Soldatak eta eskubideak borrokaren bidez lortzen dira
Maiatzaren 17an, 1.000 langile inguru batu zituen batzar orokorrean (CCOOk eta UGTk ez zuten deitu nahi izan) baztertu egin zen lantegiko zuzendaritzak eskainitako akordioa. Proposamen horrek ez zuen inondik ere soldaten igoera nahikoa planteatzen jasaten ari garen prezioen igoeraren aurrean. Michelinek ultimatum gisa aurkeztu zuen azken akordioak, 2023-2026 artean %12ko igoera eskaintzen zuen (%5 2023an, %3 2024an eta %2 2025 eta 2026an). Bestalde, soldatak berrikusteko klausulak ez dira KPIarekin lotzen, baizik eta enpresa-etekinekin, eta horiek aisa manipula daitezke finantza-ingeniaritzaren bidez, batez ere multinazional baten aldetik, eta, gainera, urteko %2 hutsera mugatzen dira.
CGTren datuen arabera, igoera horiek, goitik jota ere, urtean 3.036 eta 4.296 euro arteko galera ekarriko lukete langile bakoitzeko. Horri gehitu beharko litzaizkioke aurreko hitzarmenak (2019-2022) sortutako galerak, 2.655 eta 3.773 euro artekoak. Hau da, urteko 8.069 euro gutxiago langile bakoitzeko, 8 urtean! Zifra horiek ez datoz bat multinazionalaren mozkinen igoera itzelarekin: %5 azken 4 urteetan (2015-2018 aldiarekin alderatuta), %8,9 2022an, 2.000 milioi euro baino gehiago. Halaber, enpresak barra-barra du dirua zuzendari handientzat, urtean 150.000 eurotik gorako soldatak baitituzte.
Egoera horren aurrean, langileak masiboki mobilizatzen hasi dira, Gasteizko Mercedes Benz-en gertatu zen bezala. 4 eguneko lanuzteak (ekainaren 5, 7, 10 eta 12a), Batzordean dauden sindikatu borrokalariek deituta (ELA, LAB, ESK eta CGT), eta langileen gehiengoaren babesarekin: %93ko jarraipena grebaren lehen egunean. Aldi berean, Mercedesen gertatu zen bezala, CCOO (gehiengoa batzordean), UGT, CSIF eta CCM sindikatuek greben aurka jo dute, mobilizazioak geldiarazten saiatuz kosta ahala kosta, eta praktikan patronalaren borrero gisa jardunez.
CCOOko eta UGTko buruzagiek ohituta gauzkaten moketako sindikalismo epel eta otzan horrek ekarritako akordio miserableak dira gure soldatak eta bizi-baldintzak hondoratzen ari direnak. Eta, era berean, politika sindikal antzu hori da, antolaketa eta borrokari uko egiten diona eta patronalaren mesederako bake soziala bermatzen duena, hain zuzen, eskuinak aurre hartzea eta hauteskundeetan erreakzioa nagusitzea ahalbidetzen duena. Ez da kasualitatea aurrerapen hori Euskal Herrian etenda geratzea, non Estatu osoko greben %54 gauzatzen ari baitira.
Michelineko grebak agerian uzten du, berriz ere, langileak antolaturik eta borrokatuz indar handia dugula: pikete masiboak fabrikaren atarian, grebaren erabateko jarraipena, eta manifestazioak, 3.000 langile baino gehiagorekin, familiekin batera, Gasteizen barrena.
Iazko udan Mercedeseko langileek erakutsi zuten bezala, patronalari atzera egitea behartzeko bidea, ELA, LAB, ESK eta CGT egiten ari diren bezala, sindikalismo militantea eta borrokalaria da, beldurtzen ez dena, borroka ematen duena eta patronalari apurrak erregutzera makurtzen ez dena. Eta hori langile klaseari beti balio izan dioten metodoekin egiten da: langileen eguneroko batzar masiboak deituta eta bertan adostuz lanuzteak, piketeak eta mobilizazioak antolatzea, nahiz gatazka lantegiko lau hormetatik atera eta herritarren elkartasun aktiboa lortuko duen estrategia.
Borroka hau erreferente bihur daiteke Euskal Herri osoan, eta baita gainerako lantegiak arrastaka eraman ere, Valladolid eta Arandakoekin gertatzen ari den bezala, horiek ere lanuzteak deitzen ari baitira. Borroka hori ahalik eta gehien zabaltzea, enpresa hornitzaileetako langileak barne biltzea, plantilla ezberdinak modu bateratuan antolatzea; hori da garaitzeko biderik onena. Indarra dugu eta patronala garaitu dezakegu!
Antolakuntza eta borroka dira bide bakarra!