Greba egutegia mantendu behar da! Borroka hau irabazi egingo dugu!

Uztailaren 12an, asteartea, Batzordean gehiengoa duten sindikatuek, langileen greba eta mobilizazioei boikota egin dietenek, aurreakordio lotsagarri bat sinatu zuten enpresako zuzendaritzarekin. Horrek, oraingoz, %10 inguruko soldata murrizketa ekarriko du. 2021ean 4.000 euro gordineko ordainketa bakarra egitea planteatzen bada ere, urte horretan ez da soldata igoerarik finkatuko, orduan inflazioa %6,5ean itxi zela kontuan hartuta; eta 2022an orotara % 6ko igoera planteatzen da, ekainean inflazioaren %10,2ra iritsi denean eta hurrengo hilabeteetan okerrera egin dezakeenean. Alde guztietatik ikusita aurreakordio horrek soldata murrizketa gogorra dakar, % 10etik gorakoa izan daitekeena.

Bestalde, seigarren gaua erretiratzea lortu da, baina ez sindikatu sinatzaileen buruzagien jarrera eskirolari esker, baizik eta ELA, LAB eta ESK-k bultzatutako langileen greba eta mobilizazioei esker. Lortu ahal izan diren alderdi positiboak ere ekintza sindikal asanblearioaren, demokratikoaren, klasekoaren eta borrokalariaren emaitza izan dira. Horren aurka aritu dira lotsarik gabe UGT eta CCOO, enpresako zuzendaritzarekin, patronalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bat eginez. Boikota ordea erabat ezdeusa izan da, euren ehunka afiliatuk bat egin baitute grebarekin.

ELA, LAB eta ESK-ko lankideek dagoeneko adierazi dute aurreakordioaren aurka daudela, eta langileei dei egin diete greba egunekin eta biharko langileen batzar irekiarekin jarraitzeko. Batzar horrek aurreakordio horrekiko jarrera erabaki behar du, eskua altxatuz bozkatuz, langileen gatazketan beti egin den bezala. Eta sindikatu sinatzaileek bertara jo beharko lukete akordio hori defendatzera. Baina ez dirudi hori ere egiteko adorerik izango dutenik, eta horregatik erabaki dute astelehenean, hilak 18, erreferendum batean bozkatzea. Aurpegia emateko kemenik ere ez dute!!

Mercedeseko borroka tinkotasun eta mobilizaziorako borondatearen eredu garbia izan da. Sei greba egun lantegia erabat geldiarazi dutenak, manifestazio masiboak milaka langilerekin eta haien familiekin. Eredu horrek patronalaren, EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren alarma guztiak piztu ditu, baina inspirazioa ere izan da ehunka mila langilerentzat, bizi baldintzak eta soldatak egunez egun nola hondoratzen ari diren ikusten ari baikara. Horregatik bota dute hordagoa borroka hori geldiarazteko, UGT eta CCOOren laguntza otzanarekin.

Borroka hau irabaz daiteke!! Horretarako indarra dago! Mercedeseko greba Arabako eta metalaren sektoreko hainbat enpresatan dagoeneko lehertzen ari diren mobilizazio ugarien metaketa bihur daiteke, baita Hitzarmenaren eta KPIaren arabera igotzen diren soldata duinen aldeko borrokan ere. Borrokarekin jarraitu behar da, enpresa hornitzaileei borrokarekin bat egiteko deia zabaldu behar zaie, eta berriro ere greba egutegi sendoa plazaratu behar da orain Arabako metalean. Bide horretatik, patronala garaituko dugu!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.