Bizkaiko metalean 6 greba egun egin ditugu dagoeneko, eta sektorea erabat geldiarazi dugu, pikete masiboak eta manifestazio jendetsuak eginez. Orain, patronalak dagokiguna ematea ukatzen jarraitzen duenez, grebara eta kaleetara itzuliko gara, 5 eguneko greban. Gogor jo behar da! Hau da patronalak ulertzen duen hizkera bakarra!
Erresistentzia horren aurrean, eta gure gatazka Euskal Herri osoko beste sektore askorentzat erreferentzia bihurtzeko arriskuaren aurrean, patronalaren erantzuna mehatxuak eta errepresioa dira, EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren laguntza paregabearekin. Gure aldarrikapenak “bidegabeak, alferrikakoak eta zikoitzak” direla esan dute, benetako KPIaren araberako soldata igoera eskatzeagatik, eros ahalmena galtzeari uko egiten diogulako. Eta hori guztia enpresarien etekinak markatik apartekoak direnean. Aurpegia behar da gero!
Izan ere, egin ditugun grebetan erakutsitako borrokarako borondate zabala emaitzak ematen ari da. Edo zergatik onartu dute ekoizpenaren gorabeherengatik aldi baterako kontratuetan 6 hilabetetik 12 hilabetera bitarteko igoera kentzea? Zergatik igo dute soldata proposamena %6,5eraino, nahiz eta nahikoa ez izan? Zergatik kendu dute eskuragarritasuna 130 ordura igotzeko asmoa?
Borrokari eta kaleari esker izan da. Baina oraindik gauza asko falta dira hitzarmen duin bat lortzeko. Patronala ez da mugitzen igoeretan 2022rako %6,5 eta 2023rako %3,5 eskaintzetik. Baina inflazioa 2022an %10 ingurukoa da, nabarmen handiagoa oinarrizko produktuetan: % 15,4 elikaduran eta % 28,3 gas eta berokuntzan. Urteak daramatzate gu pobretzen, eta orain hori areagotu nahi dute! Ezin dugu onartu!
Bestalde, patronalak 2025era arte sinatu nahi du hitzarmena, inflazioak okerrera egiten duen eta nazioarteko erakunde asko aurreikuspen ilunak plazaratzen ari diren testuinguruan. FVEMek hipotekatu egin nahi gaitu. Gure erosteko ahalmena hondoratu ez dadin, metatutako KPI errealaren araberakoa soldata igoera eskatu behar da. Patronalak, halaber, gutxietsi egin ditu urteko lanaldia jaistea, subrogazioa luzatzea eta ABLEak (ETT) mugatzea.
Langileok oso ondo dakigu greba zer den. Badakigu zer den gerrikoa estutu behar izatea. Baina badakigu, baita ere, ahotsa altxatu eta gogor kolpatzen ez badugu, gure lan baldintzak hamarkadetan atzera eramango dituztela. Gainera, Ertzaintzaren etengabeko jazarpena jasan dugu, grebarako eskubidea gauzatzeagatik, eta hainbat lankide atxilotu dituzte. Errepresioarekin amaitzea eskatzen dugu!
Greba arrakastatsua izango da. Baina gure antolakuntza indartzeko urrats berriak eman behar ditugu, batzar orokorrak eta tokiko batzar masiboak eginez, non langile guztiok eztabaidatzen eta erabakitzen dugun nola jarraitu borrokarekin, egin beharreko ekintza eta greba berriak, eta, hala badagokio, patronalaren proposamenak eta balizko akordio baten erabakia. Antolakuntza hori are erabakigarriagoa izango da, patronalaren immobilismoak behartzen bagaitu gatazka gogortu eta greba mugagaberantz jotzera.
Bestalde, gure antolakuntzako jauzi horrek balio behar du gure ekintzak eta grebak borrokan ari diren beste sektore batzuenekin koordinatzeko, eta herritarren arteko elkartasuna zabaltzeko, gure erresistentzia-kutxak betetzeko laguntza ekonomikoa eskatuz. Aste honetan, grebak izango dira Correosen eta hezkuntza publikoan irakasle eta ikasleen artean. Zergatik ez elkartu sektore horiekin eta borrokan ari diren beste batzuekin? Ez al luke gure indarra biderkatuko?
Gure borroka erreferentzia bihurtu behar dugu, eta beste urrats bat ematea exijitu, Euskal Herri osoko greba orokorra. Motiboak soberan daude! Garaitzeko indarra dago!
Borroka da bide bakarra!