EREen aurka eta lanpostu guztien defentsan GREBA OROKORRA !!

Azken 16 urteetan, enpresariek eta bankuek eskandaluzko etekinak izan dituzte, aldiz, langileentzat prekarietatea handitu egin da, erosteko ahalmena galdu egin dugu, kaleratzea merkatu egin dute, lantokietan presioa areagotu egin da eta borroka handiekin lortu genituen eskubideak kendu egin dizkigute. Esperientziak argi erakutsi digu enpresariek eta bankuek poltsikoratzen dutena langileek ez dutela hartzen.

Orain, ekonomia kapitalista inoiz bizi izan ez dugun krisi sakon batean sartzen ari da. Munduko gobernu guztiak (Obamak, Zapaterok, Sarkozyk, Ibarretxek...) bankuei eta enpresariei ematen ari zaizkien diru laguntza izugarriek ez dutela krisia konpontzeko balio ikusten dugu. Hori bai, administrazioen zorra ikaragarri handitzen ari dira “beste irteerarik ez dagoela” esaten diguten bitartean. Gezurtiak! Diru publiko hau guztia lanpostuak mantentzeko erabili beharko litzateke eta ez bankuei laguntzeko.

Confebask euskal enpresarien elkarteak eta CEOEk, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Madrilgo Gobernuari EREak onartzeko, langile finkoak aldi-baterakoengatik ordezkatzeko kontratuak gehiago malgutzeko eta enpresei diru gehiago eman diezaieten eskatzen jarraitzen dute. Langileok, ordea, ez daukagu munduko eta lantokietako krisiaren ardurarik. Beraz, krisiaren ondorio kaltegarriak langileriak ordaintzeko arrazoi bakar bat ere ez dago. Langileok eta gure familiek bizi ahal izateko lan egin besterik ez daukagu eta ez dugu lantoki bat ixtea edo langilerik kaleratzea onartu behar.

Orain, enpresariek EREekin etekinen tasa mantendu nahi dute. Langileen aurkako ERE kopurua handitzen ari da Euskal Herrian eta honek klaseko borrokaren handitzea ekarriko du nahitaez. Azken asteetan ikusi dugu langileen mobilizazioak eta parte hartzea handitu egin direla EREen aurkako borroketan. Baina garrantzitsua da ikustea ERE hauek ezin direla lantokiz lantoki soilik borroka eginez gelditu. Horregatik, kapitalisten aurkako erantzun onena EREak dituzten lantokietako langileen borroka elkartzea da, lanpostuen eta lan baldintza duinen alde langile klase osoaren batasuna bultzatuz.

Sindikatuetako zuzendaritzek 24 orduko GREBA OROKORRA deitu beharko lukete berehala patronalaren ofentsibaren aurka. Greba orokorrak, azken finean, gizarte kapitalista gerarazteko boterea langile klasearen eskuetan dagoela frogatzen du, eta langileen baimenik gabe lantegiek, garraiobideek, hezkuntzak eta ospitaleek ez luketela funtzionatuko erakusten du. Hor aurkitzen da langile klasearen indarra, gogoratuz langileek gaur egun duten kopurua eta indarra historian inoiz izan dutena baino handiagoa dela. Greba orokorra da kapitalisten eta patronalaren erasoen aurkako pausorik garrantzitsuena. 

     

Bide bakarra langileen borroka da

Agerian geratu da azken urteetan mundu osoko sindikatu gehienek erabilitako “paktuen politikak” zein ondorio ekarri dituen. Lan baldintzek okerrera egin dute erabat. Langileok borroka egingo duten sindikatuak behar ditugu eta ez kapitalismoari eta patronalari salduta dauden agintari sindikal erreformista ustelak. Mundu osoan zehar, behar-beharrezkoa da sindikatuak sortu ziren helbururako berreskuratzea, langileria defendatzeko eta munduko kapitalismoaren krisiaren testuinguru honetan enpresarien ofentsibari aurre egiteko.

Langileen parte-hartzea eta borroka bultzatzea da garaipena lortzeko bide bakarra eta sindikatuek erabateko ardura dute lan honetan. Beharrezkoa da administrazioei zuzendutako mobilizazioak antolatzea EREak eta lantokien itxierak onartu ez ditzaten. Langile klasearen mobilizazio masiboen presioak soilik lor dezake administrazio ezberdinek EREak ez onartzea. JASOko langileen borrokak lortu zuen adibidez Gipuzkoako Foru Aldundiak langileen kaleratzea atzera botatzea, ez beste ezerk. 

Fabrika bakoitzeko gatazka kalera eramatea ere oinarrizkoa da. Langile klase osora zuzendu behar da borroka bakoitza, elkartasuna eta laguntza lortu asmoz. Gatazkan dauden fabriketako langileek pikete informatiboak sortuz, borrokaren inguruko milaka eskuorri industria guneetan banatuz, beste enpresetako komiteekin bilduz eta asanblada informatiboak antolatuz, posible eta beharrezkoa da langile klasera zabaltzea lanpostuen defentsaren borroka. Elkartasuna bultzatzea oinarrizkoa da, langileak borrokan elkartuta soilik lortu baitezakegu guztiontzat lan baldintza duinak eta lanpostu guztiak mantentzea.

Pauso garrantzitsua eta beharrezkoa litzateke arazoak dituzten lantokietako langileen borroka elkartzea.  Bide honetan, garrantzitsua izan zen Nafarroan EREak dituzten fabriketako komiteek antolatu zuten manifestazio bateratua. Hori da bidea. Borrokak ez dira fabrikaz fabrika zatitu behar, helburuak langile guztien borroka batzea izan behar du. Eta helburu hau bultzatzeko aurrerapauso onena 24 orduko GREBA OROKORRA antolatzea eta konbokatzea da. Honek, gobernuentzat  eta enpresentzat presio handia izateaz gain, langileek borrokarako konfiantza eta indarra hartzeko balioko luke. Horri diote beldurra Gobernuek eta patronalek, langileen borroka orokor eta bateratu bati, kontrolatu ezinezko mugimendu indartsu bati. 

Lanpostu guztiak mantentzearen borrokak izan behar du ardatz nagusia. Ezin dugu onartu langile bakar baten kaleratzerik. Dudarik gabe, krisi ekonomikoa sakona eta larria da, baina enpresariei ez diegu utzi behar honetaz balia daitezen kaleratzeak egiteko. Administrazioak presionatzeko gainera, beharrezkoa da, kaleratze masiboak eta itxierak iragarri dituzten lantokien nazionalizazioa eskatzea. Bankuen nazionalizazioekin ikusi da Gobernuek ahalmena badutela edozein enpresa nazionalizatzeko. Baina kasu honetan gehitu behar da ez dela nahikoa enpresa nazionalizatzea, beharrezkoa dela nazionalizatutako enpresa langileen kontrolpean jartzea lanpostu guztiak mantenduz.

Neurri honetako errebindikazioak defendatzeko eta borroka antolatzeko guztion parte-hartzea behar da. Ez da posible enpresetako komiteek eta zuzendaritza sindikalek langileen bizkarrera erabakiak hartzea. Langileen asanbladak izan behar dute proposamenak egin eta bozkatzeko guneak. Asanblada hauek berreskuratu behar dira fabrika guztietan, langileen batasuna lortzeko eta demokratikoki borrokarako planak onartzeko. Langileen batasuna asanblada hauen bidez eta gainontzeko langileei eta sindikatuei modu ez baztertzailean zuzenduz lortu daiteke. 

Gatazkan dauden fabriketan borroka komite bat, greba komite bat, fabrika komitea (nahi den izenarekin deitu) antolatu behar da asanbladak erabakitakoa aurrera eramateko.

Garrantzitsua da komite honetako ordezkariak fabrikako langileak izatea, enpresa komitekoak izan edo ez, langile guztiek ezagutuak, demokratikoki aukeratuak eta edozein unetan asanbladak aldatuak izan daitezkeenak.

Borroka hau, gure etorkizunaren aldeko borroka da. Bizitza eta lan duin baterako eskubidea dugu eta nazkatuta gaude prekarietateaz, langabeziaz eta esplotazioaz. Enpresariei esplotatuak izateko ez garela bizi erakutsiko diegu. Ez gara erabili eta botatzeko langileak.

Kaleratze eta ERErik ez! Lanpostu guztien defentsa! 

 

Krisian dauden lantokien nazionalizazioa langileen kontrolpean!

 

GREBA OROKORRA !