Prekarietatea sistema kapitalistaren ondorio zuzena da, akordio sozialekin bukatuko ez den tumorea, soilik borroka iraultzaileak ezaba dezakeena.

Mundu osoan gertatzen den bezala, Euskal Herriko langile klasea ere sistema kapitalistaren krisi organiko eta estrukturalaren ondorioak jasaten ari da. Marxek orain dela 150 urte esan zuen moduan, ekoizteko modu baten bizitasuna ekoizteko indarrak garatzearen gaitasunari lotuta dago, eta une hauetan kapitalismoa gainbeheran aurkitzen da prekarietatea bezalako gaitzak sortuz. Herrialde “aurreratuetan” ere ongizate estatua delakoak eman du berea: lan gero eta prekariogoak, lan baldintza gero eta kaxkarragoak, pribatizazioak, azpikontratak, lan ordutegi malguak, lan erritmo azkarragoak, istripuak, heriotzak...

Langileen soldatak benetako inflazioaren azpitik igotzen diren bitartean enpresaburuen mozkinak gorantz doaz. Multinazional eta bankuen interesak defendatzen jarraitzen duten estatu burges hauek erreztasunak ematen dizkie enpresaburuei irabaziak handitzen jarraitzeko. Kaleratzeengatik enpresaburuek ordaindu behar dituzten kalte-ordainak asko jaitsi dira, kaleratzea gero eta merkeagoa da, eta horrela patronalak diru asko aurrezten du. Behin-behinekotasunaren arazoa ere ez da jaitsi nahiz eta hainbat erreforma aplikatu, are okerragoa, gora doa azken hilabeteotan. Bestalde,  90eko hamarkadako erreformek sustatutako kontratu ereduetan egiten dira iruzur gehien gaur egun eta zenbait kontratu, mugagabetzat jo arren, behin-behineko gisa erabiltzen ditu enpresaburuak, langilea bi urteren buruan kaleratuta.

Herrialde “aurreratuetako” hainbat zuzendaritza sindikal egoera tamalgarria dela esatera mugatzen dira, dirudienez ez dute ondoriorik ateratzen, eta nahiago dute enpresariak konbentzitzen jarraitu langileen baldintzak hobetzeko asmoarekin. Urteak daramatzate prekarietatea salatzen baina ez du ematen formularik onena hau denik. Fatalismo existentzial moduko batean kokatuz, sindikatu baten eginkizuna zein den ahazten dute: langile klasearen bizi eta lan baldintzak hobetzeko eta defendatzeko, langileak borrokarako antolatzea. “Eztabaida sozialean” konfidantza dute zintzoki; antolatu eta borrokara deitu langile prekarioak? Hori ez zaie burutik pasatzen. Langile mugimenduaren agintari erreformisten ezaugarria langileekiko duten konfidantza falta sistematikoa da. Baina beraientzat zoritxarrez, kasu zehatz batzuetan langileek ez dituzte beren aholkuak itxaroten eta mobilizatzen hasten dira burokraziaren erresistentzia puskatuz.

Azpikontratazioa enpresarien tresna onenetakoan bihurtu da azken urte hauetan mozkinak handitzeko, lan finkoaren partez lan prekarioa zabalduz eta langile mugimendua zatituz, horrela hau ahulduz eta lan baldintzak hondatzea erraztuz. Helburua ondo atera dadin, garrantzitsua da enpresa garrantzitsueneko langile mugimendua deuseztatzea. Hori politikoki lortzen da. Langile “arruntak” ez bezala, sindikalista enpresariarekin maiz dago kontaktuan hainbat gai jorratzeko eta horregatik bilera bakoitzean bonbardaketa ideologikora azpiratua dago. Enpresariak sindikalistaren kontzientzian “lehiakortasuna” eta “merkatua” bezalako puntuak sartu nahi ditu kostuak merketzeko helburuarekin, zeren bestela, enpresariak dioenez “konpetentziari ezingo diogu aurre egin, eta arriskuan jarriko dira enpresaren biziraupena eta langileen lanpostuak”.

Bonbardaketa ideologikoaren ondorioz eta, batez ere gauzak politikoki argi ez edukitzeagatik, arduradun sindikal gehiegik klaseko ikuspuntua galdu dute. Horrela, langileen interesen defentsarekiko duten ikuspegia, beren enpresako “beren” langileen interesetara mugatzen da. Enpresa handiren batean, sail sindikalek aurre-erretiroen gestoretzak ematen dute. Horregatik langileen murrizketetan kaltetuen baldintza ekonomikoak negoziatzera mugatzen dira, epe luzerako ondorio sozial eta sindikalak kontuan hartu gabe.

Prozesuak jarraitzen badu, lan prekarioak hazten joaten badira, enpresek langile mugimendua ahulduta eta banatuta ikusiz gero, erraztu egingo da oraindik dauzkagun eskubideen aurkako erasoa. Espainiako gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOOko burokratek onartutako azken lan erreforma lekuko. Ahuleziak erasoa gonbidatzen du. Langile mugimenduak historikoki aurrerantz egin du hain justu etsipenak alde batera uzteari esker, langileei ez zaie inoiz ezer oparitu, aurrerapen guztiak antolakuntza eta borrokarekin eskuratu dira. Ekintza sindikalaren irizpide nagusia langile klasearen indarretan sinistea izan behar da, paktu sozialek erakutsi baitigute zer eskeintzen duten. Borroka da prekarietatearekin bukatzeko modu bakarra, beharrezkoa delarik benetako aldaketa sozial bat.

Marxek esan zuen bezala “antolatu gabe, langile klasea ustiapenerako lehengaia besterik ez da”.

 

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.
Informazio gehiago Ados