenekoarengatik ari garela borrokan, norberak baldintza hobeak izanagatik hemen gaude denok. Langileon arteko batasuna ikusten da, gure arteko giroa oso ona da, eta animoak oso altu daude. Zera esaten dugu; hasi gara eta ez dago atzera pausorik, edo lortzen dugu, edo lortzen dugu.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.