“Langileriaren kontrolpeko nazionalizazioaren aldeko eta kooperatibismoaren aurkako borroka da hau” Serge Goulart

Euskal Herriko langileriarentzat fabrika okupatuen esperientzia nahiko ezezaguna da. Jendartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren adibide hau zabaltzeko, Euskal Herria Sozialistak hitzaldi bat antolatu zuen Serge Goulartekin, Brasilgo Fabrika Okupatuetako Mugimenduaren Koodinatzailea eta Partido dos Trabalhadoresen (PT) Zuzendaritza Nazionaleko kidearekin. Serge Goulartek, Brasilgo fabrika okupatuen historia azaldu zuen, Amerika Latinan ematen ari den iraultza sozialaren testuinguruan, non Venezuela abanguardia den. Euskal Herria Sozialistak langileriaren kontrolpeko fabrika okupatu hauekin bat egiten du eta bere elkartasuna adierazi nahi die. Bestalde, azalduko dugun moduan oso kritikoak gara kooperatibismoarekin. Guzti hau hiru zatitan eskeiniko da.

 

Cipla eta Interfibra fabriken okupazioa

 

Joinvelle Brasilgo Santa Catalina estatuko hiri handiena eta herrialde osoko hirugarren industrialgunea da. Itxierak eta kontzentrazioak ematen ari ziren testuinguruan langileek bi lantoki handiren kontrola hartu behar izan zuten: Cipla SA e Intrafibra SA. Helburua, 1.000 lanpostuei eutsi eta atzeratutako soldatak kobratzea zen.

2002ko urriaren 24ean, bi lantoki horietako langileek greba egiten zuten. Hiru egun falta ziren lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulirako. Bezperan, Florianopolisen, kanpainaren amaieraren mitinean partehartzen zuen 90 langileko delegazio batek, gutun bat ematen zion lehendakaritzarako kandidatoa zen Lulari. Gutun honetan Lulari lanpostuei eutsiz arazoa konpontzeko laguntza eskatzen zioten eta bere kandidaturarekin bat egiten zutela adierazten zioten.    

Zortzi egunetan, greba piketeetan, gizon eta emakumeek era guztietako presioak jasan zituzten: jendea erosiz greba hausteko ahaleginak, poliziaren jazarpena gasekin, porrekin eta abar. Baina piketeak kopuruan eta aktibitateetan gero eta gehiago egin zituzten eta herritarren elkartasunak modu askotan gora egin zuen, bereziki, erresistentzia kutxarako ekarpenetan.

Negoziazioak eman ziren bitartean, greba komiteak eta sindikatuak zinegotzien, estatuko eta ministerio publiko federalaren, alkatearen eta gobernadorearen, eta Partido dos Trabalhadoreseko diputatuen (PT) babesa lortu zuten.

Negoziazio amaigabeen ondoren, nagusiek soldatak eta, zor sozialak eta fiskalak ezin zituztela ordaindu adierazi zuten. Orduan ugazabek langileei zor sozialekin batera bi enpresen akzio guztiak ematea proposatu zieten. Langileek 90 eguneko epe baterako finantzen eta administrazioaren kontrola hartzea erabaki zuten. Epe honetan, bi enpresen benetako egoeraren inguruko ikerketa bat egingo zuten. Greba komitearen helburua ez zen langileak langile-nagusietan bihurtzea, baizik, denbora irabaztea, langileekin batera norabide argi bat erabakitzeko, hiru helbururekin: 1.000 lanpostuak mantentzea, soldatak eguneratzea eta zor sozialak hartzea.

Borrokatzea erabaki zuten gobernuak enpresak nazionalizatu zitzan, 1.000 lanpostuekin aurrera egiteko modu bakarra hori zela ikusten baitzuten. Bestalde, lau pertsonek osatutako komisio bana aukeratu zuten enpresa bakoitza zuzentzeko, eta ekoizten hasi ziren. Diputatuak, zinegotziak eta sindikalistak gonbidatuak izan ziren lantokiak nola aurrera egiten zuten ikusteko.

 

Borrokak hiri guztian jarraitzen du

  

Hiri guztiak zekien langileek Cipla eta Interfibra lantokiak okupatzen zituztela.

Lula hautatua izan ondoren, langileek beste gutun bat idaztea erabaki zuten (oraingoan lehendakari bezala) langileek beraien auzoetan bildutako milaka sinadurekin. Gutun honetan bi lantokien nazionalizazioa eskatzen zioten Lulari, zorrak bere gain hartu eta 1.000 lanpostuekin aurrera egin zezan.

Antolatuta egoteak ekimena eta norabide politiko sendoak edukitzea eragin zuen. Langileek, lehen “inoiz politika” egin ez zutenek, eta gehienak sindikatuetan ere afiliatuta ez zeudenak, beraien lanpostuen alde erraldoien moduan zutik jarri ziren, ez nagusien aurrean soilik, baita botere judizialaren aurrean ere, eta batez ere, nazioaren botere politiko garrantzitsuenaren aurrean, beraiek aukeratu zuten gobernuaren aurrean hain zuzen. 

     

Volvo multinazionalak eraso egiten du

 

Langileek lantokien kontrola hartu zutenean, Ciplaren diru sarreren ia guztia bezero industrialek ematen zuten; Volvo eta Scania bezalako etxeak eta beste multinazionak.

2002ko abenduaren 20ean, ostiral batean arratsaldeko 6etan, Ciplan, epailearen agindu batekin funtzionario bat agertu zen Volvori bere tresna guztiak (moldeak) hartzeko baimenarekin. Volvoren abokatuarekin eta armaturik zeuden polizia patruila batek lagundurik azaldu zen. Berehala fabrika gelditu eta langileek bi sarrera-irteerak itxi zituzten. PTko parlamentariak, gazteak eta gainantzekoak elkartu zitzaizkien helburu berean: moldeak erretiratzea eragoztea.

Gauean, mobilizazioak gorantz egin zuen; goizean patioa kanping dendaz beteta zegoen, eta langileen eta senideen etorrerak ez zuen amaierarik. Mobilizazioa izugarria zen. Mundu guztiak aurkitzen zuen zerbait egiteko, denek lanpostuak azkeneraino defendatzeko prestatzen ziren. Hurrengo egunean, goizeko 10etan, mobilizazioak lantokian gora egiten zuen bitartean, langileak Joinvilleko epailearekin bildu ziren. Epaileak agindua atzeratzea erabaki zuen “ urtarrilean zer egin aztertzeko”.

Volvo guztiz lur jota geratu zen. Piezak ez egiteak sei herrialdetan beraien lantokiak geratzen hastea eragingo baitzuen. Volvok orduan akordio bat onartu zuen: moldeen truke 15 hilabeteetako Volvok kontratatutako irabazien ordainketa egingo zuen. Lantokia pozez lehertu zen. Mundu guztiak ospatu zuen. Diru hori produkzioari berrekiteko lehengaiak erosteko erabiliko zen, eta gainera, eguberriaren bezperan soldatak ordaintzeko.

Ondoren, beste fabrika batzuk okupatu ziren. Okupatutako fabrika guzti horiek, 2004ko otsailean osatutako Fabrika Okupatuetako Koordinadorak eta fabrika Kontseiluek zuzenduta zeuden. 

Hurrengo alean bigarren atala.

 

Langileriaren kontrolpeko nazionalizazioaren aldeko eta kooperatibismoaren aurkako borroka

 

Kooperatibak lanpostuak mantentzeko konponbidea bezala agertzen dira. Baina, kooperatibentzat arazo nagusia, lantoki guztietan krisia eragiten duen sistema kapitalista bera da.

Sistema kapitalistan, konpetentziaren eraginez egunero lantokiak itxi edo desagertzen dira. Monopolioek, multinazionalek, kapital finantzieroek, dena xurgatzen baitute. Itxiera eragozteko modua produkzioaren kostua jeistea edo produktibitatea igotzea da. Horrela, etekinen maila mantentzearen alde egiteak derrigorrez lan gehiago egitera bultzatzen du, lan berarengatik berdin ordaiduz. Enpresa kapitalista batean, langileriaren antolamenduak, sindikatuak, egoera honi aurre egiten dio eta lanaldia gehitzea eragozten du ala nagusiari kostako zaionagatik, honi merezi ez izatea borrokatzen du. Kooperatiban, egiaz langileriaren antolamenduaren independentzia desegiten da, zeren eta langileek ustez “nagusiak” dira, eta aldi berean, lan indarra. Honek, langileak beraien aurka “antolatzera” bultzatzen ditu, ez esplotazioari aurre egiteko, baizik, alderantziz, beraien aurkako esplotazioaren alde egiteko. Horregatik, lantoki hauetan, ohikoa da ikustea, lanaldiaren ia erabateko malgutasuna, ordaindutako asteburuko atsedenaldiaren haustura eta abar,. Zeren eta orain, langileei esaten zaie, “negozioa geurea da”. 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.