Azken bi hamarkadetan zehar eta batez ere estalinismoaren erorketa eta gero, burgesiak, langile klaseak historian zehar lortutako eskubideen aurka egin du hauekin bukatzeko. Burgesiaren eraso hauek eraso ideologikoekin batera etorri dira, sozialismoarekin edo marxismoarekin zerikusia duen edozeren aurka.

Burgesiak neurri eta trikimailu ezberdin asko erabili ditu eta erabiltzen ditu bere irabaziak ahalik eta handienak izateko eta horrek langile klasearengan sortzen dituen efektuak gutxiarazteko. Horietako bat langileek eta lantegiek sortzen dituzten gastuak murriztea da; hau beharrezkoa dute merkatuan konpetentzia handia dagoenean. Sortutako merkantziaren prezioak jaitsi beharrean aurkitzen dira eta horrek produkzioaren kostea merkatzea suposatzen du langileen lanaldia handituz, lanaren antolaketa aldatuz, langileak kaleratuz eta teknologia berriak ipiniz,... Burgesiak erabiltzen duen beste trikimailu bat langileei eta hauen ordezkari batzuei egiten dieten txantai ideologikoa da; zenbat aldiz ez genuen entzungo "enpresagatik sakrifikatu behar gara" edo "enpresa hau guztiona da (eta irabaziak?)".

Azkenaldian "modan" jartzen ari den enpresarien aitzakia eta gobernuek inolako eragozpenik gabe onartzen dituztenak langileak kaleratu, aurrejubilatu eta milaka lanpostu ez berritzeko hauek dira: "konpetibitatea eta produktibitatea hobetzeko neurriak direla" eta gainera "egokipen plan ez traumatikoak (beraientzat ez behintzat)". Deslokalizazioak ere kalte izugarria egiten ari dira herrialde garatuetan, ehundaka mila lanpostu galduz. Ekonomiaren geldotzeak eta empresariek irabazi handiagoak eta merkatu gehiago lortzeko beren enpresak herrialde azpigaratuetara eramatea ekarri du, berriz ere gastuak murriztuz, lehenago zegoen esplotazioa handituz,... testuinguru horretan ipini behar dugu deslokalizazioaren fenomeno hau, kapitalismoa bezain zaharra dena. Kapitalistek ordea, ezin dituzte herrialde industrializatuetako fabrika guztiak itxi, herrialde hauek beraien merkatu eta esportazioen oinarrian aurkitzen direlako( munduko zerbitzu eta ongaien %80a baino gehiagoren elkartrukea beraien artean egiten da) eta lanaren produktibitatea handiagoa delako.

Deslokalizazioak izugarrizko txantaia dira herrialde industrializatuetako langileentzat, beraien soldatak jaitsi, lanaldia eta flexibilitatea areagotu, etab... egiteko saiakera zitalak ere baitira. Deslokalizazioaren mehatxua egiten duten enpresa gehienak ez dira galerak dituztelako, alderantziz, irabaziak dituzte baina are eta irabazi gehiago nahi dituzte. Herrialde industrializatuetako langileok ezin dugu onartu propaganda interesatu hori, zera dioena, gure lanpostu eta eskubideen mehatxua gure baldintza pribilegiatuengatik dela eta horri aurre egiteko beste herrialde batzuetako langileekin lehiatu beharko dugula, gure eskubideei uko eginez. 

Deslokalizazioei aurre egiteko modua ez da egiten dituzten errekorteak onartzea, hori alferrikako esperantzak edukitzea izango litzateke, egin behar dena denontzat baldintza duinak defendatuko dituen enpresarien aurkako borroka internazionalista bat da, gure herrialdetik hasia (hemen ere deslokalizatzen dute eta), eta kapitalistek fabrikak itxi eta jendea kalean uzteko duten boterea, hau da, merkatu libreko ekonomia zalantzan ipintzea. Azken adibide bat ipintzearren (beste asko baitaude), enpresariek, Erromatar imperioak erabili zuen estrategia bera erabiltzen dute, "divide et impera!", langile klasea zatitu eta horrela borrokak indar gutxiago izan dezan, baita langileak langileen aurka jar daitezen. Adibidez ikusi besterik ez dago edozein lantegitan dagoen banaketa, ofizialen mailak, zahar eta gazteak,...Hori enpresetan zerbait "normala" bezala ikusten da.

Beste banaketa era bat gizon eta emakumeen artekoa da, azken hiru hamarkadetan emakume asko eta asko hasi da soldatapeko lanean, baina gazteekin gertatzen den antzera, soldatapeko emakume langileek jaso dute langile klaseak jasotzen duen tarta zati txikiaren zatirik txikiena. Historikoki, kapitalistek emakumeak, haurrak eta etorkinak erabiltzen dituzte irabazi handiagoak lortzeko, alde batetik lan baldintza okerragoengatik eta bestetik langabetuen kopurua haziz langile erreserba hazten dute, langileen artean konpetentzia sortuz eta honek ondorio bezala soldaten jaitsiera dakar. Banaketaren azken adibide gisa, etorkinenganako sortu nahi digutena da. Batez ere ekonomiaren gelditze garaietan, ideologo eta komunikabide burgesek etorkinen aurka botatzen duten kaka ikaragarria da, bertakoei  lana kenduko digutela, delinkuentzia besterik ez dutela ekartzen,...eta horrelako mila astakeria, langileen banaketa, arrazismoa, beldurra eta amorrua sortzen duten hainbat eta hainbat gezur. Eta hain justu horretarako sortu zen giza arrazen teoria, itxura, hizkuntza edo erligio ezberdina zuten zapalduak ez batzeko, hori izan da eta da klase dominatzailearen arma boteretsuenetako bat, zapaldu, esplotatu eta baztertuak banatzea.

Guzti honi aurre egiteko, langile klaseak bere esperientzian oinarrituta, ikusirik arazoei banaka aurre egin baino bere lankideekin batuta aurre egitea eraginkorragoa zela, tresna izugarri bat sortzea lortu zuen, sindikatuak, langileek "ekoiztu" duten tresna baliotsuenetakoa.  Klaseko sindikatuak langileak batu eta arazoei aurre egiteko sortu ziren baina baita langileek klase kontzientzia har zezaten, nortzuk ziren eta beraien etsaia nor zen jakiteko. Bai Euskal Herrian eta bai mundu osoan langileak, sindikatuetan batuta izugarrizko borrokak eraman dituzte aurrera, langile klasearentzat lorpen handiak            

ekarriz baina benetako klaseko sindikatuen helburua oraindik eta haratago joatea izan beharko litzateke, sistema kapitalistarekin bukatzera, langileok jasaten dugun gaitz jasan ezin honekin amaitzera.

Horrek ez du esan nahi momentuko lorpenen aldeko borrokak utzi behar direnik, guztiz kontrakoa (egiten diren borroka guztiek ikasten eta kontzientzia lantzen laguntzen dute gainera), beharrezkoak dira, baina lehen esan bezala helburu nagusia sistema kapitalistarekin bukatzea izan behar du, sistema sozialista bategatik ordezkatzeko bestela beste hirurehun urte pasako ditu langile klaseak sufrimendu eta borroketatik atera gabe. Defendatzera jolastea, galtzeko formularik egokiena da, eta klaseko borroka honetan ez da ezberdin gertatzen, langileek lortutako eskubideetan atzerapenak ematen hasten bagara eta egin dezakegun gauzarik onena enpresariek egiten dituzten lan baldintzen errekorteak adostea bada, zail edukiko dugu onurak ekartzen. Langile klasearen borroka metodoak masen mobilizazioan daude oinarrituak; grebak, manifestazioak, lantokien okupazioak,...eta ez lantokiko edo gobernuko aulkian eserita, enpresari edo politikoekin berriketan.

Hainbatek dio langile klasea jada ez dela existitzen, langileen klase kontzientzia aspaldiko kontua dela, langileak "burgestu" egin direla eta ez dutela borrokatzen,... Teoria hauek guztiz faltsuak dira eta ez langileenganako sentimendu erromantiko eta begirune berezi eta ideologiko bategatik, langile klaseak sistema kapitalistako produkzioan duen paperagatik baizik. Langile klasea sistema kapitalista barruan sekula ez da burgestuko, beti egongo da burgesiarekin kontrajarria eta bizi duin bat nahi badu beti egongo da borrokatzera kondenatua, zeinak klaseko kontzientzia hartzen lagunduko dion. Langileek borrokatzen dutela ikusteko ez dago urrutira joan beharrik, Euskal Herrian bertan argi geratu da langileak borrokatzeko prest daudela beraien metodoak erabiliz, hor daude Estatu burges espainiarraren aurka ezker abertzaleak antolatutako greba, Osakidetzako langileena, Onena (Iruña), Ariznabarra erresidentzia (Gasteiz), Basauriko garbitzaileena, Guardian (Laudio),etab. luze batek jarrai dezakeena. Zer esanik ez Italian, Estatu frantziarrean, Egipton, Israelen, Mauritanian, eta beste abar luze baten egin diren milaka ta milaka langileko manifestaldi eta grebak. Sistema kapitalistak denboraldi batez soillik lasaitu dezake klaseen arteko borroka, langileen lan eta bizi baldintzak hobetuz eta hauen semeek egoera hobea izango dutela sinestaraziz, hori gertatu zen Europan Bigarren Mundu Gerra eta gero. Baina ergelkeria da orain, etorkizunean langileen lan eta bizi baldintzak hobetuz joango direla eta klaseen arteko borroka gutxituz joango dela sinestea, alderantziz, egungo lan baldintzek klaseen arteko borroka pizten laguntzen dute, jada ikusten ari garen bezala (mobilizazioak, polarizazioa,...).

 

Klaseko sindikalgintza iraultzaile baten alde

 

Lehen esan bezala, sindikatua, langile batek izan dezakeen lantresnarik garrantzitsuenetakoa da baina oker erabilitako lantresnarik onenak ere kalte handiak ekar diezazkiguke. Sindikatuak beharrezkoak dira eta argi ta garbi izan behar dugu, eurak gabe askoz egoera kaxkarragoan egongo ginatekela nahiz eta sindikatu batzuen zuzendaritzak egin behar denaren aurkakoa egin. Sindikatu batzuetako zuzendaritzek amore eman dute kapitalisten golpeak hartu ostean baina langile mugimenduak aurrera egin bazuen, amore eman ez zuelako izan zen, gauzak beti bezala izan zitezen onartu ez zuelako. Egungo egoerak ez du enpresariekin eztabaidarako astirik uzten, gaur egun behar dena, langileak borrokarako antolatuko dituen sindikalista da, langileen babesa bere ideia eta ekintzekin jasoko duena. Langileoi sekula ez digute ezer oparitu, lortutako dena antolaketa eta borrokaren bidez izan da eta hortarako behar lukete sindikatuek langile klasearen interesak defendatzeko, lantegietan ematen diren borrokak batu eta beste lantegi batzuetara zabaltzeko horrela presio handiagoa eginez, erabakiak hartzeko langileen partaidetza bultzatzeko, azken finean langileen kontzientzia, antolaketa eta borroka altxatzeko bestela Marx-ek zioen bezela " antolaketarik gabe, langile klasea explotaziorako lehengai hutsa besterik ez da".