Bi langileen erailketaren ostean, Mitsubishiko langile sutsuek fabrika okupatzen jarraitzen dute Herri-Kontseiluen babesa dutelarik.
MMC Automotriz SA ( Mitsubishi) lantegiko langileen ordezkarien esanetan, Anzoateguiko Poliziak tirokatuta bi langile hil izana gaur arratsaldean, aldez aurretik prestatutako ekintza patronal-judizial-polizialaren ondorioa da eta interes patronal eta transnazionalak langile borroka kriminalizatzeko ezartzen ari diren joeraren baitan kokatzen da.
Felix Martinez, MMC Automotrizeko sindikatuko idazkari nagusiak adierazi duenez, poliziaren jarrera langileak nola edo hala aterarazteko zehazki bideratutakoa iruditzen zaie, Diana Vasquez Epaile Betearazleak ziurtatu zuen bezala. Ondorioa, tirokatuta hildako bi langile eta hainbat zauritu izan ziren, Alexander Garcia zaurituak bularrean du bala zauria.
Langileek polizien armek deskargatutako kartutxoak jaso zituzten lurretik eta zuzendaritza sindikalak bildutako kopurua ikaragarria dela adierazi du. Aldi berean, azpimarratu nahi izan dute langileek ateratze aginduari muzin egin eta guztiz neurrigabeko erantzuna jaso zutela, transnazionalaren zerbitzura dagoen soldatapeko hiltzaile baten ekintzaren parekoa izan zen
Kanporatze agindua Lehen Instantziako Henry Gobian Diettrich (telefonoz egindako adierazpenean ulertu zen bezala idatzirik) epaileak eman zuen eta betearaztea arestian aipaturiko epailearen eskuetan geratu zen, Manuel Ortizen gidaritzapean zeuden polizien laguntzaz.
Felix Martinez sindikatu-buruak lan gatazka honen aurrekariak azaldu zituen: MMC Automotriz (Mitsubishi)- rentzat eserlekuak egiten dituen Macusa kontratistak 135 langile kaleratu zituen nahiz eta hauek kanporatuak ez izateko hitzarmena zuten. Mitsubishik ez du aitortzen langile hauekin duen lan harremana.
Sindikatuak dio, Anzoategiko lan saileko agintariek ez ziotela arazo honi zein beste batzuei soluzio biderik ematen eta hori ikusita langileek fabrika okupatzea erabaki zutela aldeen arteko elkarrizketa eman zedin.
Kexu dira enpresak sistematikoki hausten dituelako hitzarmen kolektiboak eta segurtasun, higiene eta lan osasunerako arauak ez betetzeagatik hezur-giharretako lan gaixotasunak dituzten langileak daudelako. Enpresak ez baitu bertan egiten den lan motaren ondorioz pairatu daitezken gaixotasunak saihesteko inbertsiorik egin nahi.
Poliziaren ekintza basatia eta kriminala izan bazen ere, patronalak eta bere errepresio indarrek ez zuten langileak kanporatzea lortu eta orain, eraildako lankideak direla eta suminduta eta haserre, erabaki handiagoz dihardute borrokan. Oraingoz, polizia nahiko erretiratua dagoela diote eta fabrika bertako zein beste enpresetako langileez inguratuta dago, baita beren babesa eta elkartasuna adierazten dieten bizilagun eta herri-batzordeez.
Buruzagitza sindikalak adierazi duenez, langileek bere horretan jarraituko dute errudunak aurkitu eta justizia egiten den arte eta langileen eta hauen sindikatuaren eskaerei irtenbidea bilatzeko prest dagoen seinalea emateko exijitzen diote enpresari. Anzoateguiko eta estatu osoko langile mugimenduko buruzagiei deialdia luzatzen diete borrokalariak erailtzen dituzten Estatuaren hiltzaileak geldiarazteko. Anzoateguiko poliziak esku hartzea eskatzen dute.
Bestalde, azaldu dute argi eta garbi bereizten dituztela Estatuaren erakundeetatik patronalaren alde jarduten duten faktore patronala eta langileentzako gobernu bolivariarrak eta prozesu iraultzaileak duten esanahia. Eta horrelako egoerek ez dituztela langileen lorpenak mantentzearen aldeko Konstituzioaren Osoko zuzenketan baiezkoa ematera kikilduko, baina ziurtatu dutenez, Mitsubishi lantokia ez dute irekiko benetako justizia bermatu eta gertaera lazgarrien arduradun zein egileak zigortu arte.
Sindikatuaren ustetan, langileen aurkako konplot enpresarial-judizial-polizial bat dago. Bertako bozeramaileak gogorarazi zuenez automotriz enpresak, General Motors esaterako, estatu kolpe ezberdinetan ibili izan da, Allenderen estatu kolpean kasu ( Chile 1973) eta Venezuelan ere joera bera dute nahiz eta gobernuaren politikak haiei on egin. Azkenik Rafal Vegas estatu- idazkariak eginiko adierazpenekin ez zeudela batere ados azaldu zuen, honek langileen eta poliziaren arteko “liskarraz” hitz egin baitzuen eta langileen esanetan ez zen inondik inora horrela izan, erasoa aldebakarrekoa, poliziaren aldekoa izan zen. Horrelako adierazpenek ez diotela gobernuak aldarrikatzen duen langileen aldeko jarrerari onik egiten uste dute.
Guardia Nazionalak bertaratu behar izan zuen poliziak alde egin eta erasoak amaitu zitezen.