Borrokak bateratu, Euskal Herriko Greba Orokorrarekin!

Azken asteotan Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean etengabe ari direla grebak lehertzen. Inflazioaren gorakadak gure soldatak hondoratzen dituen bitartean, patronalak gure lan baldintzak are gehiago erasotzen ari da. Kasu guztietan arrakasta handia izaten ari dira grebak eta horren erakusle dira Bizkaiko metaleko lehen greba eguna, Mercedes Benz eta Arabako metaleko lanuzteak, Galdakaoko Coca Colako greba...

Beste adibide bat Kantabriako metaleko langileen greba izan da, 20 eguneko greba mugagabea! Baina Cadizeko metalarekin gertatu zen bezala, CCOO eta UGTko zuzendaritzek traizionatu egin dute, Lan Ministerioa medio, KPIaren oso azpiko soldata igoerak adostuz. Langileen batzarraren %35ek ez du onartu akordioa. Aitzakiak aitzakia, greba honek zerbait frogatu badu, langileak azkeneraino iristeko agertu duten prestutasuna da, baldin eta zuzendaritza sindikal borrokalari eta kontsekuente bat egon izan balitz.

Eta borrokarako jarrera eta borondate hori bera ikusten ari gara Euskal Herrian, Araba eta Bizkaiko metalaren konfluentziarekin eta Mercedesen iragarritako grebarekin. Ekainaren 30ean soilik bat egin arren, agerian geratzen ari da ez gaudela enpresako edo sektoreko gatazka isolatuen aurrean. Patronalaren ofentsiba orokorraren aurrean gaude eta horrek langile klasearen erantzun orokor eta bateratua eskatzen du.
Ez da metala bakarrik. Merkataritzako eta egoitzetako langileak Bizkaiko metalaren egun berean borrokan zeuden, Osakidetzak hainbat greba egun egin ditu eta mobilizatzen ari da, irakasle eta ikasleak “Hezkuntza Akordioaren” aurkako mobilizazioak planteatzen ari dira, kalera irten dira pentsionistak pentsio publiko duinen alde eta gazteak prekarietatearen eta bizitzaren garestitzearen aurka. Eta beste asko batuz joango dira beren Hitzarmenen eta inflazioarekin bat datozen soldata igoeren aldeko borrokan.

Gatazka hauek guztiak bateratu behar ditugu, indarra eta eragina biderkatzeko. ELA eta LABeko zuzendaritzek, gehiengo sindikalak, duela hilabete batzuk defendatzen zuen greba orokorraren ideiari heldu behar dio berriro. Orain lehen baino arrazoi gehiago dago. Ofentsiba patronalaren aurka, EAJ-PSEren Jaurlaritzaren politika kapitalisten aurka, eta PPren lan erreforma funtsean bere horretan utzi duen erreformaren aurka. Ezbairik gabe, milaka langilerekin bat egingo luke eta langile askorentzat erreferente bat bihurtuko zen, baita Estatu mailan ere, CCOO eta UGTren buruzagiek hartutako bake sozialeko politika penoso eta otzanaren aurrean.

Baina, gainera, Kantabrian ikusi dugun bezala, beharrezkoa da grebei bultzada ematea borrokan dauden sindikatu guztien aldetik batzar masiboak deituz, delegatu eta langile guztiak elkartzeko eta ekintza planak erabakitzeko eta bozkatzeko. Batzar horiei esker, borroka maila altuago batean antolatu ahal izango da, pikete informatiboak indartuz eta zabalduz greba egunen aurretik eta egunean bertan, milaka esku-orri banatuz eta ehunka kartel itsatsiz, herritarren elkartasuna eta babesa lortzeko.

Indar handia dugu, baina indar hori guztia antolatu egin behar da. Egoera ekonomikoa gero eta okerragoa da, eta langile familiok gero eta zailtasun handiagoak ditugu hilaren amaierara iristeko. Gaitz txikiaren politika, pobretzen gaituzten beheranzko akordioak onartzearena, irtenbiderik gabeko kalezuloa da. Historian zehar lorpenak eta garaipenak ahalbidetu dituen tresna bakarrera jo behar da, greba, borroka eta mobilizazioetara.