Artikulu hau Michelingo LABeko delegatuei egindako elkarrizketarekin egin zen. 550 lanpostu suntsituko dira azkenean. Elkarrizketa albiste txar hau jakin baino lehenago egin zen.

Bai Euskal Herrian eta bai mundu mailan ematen ari diren fabrika itxierak ez dira kasualitatez ematen ari. Sistema kapitalistak edo merkatu libreko ekonomiak bere lege propioak dauzka eta gertatzen ari dena horren islada garbia da, ez dago gizabanakoen borondatearen baitan.

 

Enpresari batek oso "bihotz ona" izan dezake eta bere nahia langileak ahalik eta ondoen egotea izan daiteke, baina bere enpresa aurrera atera nahi badu, seguruenik, bere borondatez soilik hartuko ez lituzkeen neurriak hartzera kondenatua egongo da, merkatuak berak baldintzatzen diolako jarduera ekonomiko guztia. Ekoizpen indarren garapenak, esku lana gutxitzea eta erosoago egitea ekarri du eta hori ez da txarra, txarra dena zera da, esku pribatuetan dagoenez (nahiz eta denon artean sortua izan!) esku lanaren gutxitze horrek gero eta jende gehiago utzi duela kale gorrian beraien bizitza aurrera atera ezinik. Bestetik, inperialista frantses, espainiar, ingeles, estatu batuar, etab.-ek konkistatu eta txirotutako herrialdeetako langileek, beharraren ondorioz beraien lan indarra oso merke "saltzen" dute, munduko langileok jasaten dugun esplotazioa bere maximoetara eramanez eta multinazionalek behar duten lan indarraren paradisu bihurtuz.

Guzti honekin eta sistema kapitalistak bere ekoizteko eragatik izaten dituen krisi organikoekin, gero eta argiago gelditzen ari da gizarte osoan, jabego pribatuan oinarritutako merkatu librearen sistema ekonomikoak (sistema kapitalistak) munduko biztanleen gehiengoari ( 2/3ari gutxi gora-behera) onurak ekarri baino miseria, bazterketa eta era guztietako inposaketa eta zapalkuntzak dakarzkiola.

 

Ondorioak gero eta gertuago

 

Lasarteko Michelin fabrikako langileak (beste ehunka fabrikatako langileak bezala; Sysmo, Lucio Garay, Delphy,…) orain esandako guztia beraien larrutan bizitzeko arriskuan daude. Maiatzaren bukaeran, enpresak aurkeztu zuen lan-hitzarmenarekin hasi ziren eztabaidak. Lan hitzarmen horrek lan-ordu gehiago eta flexibilitate handiagoa eskatzen zieten langileei, soldata igoera negargarria IPC + %0,2 lehen bi urteetan (2007 eta 2008) eta IPC + %0,3 ondorengo bi urteetan (2009 eta 2010) eta hitzarmenak lau urtetarako balioa izatea ondorioz. Hau dena gutxi balitz, urriaren hasieran lan-hitzarmen zabor hau bozkatzeko garaian, enpresak kolperik gogorrena eman zien langileei. Bertako LABeko delegatuek esan zigutenez, Michelin-ek Lasarten duen fabrikan soilik, zuzenki 530 lanpostu suntsituko nahi ditu (azken datuen arabera 600 ingurura irits daiteke kopurua) 1150 langile dituen fabrika honetan. Honetaz gain, azpikontratuta dauden beste 200 edo 300 langile ingururen lanpostuak ere galduko lirateke eta baita eskualdeko beste 800 lanpostu inguru ere. LABeko delegatuen ustez Lasarteko fabrikaren etorkizuna bera ere arriskuan dago eta lanpostuen suntsiketa ez da soilik Michelin-eko langileen arazoa, eskualde osoarena baizik.

Honekin batera, fabrika fisikoki erdira txikitu nahi dute enpresak dionez “soberan” geldituko diren lur sailak berkalifikatzeko. Neurri hauek "Plan de mejora de la competitividad" izenez ezagutarazi zituen enpresak eta nola ez politiko burges eta erreformistek egiten dituzten legeek erabat onartuta eta babestuta dituzte honelako plan basatiak, Eusko Jaurlaritzatik argi utzi zuten bezala "que sirva para mejorar la competitividad de la fabrica guipuzcoana" eta "que se minimice el efecto de la perdida de empleo" bezalakoak esanez. Gogoratu behar da enpresa irabazi handiak lortzen ari dela 2002. urtetik. Baina beste behin ikus daiteke, beste multinazionalen kasuan bezala, Michelin-en irabazi goseak ez duela mugarik. Multinazionala mundu mailan ekoizpena lekualdatzen ari da irabaziak oraindik eta gehiago handitzeko. Ekoizpena Europako ekialdera, Txinara, Errusiara, Thailandiara... eramaten ari dira, lan-eskua merkeagoa den lekura, eskubide sindikalen ausentzia dela eta, besteak beste, langileak gupidarik gabe esplotatzen diren lekura. Enpresa handien jabe diren jaun handiki hauek urte amaierako emaitza-kontuetan soilik pentsatzen dute eta bost axola die langileen egoerak. Honelakoa da kapitalismoa, irabazi maximoan oinarritzen den sistema, edozein zapaltzen duela ere eta bere bidean edozein aurretik eramaten badu ere.

Gainera lanpostuak suntsitzeko garaian Michelin bezalako multinazionalek soberan dakite plantila zatituz gero errazagoa dela euren planak aurrera eramatea, horregatik mundu guztiko enpresa askotan ematen ari den enplegu suntsiketaren zati bat, Euskal Herrian barne, aurrejubilazioen bitartez burutzen da. Baina hauek, langile batzuentzat irtenbide indibidual bat izan daitezkeenak, errealitatean engainu bat dira langile klasearen osotasunarentzako, izan ere, modu honetan milaka lanpostu desagertzen ari dira, bihar gazteek bete ezin izango dituztenak.

LABeko delegatuek garbi zeukaten ez dutela onartuko lanpostu bakar baten suntsiketa ere eta eraso hauei aurre egiteko modu bakarra mobilizazioa dela. Bide horretatik antolatu zen Urriaren 20ko mobilizazioa lanpostuen suntsiketaren aurka Lasarten. Aldi berean, CCOO, UGT eta CSIko delegatuen jarrera lotsagarria izan zen. Ez ziren mobilizazioaren alde agertu datu nahikorik ez omen zeukatelako eta konfrontaziorik nahi ez zutelako. Beren afiliatuak eta modu berean langile guztiak traizionatuz ez zeuden prest lanpostuak defendatzeko mobilizazioaren bitartez. Zoritxarrez hau da hainbat sindikatuetako zuzendari eta delegatuek jokatzen duten papera, patronalaren hain gustokoa dena.

 

Sozialismoaren aldeko borroka bide bakarra

 

Michelinen edo gatazkak dauden beste edozein enpresatan langileen garaipenak lortzen badira, dudarik ez dago lorpen izugarriak izango direla eta borroka hortan segi behar dela, baina ahaztu gabe, LABeko delegatuek ongi esan ziguten bezala, borroka sistema oso baten aurkakoa dela. Sistema kapitalista honekin ez badugu bukatzen behin eta berriz segiko du langile klaseak honelako erasoak jasaten. Horregatik, langile eta zapaldu guztion eginbeharra kapitalismoarekin bukatu, multinazionalak, bankuak eta lur jabe handiak desjabetu eta gure lanarekin sortuta gutxi batzuek dituzten aberastasun guztiak, langile eta zapalduon kontrolpean ipintzea da. Honek ekonomia demokratikoki planifikatzea ahalbidetuko luke eta egitura ekonomiko internazional sozialista eta justu bat, non baliabideak, behar ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenean oinarrituta erabiliko ziratekeen, ez multinazionalen interes pribatuetan. Benetako gizarte sozialista bat, orain daukagun demokrazia burges eta kapitalaren diktadura honen oso ezberdina.

Enpresaren plan hauek guztiak garaitu daitezke Michelineko langile guztiek, indar izugarri bat osatzen dutenak, batera borrokatzen badute eta biztanlegoaren osotasunaren babesa irabazten badute euren kausaren alde egiteko. Urriaren 20ko manifestazioa nola erantzun behar denaren adibide bikain bat zen eta ziur gaude eskualdeko gazte eta langileengan aurkituko dituztela aliaturik hoberenak borroka hau irabazteko.

 

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.