Bizkaiko metalgintzako langileak borroka gogorra bultzatzen ari dira patronalaren aurka, soldatak defendatzeko eta prekarietatearen aurka. 5 eguneko greba aldia egin zuten azaroaren 28tik abenduaren 2ra, arrakasta itzelarekin. Jose Gonzalez elkarrizketatu dugu, LABeko afiliatua eta Bizkaiko metalgintzako langilea.

Euskal Herria Sozialista: 2019an egin zenuten borroka eredugarriaren ondoren, Bizkaiko metaleko langileak kalera atera zarete berriro, zergatik orain?

Jose Gonzalez:
Aurreko hitzarmenaren iraungipena izan da pizgarria, baina borroka bera haratago doa. 2019ko borrokari esker, hitzarmen positiboa lortu genuen. Harrezkero, KPIa %10 inguru igo da, eta gure bizi baldintzak nabarmen okertu dira. Sektoreko patronala, FVEM, eta gainerako sektoreetako enpresariak ederto aberasten ari dira gure kontura, milioika euro eta etekin mordoa jaso dituzte 2022an. Langileok grebara atera gara aski dela esateko. 2019an egin genuen, eta orain berriro egiten ari gara.

EHS: Abenduan 5 greba egun egin ondoren eta aurreko 72 orduko bi deialdien ondoren, nola baloratzen duzu grebaren garapena?

JG:
Oso positiboki, Euskal Herriko sektoreko hitzarmenik indartsuena gara eta hori frogatu dugu industrialdeetan eta kaleetan. Ehunka izan gara piketeetan, eta sektoreko enpresa nagusiak gelditu ditugu Bizkaia osoan. Ertzaintzaren etengabeko jazarpenari eta probokazioari eutsi diogu, baita greba egiteagatik enpresek egindako mehatxuei ere. Artetxen, adibidez, enpresak goizeko txanda aurreratu zuenean piketea saihesteko, aurreratu egin ginen eta 4:00etarako prest geunden piketean.

Milaka manifestatu gara Durangon, Barakaldon, Santurtzin, Zornotzan edota Bilbon. Azkena, Bilbon, 12.000 langile baino gehiagorekin. Aparteko grinarekin atera gara kalera eta mezu argia bidali diogu FVEMi: Indarra dugu!

EHS: Zein dira, zure ustez, borrokarekin jarraitzeko eman beharreko hurrengo urratsak?

JG: FVEM gu entzutera behartu dugu. Borroka da patronalak ulertzen duen hizkera bakarra. Mehatxuak egin ohi ditu grebek ezertarako balio ez dutela esanez. Baina, ostera, atzera bota behar izan dituzte hasieran zituzten hainbat proposamenaren, eta soldata igoeren proposamena handitu behar izan dute. Hala ere, oraindik ez da nahikoa, soldatak KPIaren arabera eguneratzeari uko egiten diote. Guk erosteko ahalmena gal dezagun nahi dute. Zergatik ez dute beren etekin ikaragarrien zati bat sakrifikatzen? Hurrengo bilerarako fitxarik mugitu ez badute, grebara bueltatu behar dugu.

Sektoreko langileen batzar ireki eta zentralizatuak egin behar dira. Gure aldarrikapenak eta borroka bultzatzeko eta indartzeko eman beharreko urratsak demokratikoki eztabaidatzen hasi behar dugu. Horrelako batzarrak funtsezkoak dira dugun indarraz jabetzeko. Langileok zuzenean parte hartzen dugunean, berotasuna handitu egiten da.

Gure borroka oso garrantzitsua da mobilizatzen ari diren edo horretarako asmoa duten beste sektore askori begira. Aste hauetan Amazoneko langileekin, Bizkaiko ELZko langileekin, erresidentziekin, Osakidetzarekin, hezkuntza publikoko grebarekin eta pentsiodunekin bat egin dugu. Borrokak bateratu behar dira. Patronala horiek zatitzen, sektoreka negoziatzen eta ahal badute fabrikaka negoziatzen saiatzen da, badakitelako elkartzen bagara eta gure indarrak batzen baditugu esponentzialki biderkatzen direla.

Hortik dator Greba Orokorraren garrantzia, 2020ko urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian ikusi zen bezala. Patronalaren erasoaldia orokortua da Euskal Herrian, Estatu espainiarrean eta Europan, eta horregatik du inoiz baino indar handiagoa Greba Orokorraren aldarrikapenak. Eta hemen hasi behar dugu, euskal gehiengo sindikal borrokalaria bat dagoen lekuan. LAB, ELA eta ESK-k data jarri behar diote greba orokorrari.

EHS: Mercedesen borrokak lezio sakonak utzi ditu Euskal Herriko langile klasearentzat. Berriki ELA, LAB eta ESK-ren garaipen biribila ikusi dugu hauteskunde sindikaletan. Zer iritzi duzu emaitza horien inguruan?

JG:
Klaseko sindikalismo borrokalari eta demokratikoak duen indarraren froga praktikoa da. CCOOko eta UGTko buruzagien diskurtsoa zen gaitz txikiena onartzea, akordio txar bat. Hori da Mercedesen jarraitu zuten taktika eta Estatu mailan jarraitzen ari direna Cadizko, Kantabriako edo Tarragonako metala bezalako hitzarmenak sinatuz. Eta gainera, hitzarmen hobeen alde daudela baina hori lortzeko indarrik ez dagoela dioten diskurtsoak aguantatu behar izaten ditugu. Gezurra! Mercedesen ikusi zutenean zein indar zegoen, UGTko eta CCOOko buruak korrika joan ziren patronalaren gona azpira. Gerentearen mehatxuen ahotsa izan ziren, eta enpresari lagundu zioten borroka gelditu eta grebarekin amaitzeko saiakera guztietan, erreferendumean zuzendariek ere botoa ematea babestuz.

Baina hauteskunde sindikalek erakutsi dute langileak ez direla tontoak. ELA, LAB eta ESK-k azkenera arte defendatu zuten akordioari ezezkoa ematea, langileen batzarretara jo zuten eta hor edozein langilek entzun eta hitza har zezakeen. Erabaki bakoitza demokratikoki besoa altxatuz bozkatzen zen; argi ikus dadila! CCOOko eta UGTko boto emaile eta afiliatu gehienak, beren buruzagien trikimailuak ikusita borrokarekin bat egin zuten. Orain, hauteskunde sindikaletan, gehiengo oso handia eman diote tinko mantendu ziren sindikatuei.

EHS: Ezker Iraultzailean afiliatuta zaude, zergatik?

JG:
Ikasle garaian Ikasle Sindikatua ezagutu nuen eta Alderdi Popularraren, errebaliden, 3+2aren eta Wert ministroaren aurkako borrokan parte hartu nuen. Garai hartan, Ezker Iraultzailearen ideiak ere ezagutu nituen, eta horrek ulertarazi zidan borroka ikasleen borrokatik edo borroka sindikaletik haratago eman behar dela. Gazteriak bat egin behar du borroka politikoarekin, komunismo iraultzailearen ideiak aldarrikatu.

Krisia eta murrizketak bakarrik ezagutu ditugun gazte belaunaldi oso bati lan merkatuak gauza bera eskaintzen digu, prekaritatea, soldata baxuak eta inolako etorkizunik ez. Garai apartak bizi ditugu. Gizateria benetako ataka batean dago: krisi ekonomikoa, eskuin muturraren gorakada, ingurumenaren suntsiketa, etab. Alternatiba iraultzaile bat eraiki behar dugu, eta hori praktikara eramango duen erakunde bat. Horrela sortu ziren sindikatuak bere garaian, gizartea eraldatu nahi zuten erakunde soziopolitiko gisa, hitzarmen edo soldaten aldeko borroka puntualetatik haratago. Eta hori da Ezker Iraultzailetik egiten duguna, Sindikalismo borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa indartzeko lan egiten dugu, baina betiere gizartea eraldatzeko eta kapitalismoarekin eta hortik datozen gaitz guztiekin behin betiko amaitzeko ikuspegiarekin.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.