Arlo denetan, baina, batez ere, ekonomian gauzak oker hasi ziren urte honetan eta urtea pasa ahala, gero eta zailago jartzen ari direla esan genezake. Burgesiaren adituek ere diotenez, ez omen da hilabete batzuetako kontua izango, krisia hainbat urtetan luzatuko da. Zapaltzaileen aurreikuspen hauek ez dute lasai egoteko tokirik uzten. 

Burgesiari, "inori" baino gehiago, komeni zaio krisi hau bukatzea, eta ez etxerik gabe, oporrik gabe edota hilabete bukaerara iritsi ezinik geldituko delako, irabaziak gutxitu eta, batez ere, kontrolpean duen gizarteak burgesiak hain maite duen sistema politiko eta ekonomikoa zalantzan ipini eta historiaren zaborrontzira jaurti dezakeelako baizik. Krisi honi aurre egiteko, burgesiaren eta bere txotxongilo diren gobernu ordezkarien asmoak eta egin beharrak argi eta garbi gelditu dira, bai hitzetan eta bai ekintzetan. Astoak begi aurrean ipintzen zaion azenarioari egiten dion kasu berbera egiten diete politikari sozialdemokrata erreformistek burgesiaren aginduei. Orain arte hartu den neurri bakar batek ere ez du balio izan behar gehien duten familien egoera hobetzeko, aldiz, langileoi bizi baliabideak "ematen" dizkiguten enpresario gaixo horientzat sekulako diru iturriak zabaldu dira, bai zerga beherapenekin, baina baita Estatuko diru publikotik aterata ere, hau da, milioika langileren poltsikoetatik.

Euskal burgesiak behin eta berriz esan du Euskal Herrian krisiaren eragina ez dela horrenbeste nabarituko, adreiluaren booma ez zelako horren handia izan. Ez dakigu zenbat izango den “horrenbeste” beraientzat, baina aski da datu gutxi batzuk ikustea hemen ere gauzak erabat oker doazela ohartzeko. Adibidez, bigarren hiruhilabetekoan kontratuen iraupenaren batez bestekoa 47 egunekoa izan omen da, INEren (Instituto Nacional de Estadistica) arabera aurtengo uztailean 2007koan baino %9,6 kontratu gutxiago egin dira, ETTen bidezko kontratazioak ugaritu egin dira... Egoera honek jendea noraezean uzten du ezin baita jakin biharko egunean zer gertatuko den. Kontratu "finko" batek ez du esan nahi lanik gabe gera ezin zaitezkeenik, baina hein batean segurtasun bat ematen du, kaleratzeko eta langileen eskubideak urratzeko "zailtasun" gehiago dituztelako. Hala ere, goiko datuek argi erakusten dute langileon gehiengoaren errealitatea bestelakoa dela. Dudarik ez da ETTak legez onartzea langileon eskubideen eta bizi baldintzen aurkako eraso bat izan zela, baina joan zen ekainaren 10ean Europar Batasuneko Lan ministroek onartu zuten proposamenak mende bat atzera garamatzate, 60 orduko lan astea eta guardiak dituztenentzat 65 ordukoa, horiek dira baztertu eta langileon alde hartzen dituzten neurriak.

Oraingoz, 60 orduko lan astearena ez da legeztatu, baina uda ondoren parlamentu europarrean erabakitzekoa da lege izatera pasatuko den edo ez. Neurri hau dirudiena baino okerragoa da, ez da 60 orduetan soilik gelditzen, onartzen bada, enpresariak langile bakoitzarekin negoziatu ahal izango du bere lanaldia, hitzarmen kolektibotik kanpo. Neurri honek lan harremanak indibidualizatu nahi ditu, hitzarmen kolektiboak hautsi, azken finean, langile klaseak izan dituen armarik onenak hondatu nahi dituzte, batasuna eta borroka!! Burgesiak ez du inongo lotsarik gezurra aurpegira bota eta lasai- lasai gelditzeko. Edozein langilek daki zer suposatzen duen lanaldiaren areagotzeak; lan istripu gehiago, gaixotasun fisiko eta psikiko gehiago, familia eta ingurukoekin harremanak okertu, aisialdirako denbora gutxi...Baina hau dena itsu batek ere ikusi arren Europar Komisioak neurri hau aurrerapauso izugarri bat bezala "ikusten" (horrela saldu nahi digute) du lan eta familia erlazioak batzeko.

Burgesia Kataluniarrak, berriz, zera dio, gure lanorduak finkatzeko eta gehiago ez izateko neurri bermatzaile bat dela. Espainiar gobernuak berriz aurka dagoela esan du, baina Lan Ministroa den Celestino Corbachok ez zuen neurri honen aurka bozkatu, abstenitu egin zen. Sindikatuetako zuzendaritzetatik ere ez da ezer garbirik atera, deklarazio batzuk, hitz gogor batzuk,... entzun dira, baina praktikan ez da ezer egin, ezta gauzarik oinarrizkoena ere: lantegietan zer nolako neurria den azaltzea. Badirudi sindikatuetako zuzendaritzak ez daudela eraso honek eskatzen duen mailan zeren horrelako erasoak zerbait historikoak dira eta ezin dira erantzun gabe utzi. Burgesia europarrak neurri hau atzera botatzeko modu bakarra Europako langileak batera mobilizatuta da, ez hitz eta diskurtso gogorrekin soilik.

Horregatik ezinbestekoa da burgesiarekin eta bere aliatuekin harreman guztiak haustea, hauekin kolaboratzen duena erabat aldenduta dago langile klaseak dituen bizi eta lan baldintzetatik edo bestela kapitalaren interesak defendatzen dituelako da. Greba orokor baterako deialdiak onarpen handia izango luke Europako langile klasearengan, ikusi besterik ez dago Europa osoan ematen ari diren greba eta mobilizazioak, beraien lan baldintzen defentsan, Italian, Suitzan, Frantzian, Danimarkan, Grezian, Portugalen, Alemanian eta beste hainbat eta hainbat herrialdetan. Burgesiaren komunikabideek hau ezkutatzeko lan bikaina egiten dute, baina horrek ez du gertatzen ez denik esan nahi. Adibidez, guztiok ohartu ginen suzi olinpikoarekin gertatu zenaz baina telebistan, irratian eta prentsan ez da agertu Grezian dagoeneko hiru greba orokor egin dituztenik jubilatzeko adina handitzearen aurka. Noski, horrelako borrokek Europa mailan eragina izan dezakete eta hori ez zaie komeni.

Europako gobernu gehienak eskuinekoak izatea ez da langile klasearen ahultasunagatik, sozialdemokrata eta erreformisten porrotengatik baizik. Bizi ditugun baldintzen aurrean (prekarietatea, langabezia, eros ahalmena,...) erreformistek eskaintzen duten alternatiba ez da eskuineko gobernuek eskaintzen dutenaren oso ezberdina, baina azpitik mugitzen ari dena sumendiko magmaren antzera, oso bestelakoa da, langileen borrokarako beharra eta gogoa. Espainiar estatuan, CEOEren datuen arabera, lehen hiruhilabetekoan grebatan "galdutako" orduak %70 gehitu ziren. Nahikoa indar eta gogo dago inposatu nahi diguten 60 orduko neurri hori atzera botatzeko, horregatik beharrezkoa da zuzendaritza sindikalek lehenbailehen greba orokorra antolatzea, europar langile guztiok batera kalera ateraz.

Burgesiak garbi dauka krisi honen ondorioak ordaintzea nori tokatzen zaion eta hori lotsagabe adierazten dute. Adibidez, Enpresarien Zirkuluak zioen "se necesitan medidas liberalizadoras entre las que figuran un mercado de trabajo más flexible, reestructuración del coste del despido, fomento de la contratación a tiempo parcial y salarios vinculados a la productividad". Ez dira horrekin gustura gelditzen eta alderdi eta sindikatuetako zuzendari erreformistak ez bezala hauek argi daukate gauzak nola egin behar diren: "las reformas enunciadas ayudaran a salir de la crisis y solo pueden alcanzarse si el Gobierno actua, PUESTO QUE LA EXPERIENCIA HA DEMOSTRADO QUE ESTE TIPO DE CAMBIOS NO SE PACTA EN EL PROCESO DE DIALOGO SOCIAL". Garbi ikusten da burgesia ez dela jolasean eta berriketan ibiltzen gauzak oker doazenean, beraz, hitz hauetatik zer ikasi asko dago. Lehen esan dugun bezala, lotsagabe esaten dute krisi hau nork ordaindu behar duen, baina hitz hauek zinismoaren gailurrean esertzen dira, lehenik Claudio Boada Zirkuluko lehendakariak sakrifizioak eskatzen dizkigu langileoi ekonomiaren gainbeherako une hauetan eta bere lagun Fernando Egidazuk honela jarraitzen du: "Es terrible ganar menos y perder poder adquisitivo, pero mas terrible es perder el empleo", "esta crisis la vamos a pagar todos". Hitz horietan ironia eta prepotentzia besterik ez dago, ikaragarria da bai gutxiago irabaztea baina ez 5 milioi gutxiago irabaztea 100 irabazten dituen batentzat, bizi duin bat izateko ere eskubiderik ez duten milioika eta milioika langile eta bazterturentzat baizik.

Datozen gertaerak ezer egin gabe pasatzen uzten baditugu krisia ez dugu denok ordainduko Egidazu jaunak dioen bezala, orain arte burgesiaren zama bizkar gainean eraman duen langile klasea izango da berriz ere burgesiaren oinen azpian belauniko eutsiko diona krisiari. Beraz, langile klaseak guzti honen aurrean bi aukera besterik ez ditu; burgesiaren esklabo izanez jasaten ari den eta etorriko diren era guztietako erasoekin jasan edota mundu guztiko langileak batuko dituen klaseko alderdi  iraultzaile eta demokratiko baten alde egin, hori baita sistema kapitalista honek langile klaseari jarri dizkion kateak hausteko lan tresnarik baliotsuena. SOZIALISMOA  ALA BASAKERIA!!! 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.