Krisiari aurre egiteko, pasa den abendutik Donostiako langile talde bat ekimen interesgarri hau antolatzen ibili da. Nolako ekimena den eta zergatik antolatu duten kontatzen digute elkarrizketa honetan.
Euskal Herria Sozialista- Herria kalera! ekimena, zer da?
Asteartero Herria kalera- Langile talde bat gara. Denbora bat daramagu hitzaldiak eta mahai inguruak antolatzen, beti ere, langileen ikuspuntutik. Ideia afari batean sortu zen, elkarte batean afaltzen ari ginen eta krisiari buruz hitz egiten. Krisiari aurre egiteko zer egin genezakeen hitz egiten hasi ginen orduan. Herritarrak eta langileak protagonista diren dinamika sortzea da gure helburua edo gure filosofia.
EHS- Zein helburu dituzue Herria kalera! Ekimenarekin?
AHK- Gure helburua krisiari erantzunak ematea ahalbidetzea da. Izan ere, krisia ez da ziklikoa, sistemaren baitakoa baizik. Gure ustez garrantzitsua da herritarren eta langileen ikuspuntutik alternatibak planteatzea. Era berean, langileen eta herritarren parte-hartzearekin, gure ekarpen txikia egin nahi dugu: langileak kontzientziatu eta antolatu nahi ditugu, eta baita herritarrak ere, baina eurek egingo dute, euren proposamenekin.
EHS- Zergatik ekimen hau?
AHK- Arduratuta geunden. Krisiari buruz asko hitz egiten da, baina ez genuen kalean erantzunik ikusten. Alegia, ustezko ardura orokor horren aurrean ez genuen erantzunik ikusten. Ez genuen ikusten sindikatuak eta ezkerreko jendeak mobilizazioak deitzen zituztenik. Horregatik, langileei aukera bat ematea erabaki genuen. Oinarrizko langileei (sindikatuetara afiliatuak edo afiliatu gabekoak, edota beste elkarteren bateko kide diren edo ez direnei) aukera bat eman nahi genien hitzordu bat izateko, toki batean asanblada bat, astean ordubetez. Bertan, kapitalari buruzko beren hausnarketak, proposamenak... adierazi ditzakete.
EHS- Noiz eta non hasi zineten Herria kalera! ekimenarekin?
AHK- 2008ko Abenduaren 9an hasi zen Donostian. Askatasunaren Etorbideko 21. zenbakian, Banco Gipuzcoanoaren aurrean,19:00etatik 19:45era biltzen gara.
EHS- Astero nolako ekitaldia burutzen duzue?
AHK- Sarrera gisa, krisi ekonomikoari buruzko albisteak proiektatzen ditugu pantaila handi batean. Ondoren, pantaila berean, ekimenaren leloa jartzen dugu, Herria Kalera! Antolatzaileen azalpena izaten da gero. Ekimenaren zergatia eta zenbat denboraz mantenduko dugun azaltzen dugu (2009ko martxora arte). Azalpenean, gainera, aintzat hartzen ditugu, bizi dugun gizarte testuingurua: EREak, krisi finantziero-enpresariala, erreskatatze operazioak…. Aldarrikapenak egiteko eta elkartzeko toki eta hitzordu iraunkorrak eskaintzea da helburua. Gauzen egoerari buruz euren kritika azaldu nahi duten herritar kontzienteei zabaldutako deia da (ez siglei). Botere ekonomiko eta politiko nagusiak hartzen ari diren neurrien aurrean, ekimen honek, “gure interesen aldeko alternatiba globala” eskaini nahi du. Gero asanbladan krisian dagoen langile batek hitz egiten du. Aurretik, langileen egoerari buruzko datuak jasotzen ditugu antolatzaileek eta pantailan islatzen ditugu. Parte-hartzailek euren iritziak bota dituzte. Ekarpen horiek, gainera, erreferentzia gisa balioko dute, gainontzeko asanbladatan gauzak hobetzeko. Ondoren aldarrikapen bideoa dator, krisiaren aurkako aldarrikapenak eta munduko hainbat tokitako adibideak. Ekitaldiaren bukaeran, datorren astearterako gonbita luzatu eta Forjariak abestia kantatzen dugu (abestiaren hitzak pantailan egoten dira).
EHS- Zein laguntza izan duzue sindikatuen eta gizarte mugimenduen aldetik?
AHK- Zenbait gizarte mugimendu eta sindikatu guregana hurbildu dira, hauetako batzuk gurekin batera parte hartzen egon badira ere beti era pertsonalean edo siglarik gabe egin dute, eskatutako moduan. Sindikatuek arazoetan zeuden enpresako langileekin kontaktuan jartzen lagundu digute.
EHS- Krisiaren aurka langileak mobilizatzea zer garrantzi du?
AHK- Gobernuek hartutako neurrien eraginaz haratago, enpresa krisia gogortasunez aurrerantz joango den heinean, eraginak pairatuko dituzten herri klaseen haserre orokorra areagotu egingo da. Langabeziari, prekarietate gehiagori, pobreziari eta abar luze bati edukiko zaion beldurra dela eta, jarrera indibidualista inhibitzaile edo insolidarioetarako joerak (“salba dadila ahal duenak”) areagotu daitezke, bai eta jarrera oldarkor/bortitzak ere (jarrera xenofoboak, homofoboak, arrazistak, faxistak...). Baina, balizko jarrera irrazional horiei muga jartzeko ardura hartzen badugu, testuinguru hau herri langilearen kontzientzia, batasuna eta bere klase interesen aldeko borrokarako grina piztuz alda daiteke. Hitz batean: nahi ez dugun etorkizuneko banaketa zatiketa
eta langileriak bere barruan eta bere buruarekiko erabil dezakeen indarkeria horri aurre egin diezaiokegu, klase gisa gure kohesioa berpiztuko duten ekintza bateratuak
eginez.
EHS- EREak, kaleratzeak...dituzten lantokietako langileak gonbidatu dituzue, zergatik?
AHK- Hauek dira krisiaren eragina pairatzen ari diren lehenengoak eta beraz beraiei sostengua, hitza eta laguntza ematea garrantzitsua zen. Batez ere, bakarrik ez daudela eta beste langile batzuen laguntza dutela erakutsi nahi genien.
Langileak protagonista izatea nahi genuen. Krisian dauden enpresen berri izaten dugunean aukeratzen ditugu: ezagunen bidez, egunkarien bidez, sindikatuen bidez... izaten dugu horien berri. Ondoren, haiekin kontaktatzen ahalegintzen gara. Ez da zaila, izan ere, enpresa asko daude krisi egoeran egun, zoritxarrez. Asko daukagu aukeratzeko. Donostialdeko hainbat enpresatako langileen hitza dugu dagoeneko datozen astearteetarako.
EHS- Zein da lantoki hauen egoera? Zer esaten dute langileek?
AHK- Egoera oso anitzak dira, hilabeteak greban daramatzaten langileetatik, ERE ezberdinak ezarri dizkietenetatik pasa eta enpresa egun batetik bestera itxi behar dutenak egon dira. Hauetako batzuetan enpresariek eramandako jarrera zatitzailea oso argia zen. Langile talde kontzientziatuenak banatu, EREak onartzera behartu edota enpresa nahita erortzen utzi adibidez.
Lantoki gehienetan borroka bateratu bat egiteko saiakerak egon dira, baina batzuetan ondo ateratzen da eta beste batzuetan ez. Borrokak kontingentzia borrokak dira hala ere, lanpostuak ez galdu, egoera mantentzea etab. Hala ere, ikusi da borroka bateratua egin den kasuetan langileen borroka onuragarriagoa izan dela langileen interesentzako.
EHS- Zein garrantzi ematen diozue arazoak dituzten lantokiak borrokan elkartzeari?
AHK- Dinamika bateratuak garatzea oso garrantzitsua ikusten dugu. Arazoak dituzten lantegiko langileak batuz indar handiagoa lortzen da. Alde batetik, langileak borrokan bakarrik ez daudela ikusten dute eta era berean beraien aldarrikapenak aurrera eramateko indar gehiago dutela ikusten dute. Klase identitatearen berreraikitzen ari garela sentitzen dugu talde ezberdinen arteko hartu eman horiek gertatu direnean.
EHS- Ba al daude greba orokorra deitzeko baldintzak?
AHK- Dudarik ez dago greba orokor bat egiteko baldintzak badaudela, egoeraren larritasunak hori adierazten digu, baina zuhurtziaz jokatu beharra dago. Egoera larria bada ere lehenago langileengan borrokarako grina piztu beharra dago eta greba orokor batek ondorengo pauso batzuk ekarriko dituela ziurtatu. Hau da, greba orokorrak indar metaketa baterako balio behar du. Langileen bere erreferentziazko erakunde politikoak, sindikalak edo sozialak edozein direla ere batera borrokan gauza gehiago lortuko dituztela sinetsi behar dute. Beste zentzu batean egingo litzatekeen greba orokorrak langileen interesentzako kontrajarria izan liteke. Horregatik bide horretan lan egiteko interesa azaltzen dugu, baina inoiz baino gehiago zuhurtziaz jokatzea beharrezkoa da.