Orain dela aste batzuk Emakunderen urtebetetzea ospatu zen eta azken hiru hamarkadetan eman omen diren aurrrapausoetaz hitzegin ziguten. Ez dugu ukatuko aurrerapenik lortu ez denik baina dauzkagun hainbat eskubide paperean soilik geratzen dira.

Emakume langileek lortutako aurrerapen garrantzitsuak ez dira Emakunderen eskutik etorri, 70. hamarkadan hasitako lan eta gizarte eskubideen aldeko borroketatik baizik. Orduan lortu ziren adibidez abortuaren despenenalizazioa eta abortatzeko eskubidea. Hala ere, onartuta dauden eskubideak ere ez dira errespetatzen praktikan. Euskal Herriko emakumeen gehiengoak zentru pribatuetara joan behar izaten du abortatzeko, zeren zentru publikoetan gehiegi itxaron behar dute edo medikuek ezezkoa ematen diete. Hau lotsagarria da, emakume askok zailtasun ikaragarriak izaten dituzte abortatzeko. Mediku “objetore” hauen eskubideak emakumeenen aurretik jartzen dira, Nafarroan gertatzen den moduan, kasu honetan zentru pribatuetan ere ezin da abortatu eta emakumeek beste euskal probintziaren batera edo Zaragozara joan behar izaten dute abortatzera. Abortatzeko lege eraginkor bat behar da eta mediku askoren moral bikoitz horiekin amaitzea. Mediku hauek medikuntza negozio bat balitz bezala hartzen dute eta zentru publikoetan arrazoi moralengatik egiten ez dutena geroago zentru pribatuetan egiten dute diru truk.

 

Lan berdinarekin, soldata berdina 

 

Errebindikazio hau zaharra da, errebindikazio honek existitzen jarraitzeak bakarrik erakusten du langile mugimenduan ez dagoela berdintasunik. Eta Emakundek besterik esango badu ere horrelako desberdintasunak ez dira desagertuko sistema kapitalistak jarraitzen duen bitartean. Orain dela 40, 60 eta 70 urte emakume langileek gizonek baino %50 gutxiago kobratzen zuten; zifra hori gaur egun %27koa da EAEn. 200 urte itxaron beharko al ditugu benetako berdintasuna lortu dadin?

Kapitalismoak ezin du arazo larri hau konpondu, langileei ahal duen zuku guztia ateratzen die eta beharrezkoa du langile klasea zatitzea, nola? Gizonak eta emakumeak, euskaldunak eta atzerritarrak, gazteak eta zaharrak... Soldata eskala bikoitzak aspaldi geratu ziren urruti enpresetan, orain asko hirukoitzak, laukoitzak... dira azpikontratazioei esker. Guzti honengatik, emakume langileen borroka klaseko beste kideen borrokarekin elkartuta joan behar da.

 

Tratu txarrak emakumeen aurka

 

Milaka emakumek jasotzen dituzte tratu txarrak. Kapitalismopean ere emakumeen papera bigarren maila batean geratzen da, umeak izan eta zaindu, etxeko lanak... bitartean gizona arduratzen delarik kanpoko gauzetaz, lana adibidez. Emakumea gizonaren jabego bihurtzen da etxea eta haurrak bezala eta batzuek uste dute emakumearekin nahi dutena egin dezaketela. Ez da kasualitatea kasu gogorrenak  behe mailako familietan ematea. Kapitalismoaren presioak, lan falta, alkoholismoa... familietan sartzen dira gizon asko benetako munstroetan bihurtuz. Eta zer egiten du estatu burgesak? Kasurik onenean berdintasunaren legea bezalakoak onartzen ditu arazoei partxe bat jari nahirik. Lege hauek ez dute arazoa konpontzen. Adibidez, emakume asko kexatu dira segurtasun etxeen gabeziez: hilabete gutxi batzutan egon daitezke bertan eta ondoren kalera doaz. Eta asko, beste alternatibarik aurkitu ezinik, tratu txarrak eragiten zizkienarengana joan beharrean geratzen dira. Arazo hauei aurre egiteko neurri erradikalak hartu behar dira. Adibidez, hutsik dauden milaka etxe desjabetu espekulazioan dabiltzan enpresa handiei eta emakume hauei eman etxe horiek.

 

Sozialismoaren aldeko borroka

 

Emakume langileek borroka garrantzitsu asko zuzendu dituzte eta zuzenduko dituzte baina zapalkuntza bikoitza jasotzen jarraitzen dute: lanpostuan eta etxean. Dena errazagoa litzateke jangela, haurtzaindegi, garbitegi... publiko doakoak egongo balira. Baina kapitalismoari ez zaio hori interesatzen, pribatizazioak eta gizarte gastuen murrizketak bultzatzen ditu. Horregatik, emakume langilearen berdintasunaren aldeko borroka kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotuta dago, sozialismoaren aldeko borrokarekin hain zuzen.