Garai haietako Europako etorkinak, AEBtara bizi hobe baten helburuarekin joaten zirenak, zapalkuntza europarretik kapitalismo gazte estatubatuarraren hatzaparretara pasatzen ziren. Behargin estatubatuarrak eta etorkin ingelesak izan ziren langileen artean lanegun murritzago baten aldeko borroka zabaltzen hasi zirenak. Hau ez zen kasualitatea, Ingalaterran dagoeneko martxan zegoen borrokaren islada zen.
Manufaktura industriaren garapena, makinen hobekuntza eta batez ere langile masa handien kontzentrazioa Iparekialdeko Estatuetan, egoera bikaina zen lan baldintza hobeen aldeko borrokaren ideiak aurrera eramateko. Modu honetan hasi ziren lehenengo greba mugimenduak, aurrena Filadelfiako arotzena, 1827an, eta laster mobilizazioak beste langile sektoreetara zabaldu ziren. Grafiketako, beiragintzako eta eraikuntzako langileak lan jardunaldiaren murrizketa erreibindikatzen hasi ziren, eta 15 sindikatuk Filadelfiako “Mechanics Union of Trade Associations” eratu zuten. Ulergarria denez, Filadelfiako langileen borroka ereduak beldur handia sortu zuen industria jabeetan, beste hiri eta sektore askotan (trenbideetako eta portuetako langileak, mekanikoak, errotariak...) jarraitua izan baitzen borroka. 1874ean, Massachusettsko Estatuak 10 orduko lan eguna ezarri zuen ume eta emakumeentzat, antolatzen eta abiatzen ziren grebak tamaina handikoak izaten jarraitzen zuten bitartean. 1877ko ekainean, trenbideen jabeek soldatak %10 jaitsiko zirela iragarri zieten langileei, zeren enpresak “dirua galtzen ari ziren”. Hau izan zen langileen pazientziarekin bukatu zuena, edalontziak gainezka egiteko behar zuen ur tanta. 1873tik, langileen soldatak %25 murriztu ziren nagusien irabaziak salbatzearren. Greba Pittsburghen piztu zen eta bi astetan bakarrik 17 Estatutara zabaldu zen. Kapitalismo estatubatuarrak ordurarte ezagutu zuen mugimendurik handiena zen.
Trenbideen jabeek gobernuak ejertzitoa mobilizatzea lortu zuten grebalariei aurre egiteko. Baina langileak ez ziren kikildu, 8 orduko lanegunaren aldeko borroka uzteko asmorik ez zuten, eta ondorioz soldaduen eta langileen arteko borroka biolentoak eman ziren. Marylanden 10 langile hil ziren ejertzitoari aurre egitean. Pittsburghen, langileek harrikadaka hartu zituzten militarrak, ondoren bertako tren geltokia asaltatu zuten eta bertan 120 lokomotora suntsitu eta 1.600 bagoi erre zituzten. Readingen, langileek soldaduen konpainia bat desarmatu zuten eta hauetako soldadu asko langileekin adiskidetzen hasi zirenean errefortzuko tropak agertu ziren ustekabean. Hainbat militar eta langilek galdu zuten bizia. Saint Louisen sortu zen mugimendurik indartsuenetakoa langileak hobeto baitzeuden antolatuta, grebak lanbide eta langile guztiak hartu zituen eta horrela hiri osoa beren eskuetan geratu zen. Ekintza garrantzitsuak egin zituzten, Mississippi ibaiaren zubiak moztuz 8 egunez sindikatuak izan ziren dendak eta fabrikak administratu eta beren legeak ezarri zituztenak. Horrela erakutsi zen langile klaseak duen indar ikaragarria. Azkenean, nahiz eta antolakuntza ona izan, nahikoa ez zela ikusi zen eta mugimendua biolentziaren bitartez erreprimitua suertatu zen.
Klaseko borrokak hazitzen jarraitzen zuen ordea eta burgesia talde zibil armatuak antolatzen hasi zen ondasunak babesteko. Hortik sortu ziren grebak hausten zituzten enpresak, langileen indarra handia zen fabriketarako kontratatzen zituzten hauen nagusiek. Baina nahiz eta langileen aurkako erasoak gero eta gogorragoak izan, mugimenduak indarra hartzen jarraitu zuen. 1881ean Pittsburghen American Federation of Labor (AFL) sortu zen (Lanaren Federazio Amerikarra). Langile klasearen organoa zen borrokarako eta bere lehen kongresuan 8 orduko lan eguna exijitu zuen lan publikoetarako. Bigarren kongresuan, AFLak adierazpen bat onartu zuen, Chicagoko ordezkariek aurkeztuta, 8 orduko lan eguna eskatzen zuena langile, lanbide, sexu eta adin guztientzat.
1886ko maiatzaren 1eko greba orokorraren prestakuntzak bi urte lehenago hasi ziren, 1884ko azaroan, Chicagon AFLren IV. kongresua ospatu zenean. Ordurako gainera langile kanadiarren indarrarekin kontatzen zuen. IV. kongresuan agintari sindikalen aldaketa nabaritzen zen, ezkerrerako bira eman baitzen, eta oinarri sozialaren eskaerei erantzunez, beren esperientzian oinarrituz eta Ingalaterrakoak bezalako garaipen internazionalen eredua jarraituz, 1886ko maiatzaren 1erako greba orokorra konbokatzea erabaki zuten (hau beheko mugimenduak babestua izan zen). Egun hori jarri zuten langileen eskaeren muga, eta nagusiek ez bazituzten betetzen, greba orokorra lehertuko zen. Eskaera nagusia 8 orduko lan eguna zen eta erakunde sindikal guztiei deia egiten zieten 1886ko maiatzaren 1etik aurrera behar zen toki guztietan eskaera hori errespetatuarazteko. Propaganda trinko bati esker, Chicagoko erabakiek presentzia handia hartu zuten langile klasean.
Herrialde guztian zehar, komiteak sortzen hasi ziren mugimendua prestatzeko. Hauen lanak mitinak, manifestazioak eta mobilizazioak antolatzea, prentsa komisiosk sortzea... ziren. Greba aurrera ateratzeko bidean periodikoak eta liburuxkak argitaratu zituzten, bertan nola antolatu behar zen azalduz. Beste hainbat gauzaren artean greba, paro eta batzarrak ere bultzatu ziren. Greba orokorraren eguna gerturatzen ari zen heinean sindikatuak modu izugarrian ari ziren hazitzen, batzuk hirokuiztu egin zuten kideen kopurua.
Azkenean heldu zen eguna, langileek bazekiten zein ziren egun horretarako hartu ziren erabakiak, GAURTIK AURRERA EZEIN LANGILEK EZ DU EGUNEKO 8 ORDU BAINO GEHIAGO LAN EGIN BEHAR. Langileen erantzuna berehalakoa izan zen, aldi berean greba iragarri zuten 5000 industriak eta 340.000 langilek beren lanpostuak utzi zituzten kaleak hartzeko eta beren eskaerak entzunarazteko. Mugimenduak garaipena lortu zuen langileen itxaropenak betez estatu gehienetan, 125.000 langilek 8 orduko laneguna egunean bertan lortu zuten, hilabetearen bukaerarako 200.000 izan ziren gauza bera lortu zutenak, eta urtea bukatzerako, milioi bat langile ziren irabazleak. AEBetan ez zen sekula maila horretako mugimendurik garatu. Guzti honek urduritasun handia sortu burgesiarengan eta industrien jabeetan, iraultza gertu ikusten zuten eta gainera mobilizazio horiek Amerikako beste herrialdeetara zabaldu ziren.
Chicagoko gertakizunak
Chiacagoko esplotazio baldintzak okerrenak zirenez, hiri honetako gertaerek desberdintasunak izan zituzten. Eskaera berdinak eta lan egunaren murrizketa exijitzen zituen 80.000 langileko mobilizazio batek Chicago guztiko kaleak gerarazi zituen. Ez ziren ordea denak kalera atera. Chicagoko McCormick fabrika izan zen mugimenduan parte hartu ez zuenetako bat. Burgesiak antolatutako taldeak, greba haustaileak, ziren horren arduradun. Honen aurrean grebalariek manifestazio bat konbokatu zuten fabrikaren aurrean eta ondorioz eskirolen eta langileen arteko borroka ekidin ezina bihurtu zen. Indar polizialek egoera hori baliatu zuten langileen kontra balazko tiroak botatzen hasteko. Batzuk hil eta besteak zauritu egin zituzten eta atxilotutako buruzagiak sententziatuak eta exekutatuak izan ziren.
Gertakizun hauengatik ospatzen da maiatzaren lehen eguna, langile klasearen borroka adoretsua gogoratzeko eta bultzatzeko. Mugimendu garrantzitsu honek erakutsi zuen langileak elkartzen direnean etsaia garaitzen dela. Eredu moduan hartu behar ditugu borroka hauek, langile klasearen eskubideak defendatzen jarraitzeko eta ekoizteko indarrak langileen eskuetan jartzeko.