Horrela egiten zaie aurre patronalari eta eskuinari!
Michelineko langileak patronalari aurre egiteko zer balio duen eta zerk ez duen balio erakusten ari dira. Gasteizko lantegian, ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatu borrokalariek antolatutako eta bultzatutako lanuzteak oso jendetsuak izan dira, %95eko jarraipenarekin. Borrokaren indarrak, manifestazio masiboek eta gure bizi-baldintzak hondoratzen jarraitu nahi duen patronal aseezin aurre egiteko moduak eragin izugarria izan dute. Gainerako lantegiek aurrerapausoa ematea eta lanuzteak deitzea erabaki dute Lasarte, Almeria, Aranda de Duero eta Valladolideko lantegietan. Lehen aldiz egingo dute greba orokorra Michelinek Espainiar Estatuan dituen lantegietan.
Enpresako zuzendaritzak borrokaren indarra sentitu du, eta ezer eskaintzetik segituan langile bakoitzeko 1.500 euroko prima ez-finkagarria eskaintzera igaro da. Hala ere, eskaintza hori oso urrun dago izan dugun soldata-jaitsiera eta pobretzea iraultzetik: erosteko ahalmena %20 baino gehiago hondoratu da azken 8 urteetan. Izan ere, soldata-igoera finkagarrien proposamenak 2025 eta 2027ko etorkizun zalantzagarriaren mende egin ditu enpresak! Auzia zera da: akordio horrekin, langileek erosteko ahalmena galtzen dute, eta enpresak irabaziak handitzen jarraitzen du: %16,3 2021ean eta ia %9 2022an.
Baina, gainera, azken eskaintzaren ondoren, pistola bat jartzen digute buruan, eta 72 orduko epea ematen digute erabakitzeko. Enpresako zuzendaritzaren estrategia honekin bat egin dute UGT, CCOO eta CSIF sindikatuetako buruek, presaka erreferendum bat egitea planteatuz eta grebak bertan behera uztea proposatuz, enpresa haserretu ez dadin. Une kritiko honetan jotzen dute greben aurka, bateratzea eta gainerako fabriketara kutsatzea saihesteko. Eskirolaje lotsagarria.
Sindikatu borrokalariek ez dute akordioa onartu, lanuzteei eutsi diete, eta langileen batzar irekia deitu dute Gasteizen, eztabaidatzeko eta erabakitzeko. Zergatik ez dira joaten UGTko eta CCOOko buruak batzar horretara? Beldur zaio eztabaidari? Langile mugimenduan demokratikoena batzar irekiak egitea da, non langile guztiak hitz egin ahalko duten, jarrerak aurrez aurre jarriko diren eta langileek esku hutsez, agerian, botoa emango duten.
Oso garai gogorrak bizi ditugu langileriarentzat. CCOOko eta UGTko buruzagiek Estatu osoan dituzten politika sindikalek atzerapausoak baino ez dituzte eragin, Yolanda Diazen lan-erreformarekin bezala. Izan ere, orain patronalak lan erreforma hori mantentzeko eskatu dio PPri Gobernura itzultzen badira. Akaso ez al da begi bistakoa benetako oparia izan dela patronalarentzat eta eskuinarentzat? Ez al da prekarietatea gogortzen duelako izango? Ez da kasualitatea Euskal Herrian, sindikatu borrokalariak gehiengoa izatea, Estatu osoko greben %50 baino gehiago biltzea, eta gatazkak irabazten eta lorpenak gauzatzen diren herrialdea izatea, egoitzetako langileenak bezala: %23ko soldata igoera!!
Enpresaren eta horiek estaltzen dituzten buruzagi sindikalen maniobrak hazi egiten dira borrokak indarra hartzen duen heinean. Jakina, CCOOko eta UGTko afiliatu eta ordezkari askok, batez ere Euskal Herritik kanpoko lantegietan, borroka hori bultzatzen duten sindikatuen taktika eta erabakitasunarekin bat egiten dute. Horrek erakusten du, akordioa baztertu eta borrokan jarraitzen bada, langileen antolaketa sendotuz, borroka industria laguntzaile osora hedatuz, eta kaleetara ateraz, Gasteizen bizi izan ditugun manifestazio masiboekin bezala eginaz herri guztietan, patronala garaitu daitekeela.
Atzerapausorik ez!
Jo ta ke, irabazi arte! Borroka da, bide bakarra!