Soldatan galerarik ez! KPI bai ala bai!

Ekainaren 23 eta 30eko eta uztailaren 1eko greben arrakastaren ondoren, Bizkaiko metala kaleak hartzera eta grebara itzuli gara urriaren 27, 28 eta azaroaren 2an. Borroka oso garrantzitsua da, eta erreferente bihur daiteke beste sektore askorentzat, hain zuzen, Euskal Herri osoan langile gehien biltzen dituen hitzarmena baita sektore pribatuan.

Greba iragarri bezain laster etorri da FVEM sektoreko patronalaren erreakzioa. Grebara joateagatik arduragabeak garela esan eta hitzarmenik ez sinatzearekin mehatxatu dute. Baina ezin dezakegu onartu gure soldatak eta erosteko ahalmena hondoratuko dituen hitzarmenik. Patronalak 2022an proposamena %6,5era igo duen arren, ez da nahikoa, KPIa %10etik gertu baitago. Bestalde, 2023rako eta 2024rako %2,5 eta %2 eskaintzen dute, nahiz eta NDFk eta beste erakunde batzuek ohartarazi duten inflazioa altua izan daitekeela 2026ra arte.

Metatutako KPI errealaren araberako igoera eskatzen jarraitu behar da. Zergatik galdu behar dugu soldata langileok? Enpresariak irabazi errekorrak izaten ari dira, jar dezatela beraiek! Bestalde, dagoen ziurgabetasun ekonomiko handiaren aurrean, eta atzeraldi larri baten atarian, 4 urteko akordio bat sinatzea hipotekatzea da. Beste sektore batzuetan egiten ari diren bezala, hala nola Tarragonako metalean, patronalak planteatu duena soldatak berrikusteko klausula da 2025eko urtarrilerako!! Baina Bizkaiko kasuan, gainera, %2ko mugarekin. Hitzarmena amaitzen denean, 3 edo 4 urte barru soldatak berrikusteko klausula horiek benetako engainua dira, eta ez dute erosteko ahalmenaren galera latza saihestuko, ez aplikatu aurretik ezta ondoren ere. Onartezina da!

Gure erosteko ahalmenaren aurkako erasoaz gain, patronala ez dago prest, halaber, lan baldintzak hobetzeko funtsezko gaietan, besteak beste, urteko lanaldiaren murrizketa, subrogazioaren luzapena edo ETT bidezko aldi bateko kontratazioarekin amaitzea.

Bizkaiko metalak bidea markatu behar du. Borrokak bateratu behar dira!

Sindikatu guztiek greba deitzea aurrerapausoa da. Patronala atzera egitera behartzeko modurik onena da. Hala ere, CCOOk eta LABek aukera historikoa galdu dute. Ekainean bezala, Arabako metalarekin batera greba egitea bultzatu beharrean, hitzarmen kaskar bat sinatu zen Arabako metalean, eta horrek soldata atzerakada handia ekarriko du. Enpresarien ofentsibaren aurrean, funtsezkoa da borrokak bateratzea. Eta are gehiago kasu honetan, sektore bera baita.

Nolanahi ere, orain egitekoa greba egun hauek indartsu bultzatzea da. Batzar demokratiko orokorrak egin behar dira antolatzeko, aldarrikapen zehatzak onartzeko eta azaroaren 2tik aurrera eman beharreko urrats berriak zehazteko. Hori da gakoa. Hala egin zuten ELAk, LABek eta Gasteizko Mercedes Benzeko langileek, enpresaren, CCOO eta UGT sindikatuetako buruzagien maniobrei eta boikotari aurre eginez, baita CCOO eta UGTko afiliatu gehienen entzumena eta babesa irabaziz ere.

Aurreko grebetan bezala, pikete masibo bateratuak bermatu behar dira lehen orduan enpresa handien atarian (Sidenor, ITP, Murueta ontziolak) eta manifestazio indartsuak Bilbon barrena. Horrela, aurreko hitzarmenean bezala, irmotasunez eta masiboki mobilizatuz, patronala amore ematera behartu ahal izango dugu.

Gure greba erreferente bihurtu behar dugu, herritar guztiei elkartasunerako deia eginez, borrokan ari diren beste sektore batzuekin eta kolektibo sozialekin harremanetan jarriz, eta borroken bateratzea eta ELAk eta LABek Euskal Herri osoko Greba Orokorra deitzeko beharra bultzatuz. Hori da sindikalista borrokalarien zeregina!

Borroka da bide bakarra! Jo ta ke irabazi arte!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.