Azken hilabeteetan komunikabide ezberdinetan mundu mailako krisi ekonomikoari buruz entzun, ikusi edo irakurtzen ari garen albisteak ikaragarri nahaspilatsuak izan daitezke; zerga fiskalak, inflazioa, akzioak, finantza sistema,...etab luze bat, baina edonork daki gauzak ez doazela batere ondo hainbeste fabrika itxiera, kaleratze, etabekin, are gehiago nork bere larruan edo gertu bizi badu.

Behin eta berriz ari zaizkigute esaten krisia eskrupulu gabeko bankari eta merkatuaren kontrol faltagatik dela, baina arrazonamendu hauek, beraiek hain maite duten sistema kapitalista erruduntzat ez hartzeko aitzakiak besterik ez dira. Munduan bizi dugun egoeraren errudun eta arduradun bakarrak sistema kapitalista defendatzen duten burgesia eta politikari burges eta erreformistak dira (politikarien ia %100), horiek dira sistema honen hezur-haragizko ordezkariak eta kapitalismoa posible egiten dutenak.

Klase borroka Estatu Batuetan

Krisi honek zenbateko sakontasuna duen ikusteko datu batzuk nahikoa izango dira, are gehiago munduko herrialderik aurreratuenekoak badira. Azken datu ofizialen arabera (Census Bureau) Estatu Batuetako biztanleen %12,5 pobreziaren mugaren azpitik bizi da, honek 37,3 milioi pertsona suposatzen ditu horietako 13,3 milioi haurrak direlarik. Gainera agiri honek zera dio, datu hauek langabezia igoera, inflazioa edo krisi inmobiliarioa ez dutela kontutan hartzen, "gauzak zenbaki hauek erakusten dutena baino okerragoak direla" onartuz. Langabezia ere ikaragarri hazi da, langabetuen tasa ofiziala % 6,1koa da, 9,4 milioi pertsonakoa!

Hauek datu ofizialak dira, baina errealitatea beste bat da. Datu hauek ez dituzte paperik gabeko etorkinak kontuan hartzen, nekazal langileak ere ez, ezta “aktiboki” lana bilatzeari utzi eta "amore eman" duten 1,6 milioi langabetuak ere. Biztanleen sektorerik kaltetuenak emakumeak (ama ezkongabeen %33a dago langabezian) eta gazteak dira. Washington DC,  New York, Detroit edo Chicago bezalako hirietan gazte langabetuak %80 dira! Dudarik ez da honek denak ondorioak dakartzala eta adierazgarri dira Detroit Edison elektrizitate konpainiak emandako datuak; ez ordaintzearren egindako argi mozketak %56 hazi dira eta beraien bost bezerotatik batek fakturaren bat zor du.

Hau dena sistema kapitalista aurreratuen dagoen herrialdean gertatzen ari da gobernua eta erreserba federala banku, aseguru etxe eta enpresei milaka milioi dolar oparitzen ari zaizkielarik, langile eta langabetuen poltsikotik ateratakoak noski. Baina guzti honek beste aurpegi bat dauka eta aurpegi hori lehen datuetan aipatu dugun jendearena da. Komunikabideek ordea krisi honen alde bat besterik ez dute erakusten: banku, inmobiliaria eta fabriken itxierak, hartu diren neurriak justifikatzeko noski "beste biderik ez" omen dagoela esanez.

Baina kontrako aldean krisi honen zama daramaten milioika gazte eta langile daude. Munduko punta batetik bestera informazioa heltzeko zentesima gutxi batzuk nahikoa diren garai hauetan ez gaituzte informatu Estatu Batuetan eman diren mobilizazioez, ezta munduko beste hainbatez ere. Esan izan digute hango jendea bolatokietan edo espaziora begira bizi dela, baina beti esan dugun bezala masek esperientziaren bidez ikasten dute eta bizi izaten ari garen gertakizunek bestelako ondorioak ateratzera eramango ditu mundu guztiko langile eta zapalduak.

AEBetako Gobernuak bankuei 750.000 milioi dolarreko oparia ematea onartu zenean hainbat hiritan sindikatuek manifestazioak antolatu zituzten. New Yorken mila ekintzaile sindikal baino gehiago bildu ziren Wall Street inguruan beraien mespretxua adierazteko. Deialdia oso bizkor egin zuten azpitik sentitzen zuten presioaren ondorio bezala. Kontzentrazio hau hasi zenean, inork antolatu gabeko beste bat zegoen bi mila pertsona ingurukoa, hauen lema nagusia hau zelarik: "zuek hautsi duzue, zuek ordainduko duzue”. Azkenean kontzentrazioa manifestazio bihurtu zen eta poliziak bidea ireki behar izan zien. Gobernu estatubatuarrak hartu dituen neurrien aurkako ekintzen beste adibide bat votenobailout.org  webgunea da, sindikalista batzuk jarri zuten martxan eta neurri horien aurka sinadurak biltzeko da. 24 ordu baino lehenago 100.000 sinadura batu zituzten eta hurrengo egunean 750.000 zeramatzaten.

Estatu batuetan ematen ari diren mobilizazioez azken adibide bat jartzeko auzokideen mugimenduek eta sindikatuek sortu duten taldea da, Moratorium Now Coalition. Talde honek etxeetatik bota nahi dituztenen epaia bi urtez atzeratzeko eskatzen du, baita Wall Street erreskatatzeko erabiliko den dirua gastu sozialetarako erabiltzeko ere. Mugimendu hau nazio mailan antolatu da eta kontzentrazio eta protestez aparte etxe kaleraketetan piketeak antolatzen dituzte. Nahiko adibide garbiak dira inperialismoaren kabian zer ernatzen ari den ikusteko eta krisi ekonomiko, politiko eta sozialaren bateratzeak klaseen arteko borroka indartzeko balioko du.

Krisia Euskal Herrian?

Munduko herrialdeen arteko ekonomia zein lotuta dagoen ikusteko aukera ederra izan dugu, Estatu Batuetan burtsak erortzen hasi bezain pronto Ingalaterrako, Alemaniako, Japoniako... burtsak ere maldan behera abiatu ziren. Euskal Herriko egoera ere larritzekoa da, behin eta berriz jardun dute Ibarretxek, Urkulluk eta konpainiak esaten hemen ez dela krisia hainbeste nabarituko adreiluaren espekulazioa ez delako horren handia izan eta egitura industrial solido eta gogor bat "daukagulako". Hori egiten dute hauek "ondo", hitz egin. Jasaten ari garen krisia ez da soilik krisi finantziero eta inmobiliarioa, sistema kapitalistak bere-berea duen gain-produkzio krisia da oinarria. Merkatu askeko ekonomian (sistema kapitalistan) ekoizpena anarkikoa da, ez da gizartearen beharren arabera ekoizten, horregatik ematen dira gain-produkzio krisiak.

Ekoizpen baliabideen jabego pribatua da munduko biztanleon bi herenak miseria gorrira kondenatzen gaituena. Nola uler daiteke bestela munduan 6.000 milioi biztanle izan eta 12.000 milioi biztanlerentzat beste elikagai ekoiztuz horrenbeste jende gosez hiltzen egotea? Edo hainbeste etxe hutsik izanik, berri nahiz zahar, hainbeste gazte eta familia okupatzen, gurasoekin edota kale gorrian egotea? Beste mila kasu jar genitzake.

Orain, gauzak oker doazen garaian, urteetan zehar langileok lanaren bidez sortzen dugun gainbalioarekin (plusbalia) aberastu diren bankari, enpresari eta parasito guzti horiek beraien negozioen administratzaile diren politikariei neurriak hartzeko eskatzen dabiltza eta egia esan ez dute ahotsik altxa beharrik izan hauek "amen" esateko. PNVk, euskal burgesiaren ordezkari politikoak, gustura eman dizkiete enpresariei era guztietako laguntzak: zerga beherapenak, diru laguntzak, lege mesedegarriak,... hori bai, ez bere poltsikotik, milaka eta milaka langilek zerga bidez Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari ordaindutako dirutik baizik.

Lehen esan bezala, PNVk eta euskal patronalak aho handiarekin esaten zuten hemen krisia ez zela horrenbeste nabarituko, baina aurreikuspen horiek erabat baliogabetuta gelditu dira lehen aipatu bezala, mundu guztiko ekonomia erabat lotuta baitdago eta gurea ez da salbuespena. Nola da posible munduko ekonomi potentziak atzeratze ekonomikoan sartzea eta haien apurretatik bizi diren ekonomiek ez nabaritzea? Beste behin ere gezurra, baina esperientziak hitzek eta gezurrek baino gehiago erakusten dute eta jendea ez da inozoa nahiz eta batzuk ala uste. Ia jende guztiaren ahotan dabil "ez dakit non fabrika itxi dutela", "ez dakit zenbat kaleratu dituztela", "ezin dut lanik bilatu",.... eta honelako mila esaldi eta nahiz eta jendeak unibertsitatean ez ikasi oso ondo daki guzti horren atzean gauza onik ez dagoela.

Langileon mesedetarako neurri bakar bat ere ez dute hartu, alderantziz, enpresei erraztasun guztiak ematen dizkiete langileok ahalik eta gehien esplotatzeko lan-erritmo altuagoekin, ordutegi flexiboekin,... Beste behin ere argi gelditzen ari da norentzat egiten duten lan beraien burua "herriaren ordezkaritzat" duten horiek. Ezin dugu espero eta ezin gara zain egon PNVk eta Eusko Jaurlaritzako beste alderdi burges eta erreformistek gure arazoak konpontzeko. Beharrezkoa da langile mugimendua antolatzea eta soilik beragan konfidantza izatea, hau izango baita langileen eskubideen alde borrokatuko duen bakarra.

Dagoeneko hasiak gara mobilizazioak ikusten, adibidez Irungo Egokiko langileak lau hilabete kobratu gabe egon ondoren enpresak erregulazio espediente bat ireki nahi du eta 120 langile kaleratu. Urriaren 31an manifestatu ziren 500 pertsona gutxi gora-behera eta ez ziren bakarrak izan, Gruas Jasoko langileak ere egun berean manifestatu ziren Beasainen hauei ere espediente bat ireki nahi dietelako. Hau hasiera besterik ez da, seguruenik datozen hilabeteetan horrelako mobilizazio asko ikusiko ditugu bai Euskal Herri mailan, bai Estatu mailan eta baita Europa eta mundu mailan ere. Nahitaezkoa da langileok antolaturik egotea sindikatuetan eta fabrika ezberdinetako borrokak ahalik eta gehien bateratzea guztion artean etsai berdina (burgesia eta Estatua) gogorrago kolpatzeko, hori da langileoi gelditzen zaigun bide bakarra, greba eta mobilizazio bidez, antolatu eta borrokatu. GARAIPENA GEUREA DA!!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.