Gorostidi enpresako langilea: “Sindikatuek langileok antolatu behar gaituzte, fabrikan bertan nahiz kanpoan eta borroka handiago baterako prestatu, greba orokor baterako”

Gero eta jende gehiagorentzat krisia errealitate gordin bihurtzen ari da eta sasijakintsu edo interesatu batzuen “aurreikuspenez” haratago, datozen hilabete eta urteak ere ez dira batere samurrak izango. Ezkerreko erreformisten ahoetatik lasaitasuna, paktuak behar direla eta krisia kapitalistek ordaintzea utopia hutsa soilik ez dela dioten bitartean burgesiaren ordezkarietako batek zera zioen: “a cargar las pilas que viene un año duro!”.

Burgesiak ondo daki krisi garaiek zer nolako gertaerak ekar ditzaketen eta horretarako prestatzen ari da, langile klasearen ordezkarien hitzak baino urrutirago begiratzen du, badakielako momentu jakin batean langile klaseak bere ordezkariak gainetik pasa ditzakeela, bere zuzendariak baino iraultzaileagoak bihur daitezkeela eta, orduan, beste neurri batzuk hartu beharko dituztela.

Ez dira kasualitateak izan adibidez  Grezian eta Italian egon diren greba orokorrak, langile eta ikasleek azpitik egindako presioaren produktu izan dira, euren zuzendaritzak greba orokorra antolatzera bultzatuz. Euskal Herrian oraindik ez da langileen mobilizazio erraldoirik eman, hemen ere badirudi  zuzendaritza gehienen “taktika”, negoziatzaile onak bilatu eta enpresari ergela engainatzea dela. Baina hori harriei hizketan egitea bezalakoa da. Ikusi dezakegu giza historiako klase arteko borrokarik ez dela sekula negoziazio bidez konpondu, borrokan baizik eta posible da hemen ere, Italian eta Grezian bezala, langile klasearen presioaren ondorioz zuzendaritzak greba orokor bat antolatzera bultzatzea. Arazoaren oinarrian ez dago enpresari hau edo hura, ez, kapitalismoa eta lege horiek (zerga fiskalak, patrimonio zergak, ERE-ak, banku eta enpresentzat laguntzak… lege guztiak ) egiten dituzten politikariak eta defendatzen dituen Estatu aparatua baizik. Eta bizi ditugun kaleratze, ERE, deslokalizazio, etab.en aurkako borrokak lantegiz lantegi egitea zulodun sare batekin arrantzan egitea bezalakoa da, bat edo beste irabaztea lortu daiteke (eta ez da txarra), baina gehiengoa zulotik eroriko da. Beharrezkoa da sarea josita egotea ganorazko arrainik atera nahi bada.

Euskal Herria Sozialistak ERE bat aurkeztu duten, baina oraindik ezer garbirik ez dakiten, Gorostidi S.A-ko langile bat elkarrizketatu du. Bertan papera egiteko erabiltzen diren makinak egiten dituzte. Enpresatik jasan ditzakeen mehatxu eta presioak ekiditeko bere izena ez azaltzea erabaki du.

Euskal Herria Sozialista: Zein izan da zure ustez ERE-a aurkezteko arrazoia?                                                             

 

Langilea: Oinarrizko arrazoia hainbat eta hainbat enpresari egiten ari den bezala, krisi egoera aprobetxatuz, irabazi handiagoak edukitzeko “garbiketa” bat dela iruditzen zait. Udaran esan ziguten 2009ko eskaera kopurua beteta zutela, uztailean 200 bat langile geunden lanean, 160 finko, 22 azpikontratatu eta 18 aldi-baterako. Baina irailean azpikontratako langileak kalera bidali zituzten lana gutxitu omen zelako. Azaroan, orain arte ez bezala, oporrak aurten hartzeko eskatu ziguten eta, gainera, aldi baterako zeuden 18 langileak kaleratuak izan ziren. Gauzak erabat okertzen zeuden susmoa hartu genuen eta hori gutxi balitz azaro bukaeran zera esan ziguten, galerak zituztela eta soldata osoa ordaintzeko dirurik ez zutenez falta zen soldataren erdia 15 egun beranduago ordainduko zigutela. Abenduak 22an kobratzen genuen paga extra ez ziguten ordaindu eta gainera ERE-a aurkeztu ziguten, zuzendaritzako 19 lagun izan ezik beste plantila

osoa 3 hilabetetarako kaleratuz. Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatuko ziotela ere esan ziguten.

 

E.H.S: ERE-a aurkeztu zenetik zer egin duzue?

 

Langilea: Hasiera batean sindikatuek ERE-a aztertu behar zela esan zuten eta, bitartean, ezin zitekeela ezer egin. Aztertu ondoren enpresak aurkeztutako auditorian agertzen ziren zifrek izugarrizko galerak zeudela zioten, baina, noski, auditoria enpresak ordaindutako beste enpresa edo gestoria batek egiten du eta denok dakigu nola funtzionatzen duten gestoria horiek, jaten ematen dien eskuari ez diote hozka egiten. Aldiz, langileok auditoria egiteko enpresaren baimena behar dugu eta hori ez zaie komeni. Bigarren bilera orokorra izan zen, langile guztiona eta bertan adostu zena zera izan zen, ELA gehiengoaren sindikatua izanik (ELAk 6 delegatu, LABek 2 eta USOk 1) bere prozedimendua eramango zuela eta beste sindikatuek nahi bazuten berarekin elkartzeko, hori bai, erabaki guztiak langileen batzarretan erabakiko zirela ere esan zuten. Adostu zen beste puntua izan zen, bideragarritasun plan bat aurkeztu arte ez zela ERE-rik onartuko. Abenduaren 27an zen biltzekoa komitea enpresarekin eta dakidan azken gauza da enpresak 15 egun eskatu dituela bideragarritasun plan hori aurkezteko.

 

E.H.S: Ematen ari diren kaleratze, fabrika itxiera eta ERE hauek guztiak geldiarazteko zer uste duzu egin beharko litzatekeela?

 

Langilea: Oso garrantzitsua iruditzen zait, lehenik eta behin, edozein fabrikatako gatazka kalera ateratzea, herritarrak informatzea gertatzen ari denaz, ez baitira kasu isolatuak. Kasu isolatuak ez direnez,  uste dut beharrezkoa dela gatazkak dauden fabriketako langileak batzea, bai eskualde mailan, bai probintzi mailan… denon artean indar handiagoa daukagulako. Lanpostu asko eta asko ari dira galtzen, kaleratzeak merkatzen eta dena hain maite duten sistema kapitalistarekin jarraitzeko. Nire ustez, sindikatuek langileen interesak soilik defendatu beharko lituzkete, enpresarien interesei jaramonik egin gabe, horiek badute nork zainduko dituen. Sindikatuek langileok antolatu behar gaituzte, fabrikan bertan nahiz kanpoan eta borroka handiago baterako prestatu, greba orokor baterako. Lagun batek zera zihoen: “Los trabajadores como clase nos forjamos en la lucha y en los tajos… no en los despachos!!”

Euskal Herria Sozialista aldizkariko kideok gure elkartasun osoa eta laguntza eskaini nahi diegu Gorostidi S.A-ko langileei. Eraso hau (eta berdin denak) ez da soilik langile hauen aurka, baita Tolosaldeako eta Euskal Herriko gazte guztientzat ere, gaur suntsituko diren lanpostuak ezingo baititu gero beste gazte batek okupatu. Enpresaren asmo hauek garaitu daitezke Gorostidi S.A-ko langileak eskualdeko beste fabriketako langileekin elkartuz eta Tolosaldeko biztanleriaren babesa irabaziz. GORA LANGILEEN BATASUNA ETA BORROKA!!!  

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.