“Duela 8 urte UPNren eredu neoliberala gainditzeko itxaropenak zabaldu ziren. Hala ere, gobernu horien politiken azterketa objektibo bat eginda ibilbidea ezin da etsigarriagoa izan.”
Joan den otsailaren 15ean, Nafarroako sektore publikoko sindikatu guztiek greba orokorra deitu zuten osasun eta zerbitzu publikoen alde, eta langile publikoek pairatzen duten lan prekarietatearen aurka. Sektorea ia 30.000 langilek osatzen dute. Datorren apirilaren 3an, hezkuntza publikoaren greba orokorrarekin jarraituko du borrokak. Mikel Saralegi elkarrizketatu dugu, Osasunbideko langile eta CGT/LKNko afiliatua. Argibidea: Elkarrizketa hau LAB eta UGTk Nafarroako Osasun Sailarekin akordioa hitzartu aurretik egin zen.
Euskal Herria Sozialista.- Zein da Osasunbidearen egoera?
Mikel Saralegi.- Zerbitzu publiko gisa, okertze nabarmena jasan du azken urteotan. Landa eremuak behar bezalako arretarik gabe daude osasun langile gutxi dagoelako; etengabe hazten dira itxaron zerrendak, batez ere gaixotasun kronikoak jasaten dituztenenak; Lehen Mailako Arretak ez du baliabide nahikorik behar duen eginkizun prebentibo eta komunitarioa aurrera eramateko. Osasun gastua ez dator bat daukagun aberastasunarekin, eta ez dator bat herritarren premiekin. Behin-behinekotasuna eskandaluzkoa da, plantillaren %60. Lan karga latzak ditugu, eta langileak gainezka daude.
EHS.- Zer eragin izan du joan den otsailaren 15eko sektore publikoko grebak?
M. S.- LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen arteko ekintza batasuna lehen urratsa da erantzun kolektiboa altxatzeko langileen beharren eta arretaren kalitatea hobetzeko premiaren aurrean. Galdutako denbora gehiegi igaro da azken 8 urteetan, zatiketak eta ekintza eza direla eta. Denbora horretan, erantzuteko modu bakar gisa orokortu dena administrazioari erreklamazio indibidual eta judizialak jartzearen bidea izan da. Arlo publikoa suntsitzeko indarrean dauden politiken aurrean, premiazkoa da erantzunak kolektibizatzea eta borrokak denboran zehar mantentzea. Berdin du Gobernua batek ala besteak zuzentzen edo sostengatzen duen.
Konponbideak ezin dira lanbide bakoitzaren interes korporatiboen baitan kokatu. Beharrezkoa da ikuspegi orokorra izatea eta ulertzea Osasunbideko langile guztiek bermatzen dutela zerbitzua. Lortutako ekintza batasunak, urratsekin batera, Medikuen Sindikatuak eta SATSEk (erizainen sindikatua) inposatu nahi dituzten dinamika korporatibista gainditzea ekarri beharko luke.
EHS.- Zein dira eman beharreko hurrengo urratsak?
M. S.- Edukiak dituen batasun sindikala funtsezkoa da, eta denboran zehar mantendu behar da. Orain aukera berri bat dagoela dirudi. Edukiari dagokionez, eta Osasun Publikoaren egiturazko arazoak konpondu nahi baditugu, sindikatuen batasuna ez da soilik ordainsarietan zentratu behar, lobby korporatiboek egiten duten bezala. Osasun %100 publikoaren aldeko elementuak txertatu behar dira: Lehen Mailako Arretaren hobekuntza, Osasun Mentala eta lan mutualitateak ezabatzea; itxaron zerrendak murriztea; zerbitzuen eta negozio farmazeutikoaren kontzertazioaren/pribatizazioaren salaketa. Eta lan arloan, behin-behinekotasuna nabarmen murriztea eta garbiketan, ikuztegian, informatikan eta ospitaleetako kafetegietan azpikontratatutako lankideen egoera salatzea. Kontua da gure osasun publikoa nolakoa izatea nahi dugun birplanteatzea, onura pribatu eta korporatiboa ezabatuz.
EHS.- UPN Gobernutik kanporatu ondoren, zein da osasun politiken balantzea?
M. S.- Duela 8 urte UPNren eredu neoliberala gainditzeko itxaropenak zabaldu ziren. Hala ere, aldaketaren indar gisa aurkeztu ziren gobernu horien politiken azterketa objektiboa, ezkerraren parte hartzearekin, Podemos eta EH Bildu barne, ezin da etsigarriagoa izan. Ez da egiturazko aldaketarik gertatu. Klinika pribatuekiko eta azpikontratazioekiko lankidetza hitzarmenei eutsi zaie, eta zerbitzu askotan mantendu da pribatuaren negozioa (erradiologia, osasun garraioa, garbiketak...); farmazia enpresak poltsikoa ederki betetzen jarraitzen dute, eta koordainketa farmazeutikoaren neurri antisozialak ez dira lehengoratu; behin-behinekotasuna eta prekarietatea benetan larriak dira oraindik. Horren ondorioz, osasun sistema publikoa gero eta ahulagoa da, eta osasun pribatuaren negozioa elikatzen jarraitzen da.
EHS.- Zergatik zara Ezker Iraultzailearen jarraitzaile?
M. S.- Bere militanteen kemena eta irmotasuna estimatzen ditut, langileriari bere borroketan ematen dioten babesa, bere borondate bateratzailea eta langile klaseak bere askapenean izan behar duen protagonismoa etengabe bilatzea. Horrekin batera, kapitalismoa astintzen duen krisiaren sakontasunari buruzko azterketa marxista garatzeko modua, eta ekintzara, borrokara eta antolakuntza kontzientera igarotzeko premia azpimarratzen dituela.